Koronabirusa

Hego Euskal Herrian birusaren transmisioa gora doala ohartarazi dute

Sagarduik jakinarazi du ZIUan egon dela 5 eta 9 urte bitarteko ume bat. Indurainek dio Nafarroan «motel» ari direla ugaritzen kutsatzeak

Edurne Begiristain.
2021eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Asteak dira Euskal Herri osoan izurriaren aurkako prebentzio neurriak arindu zirela, eta, azken asteotan, sumatzen ari da gorako joera bat badela positiboen intzidentzia tasa metatuan. Hego Euskal Herriari dagokionez, positiboen hamalau eguneko batezbestekoari begira, kurbak apurka-apurka gorako joera hartua duela ikusten da argi. Hori hala izanik, osasun agintariek prebentzio neurriei eusteko deia egin diete herritarrei.

Bereziki kezkatuta mintzatu zen atzo Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua,pandemiaren bilakaerak goranzko bidean jarraitzen duela ohartarazita. Izan ere, azken hamalau eguneko positiboen intzidentzia tasa metatuan gorako joera txiki bat atzeman daiteke: aste hasieran 86 zen, eta orain, 90. Eusko Legebiltzarrean izan zen atzo Sagardui, bere departamentuaren aurrekontuaren berri emateko, eta bertan jakinarazi zuen izurriaren bilakaerari buruzko informazioa ere. Azpimarratu zuenez, COVID-19ak «ahulenak eta gazteenak» kutsatzen ditu orain, eta horren adierazle da eman zuen datua: azken egunotan 5 eta 9 urte bitarteko ume bat ZIU zainketa intentsiboetako unitatean egon da gaitzak jota.

Birusaren transmisioa handituz doan arren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun sistema ez dago tenkatuta. Hain zuzen ere, Sagarduik emandako datuen arabera, 80 pertsona daude erietxeetako gela arruntetan gaitzarekin, eta beste 25 ZIUetan, larri. Osakidetzak astelehenean eman zituen azkenekoz ospitaleei buruzko datuak, eta orduan 86 pertsona zeuden erietxeratuta gela arruntetan, eta beste 26 ZIUetan. Hala eta guztiz ere, arretarako deia egin zuen Osasun sailburuak: «Nahiz eta osasun sistemaren gaineko presioa ez den handia, birus honek jendea erietxeetara eramaten jarraitzen du, baita ZIUetara ere». Gainera, gogorarazi zuen astero egoten direla birusarekin lotutako heriotzak.

COVID-19aren aurkako txertoa giltzarri izaten ari da birusa hesitzeko. Horiek hala, oraindik txerto hori hartu ez dutenei dei egin zien Sagarduik, lehenbailehen har dezaten.

Nafarroan, igoera apalagoa

Nafarroan ere gehitu egin dira kutsatzeak azken egunetan, baina osasun agintariek azpimarratu dute igoera «motela» dela eta «intentsitate apaleko» egoera batean gertatzen ari dela. Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak argi utzi zuen atzo Osasunbideak lanean jarraitzen duela kutsatzeak detektatzeko, horiek bakartzeko eta agerraldiak identifikatzeko, eta, gainera, gobernuak adi erreparatzen diola ospitaleen gaineko presioari.

Horri dagokionez, zehaztu zuen gaitzak erietxeetan hartuak dituen oheen kopurua «ohikoaren» barruan dagoela, eta ZIUetako okupazioa «apala» dela, %5ekoa. Jakinarazi zuenez, azken bi asteotan hiru pertsona zuzenean joan dira larrialdietatik ZIUra, eta hirurek hartu gabe zutela COVID-19aren aurkako txertoa.

Azken datuen arabera, 60 positibo detektatu dituzte Nafarroan, eta positibo tasa %3 da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.