Irango itunaren albo kalteak

AEBek akordio nuklearra gehiago ez babesteko erabakiari jarraituz, Trumpek zigorrak iragarri ditu Teheranekin negozioak egiten segitu nahi duten enpresa eta norbanakoentzat. Konpainiak babesteko moduen bila ari da Europa, baina zaila izango da mehatxuaren zama gainditzea.

Ivan Santamaria.
2018ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Lurrikara diplomatikoa piztu duAEBak Iranekin sinatutako akordio nuklearretik ateratzeko erabakiak. Donald Trump presidenteak mehatxua egina zuen kanpainan, eta bete egin du. Ekialde Hurbileko tentsio giroa igotzetik aparte, ondorio ekonomiko zehatzak izango ditu. Washingtonek Teheranen aurkako zigor politikari ekingo dio berriro, itunari eutsi nahi dioten Europako Batasuneko gobernuen etsigarri.

Estrategia horren helmuga Iran ekonomikoki itotzea da. Hori lortzeko, Trumpek mundu osoko konpainiak ditu jopuntuan: negozioak eten egingo ditu, edo zigortu, isunak jarrita edo AEBetan finantzaketa lortzeko bideak itxita. Orain, zera Europako agintarien buruhaustea: mehatxuari nola erantzun adostea.

Egia da akordio nuklearra sinatzeak harreman komertzialak berpiztu dituela, bereziki Europaren eta Iranen artean. Kontinente zaharretik egindako esportazioak %67 handitu dira azken bi urteetan, eta inportazioak hamar aldiz biderkatu dira. 20.000 milioi euroko trukeak daude gaur egun. Hobekuntza horri ñabardura batzuk egin behar zaizkio: gaur egungo merkataritza 2011. urtean zegoenaren pare dago. Hau da, berreskuratu da programa nuklearrari lotutako zigorren aurretik zegoen egoera. Europa Iranen laugarren bazkidea da, baina, kontrara, Iran EBren 30. bazkidea da: bloketik kanpo egiten diren esportazioen %0,6 dira soilik.

Itunak interes handia piztu zuen konpainia askorentzat; Iran 80 milioi biztanleko merkatu erakargarria da. Petrolio eta gas erreserba handiak ditu, eta nazioarteko enpresen lankidetza nahi izan du erreserba horiek ustiatzeko. Hortik aparte, garatu beharreko sektore asko ditu, eta ezinbesteko zaio azpiegitura ugari eguneratzea. Ez da ohikoa egun batetik bestera horrelako abagunea zabaltzea mundu globalizatuan. Europako multinazional ugarik azkar itxi zituzten elkarlan horretarako oinarriak jarri behar zituzten tratuak. AEBetan, erantzuna apalagoa izan da. Kontuan hartu behar da Obamaren administrazioak bertan behera utzi zituela programa nuklearrari lotutako zigorrak, baina, hortik aparte, Irango Gobernuaren beste jarduera batzuk Washingtonen jopuntuan jarraitzen zutela.

Frantziak apustu indartsua egin du merkatuan bidea irekitzeko fronte ezberdinetan. Total energia konpainiak akordio zabala egin zuen, 4.000 milioi eurotik gorakoa, South Pars gas gordailuaren ustiaketa garatzeko. Peugeot-Citroen eta Renault autogileek akordio batzuk sinatu dituzte lantegi berriak zabaltzeko edo daudenak handitzeko. Alemaniako Daimlerrek ere inbertsioa iragarri du autogintza sektorean, oraingo honetan kamioiak ekoizteko, eta Siemensek negozioak jarri ditu martxan trenbide garraioan. Halaber, Airbusek 100 hegazkin saltzeko kontratua itxi zuen.

Proiektu horiek guztiak ez dira berehala gauzatu. Konpainiek tentuz garatu dituzte oraindik ere Iranen egin beharreko inbertsioak. Airbusek, esaterako, hiru hegazkin soilik bidali ditu herrialde horretara, eta haietako bi leasing zerbitzuan. Enpresei ez zaie erraza izaten ari finantzaketa eskuratzea, eta Irango burokraziak eta ekonomiak berak ez du aldaketa azkarrik ahalbidetu. Beste ezer baino gehiago, konfiantza seinale baten modura interpretatu dira lehenbiziko lankidetza akordio horiek. Orain, urruntzen ari dira tratu horiekin guztiekin aurrera egiteko aukerak.

Mehatxu zuzena enpresei

AEBen erabakia oso argia izan da; berriro abiaraziko dituzte akordioaren aurretik zeuden zigorrak. Horrek esan nahi du Iranekin tratuak dituzten konpainiek eta norbanakoek zigor ekonomikoak izango dituztela. Mehatxu hori ez da AEBetara mugatzen, mundu osora baizik. Beste era batera esanda: Trumpen gobernuak bere botere ekonomiko guztia jarri du Teheranen kontrako estrategia berriaren zerbitzura.

Washingtonek bi epemuga jarri ditu. Abuztuaren 6an hasiko da dolarretan, urrean eta hainbat metaletan, hegazkinetan eta autogintzan negozioak egiteko debekua. Hiru hilabete geroago, azaroaren 4an, Irango finantza eta petrolio industrien kontrako debekuak ezarriko dira. Ordutik aurrera, berriro jarriko dira martxan akordioa sinatu baino lehen zeuden zigor guztiak.

Europako Batasunak, Txinak eta Errusiak eutsi egin nahi diote Iranekin sinatutakoari. Programa nuklearra bertan behera uztearen truke, zigor ekonomikoak alde batera geratu ziren, eta, horri jarraituz, berriro ere Iranekin tratuak egiteko aukera ireki zitzaien enpresei. Berebiziko garrantzia aitortu zaio lankidetza komertzial hori indartzeari, ituna finkatzeko elementu ezinbesteko gisa.

