Irlandarrak dira nagusi

Sam Bennettek erraz irabazi du Espainiako Vueltako hirugarren etapa, eta Jon Aberasturi laugarren izan da. Nicolas Rochek jarraitzen du lider

Irlandarrak dira nagusi.
Julen Etxeberria.
2019ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Nairo Quintanak (Movistar) Espainiako Vueltako lehen esprinta izan behar zuena zapuztu zuen herenegun. Atzo, ordea, esprinterren taldeak adi egon ziren, eta helburua bete zuten: hirugarren etapako garaipena azken metroetan erabakitzea. Bada, Sam Bennett (Bora) izan zen azkarrena Alacanten (Herrialde Katalanak). Irlandarrak erraz irabazi zuen, Edward Theuns (Trek) eta Luka Mezgecen (Mitchelton) aurretik. Haien atzetik iritsi zen Jon Aberasturi (Caja Rural), oso lan ona eginez. Fernando Gaviria (UAE), aldiz, ez zen lehiatu, atzean geratu baitzen azken kilometroetan.

Irlandar bat garaile, eta beste irlandar bat lider. Izan ere, sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan lehen postuetan, eta Nicolas Rochek (Sunweb) eutsi egiten dio maillot gorriari. Bi kolonbiar ditu atzetik, Quintana eta Rigoberto Uran (Education First), bi eta zortzi segundora, hurrenez hurren. 22ra dago, berriz, Mikel Nieve leitzarra (Mitchelton), laugarren.

Esprintaz gain, eguneko ihesaldia ere izan zuen etapak. Hector Saezek (Euskadi-Murias), Angel Madrazok eta Diego Rubiok (Burgos) etapa hasi eta segituan egin zuten aurrera. Sei minutu pasatxoren aldea izan zuten, baina tropelak harrapatu egin zituen helmugarako 37 kilometro inguru falta zirela.

Gaur laugarren etapa dute, Cullera eta El Puig artekoa (Herrialde Katalanak), 175,5 kilometrokoa. Oronet hirugarren mailako mendatea igoko dute, ia sei kilometrokoa eta %4,5eko pendizekoa. Helmugatik urrun dago, 50 kilometro pasatxora. Itxuraz, egun aproposa da esprinterrentzat eta etapa ehiztarientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.