«Irani saldu nahi dizkioten gauza askok AEBetako teknologia dute, eta lizentzia horiek ez zaizkie onartuko», aurreratu zuen John Bolton Trumpen segurtasun aholkulariak, erabakia jakinarazi eta gutxira. Horrek esan nahi du administrazioak EBko konpainiak zigortzea ere aurreikusten duela.

Praktikan, Europako agintariei gustatu edo ez, AEBek bidezidor asko dituzte zigor horiek aurrera eramateko. Konpainia indartsu gehienek negozioak dituzte Atlantikoaren bi aldeetan, eta ez dituzte arriskatuko hasi besterik ez den harreman baten truke. Hori gutxi balitz, edozein urrats asko zailduko du finantzaketa aukera gehienak dolarretan edo AEBetan presentzia handia duten banku eta finantza erakundeen bidez egiteak, nahi izanda ere.

Jendaurrean gutxik esaten dutena onartu berri du Siemens konpainiako presidente eta zuzendari nagusiak, Joe Kaeserrek, CNN telebista katean emandako elkarrizketan: ez dute kontratu gehiagorik egingo Iranekin. «Konpainia globala gara. Interesak eta baloreak ditugu, eta bien arteko oreka bilatu behar dugu», onartu du. Siemensen jarrerak islatzen du nola dagoen kontua. Siemens Irani hiru gas turbina saltzekotan dabil, baina oso kopuru txikia da konpainiaren salmenta orokorretan. Aldiz, taldeak AEBetan salmenten %20 egiten ditu, eta 55.000 langile dauzka «Sistema politiko baten nagusitasuna dago», justifikatu du Kaeserrek.

Ez da azkena izan. Frantziako Totalek ere atzo bertan iragarri zuen bertan behera utziko duela gasa ustiatzeko sinatu zuen akordio handia. Hasi da ihesaldia.

EBko mandatari nagusiek gogor salatu dute AEBek akordioa bertan behera uzteko hartu duten erabakia. Hala ere, badakite zer atakatan sartu diren. Ahalegina agindu dute akordioa salbatzeko, baina horrek ezinbestean dakar AEBei aurre egitea, eta enpresek Persian negozioak egiten jarraitzeko duten eskubidea defendatzea. Ba al dute benetan hori bermatzeko modua?

Lehen erreakzioa izan da Europako enpresak zigorretatik salbuetsita geratzeko eskaera. Egia da AEBek onartu dutela posible dela batzuetan salbuespenak onartzea, baina oso xehetasun gutxi eman dituzte aukera horri buruz. Berriro ere, epe ertain edo luzera begira, arrisku gehiegi hartzea izan daiteke enpresa batentzat, jakin gabe salbuespen horren baldintzak noiz aldatuko zaizkion. Pentsa liteke baimen horiek zerikusia izan dezaketela orain arte sinatutako kontratuekin, baina ez aurrerantzean egin daitezkeen akordio berriak baimentzeko. Oraingoz, Washingtonek ez du argitu.

Zigorrak blokeatzeko araudiak onartzea da bigarren aukera. 1996. urtean onartu zituen halakoak Europako Batasunak. Garai hartan, AEBek zigorrak onartu zituzten, zigortzeko negozioak egiten zituztenak Kubarekin, Libiarekin eta Iranekin. EBren asmoa, bereziki, Kubarekin zeuden hartu-emanak babestea izan zen. Arau horien bidez, konpainiei bermatzen zitzaien legezko bermea zutela AEBen eskariei ez erantzuteko. Isun batzuk egon ziren, baina batez ere Europan ari ziren AEBeko konpainien filialei jarri zitzaizkien.

Washigtonek, ordea, zigorrak bideratzeko modua aldatu du harrezkero. Finantza trantsakzioak debekatzen ditu orain. Horrek esan nahi du Europak posible lukeela isun ekonomikoak saihestea, baina banku batek edo konpainia batek gal dezake AEBetan aritzeko aukera, eta arrisku handia da hori. Dolarretan egindako finantzaketa behar ez izateko, EBk maileguak irekitzea aztertuko du. EIB Europako Inbertsio Bankuaren bidez egitea aipatu dute.

Zalantza handiak daude kontraneurri horien benetako eraginkortasunari buruz. EBren burujabetza ekonomikoa bera dago jokoan, ordea. «AEBen erabakien aurrean erreberentzia egin eta atzera doazen basailuak izan nahi dugu, munduko ekonomikoa osoa kontrola dezaten?», galdetu du Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia ministroak.

Oraingoz, Europako diplomazia bat dator Iranekin indarrean dagoen akordioari eusteko, argudiatuta Teheranek bete egin dituela jarri zitzaizkion eginbeharrak. Herenegun, Alemania, Frantzia eta Erresuma Batuko Atzerri ministroak Irangoarekin bildu ziren. Federica Mogherini EBko Atzerri Politikarako Goi Arduradunak aurreratu du neurriak prestatzen hasi direla itun horrek aurrera egin dezan. Gaur, EBk goi-bilera du Balkanetako herrialdeekin, eta espero da Europatik erantzun ofizial bat ematea Trumpek iragarritakoari.

Irango auziak tentsio gehiago jarriko die harreman transatlantikoei. Kontuan hartu behar da bi blokeak aurrez aurre zeudela honezkero, AEBek altzairuari eta aluminioari ezarri dizkien muga-zergen harira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.