Olagarro enpresak

Interneten oinarritutako erraldoi teknologikoak gero eta sektore gehiagotara ari dira zabaltzen euren erroak: banka eta autogintza, esaterako, begiz jota dauzkate. Saretik sortutako negozio eredu horren atzean, merkatu kontzentrazioa, kontrola eta botere borroka handia dago.

Jon Fernandez.
2017ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Edozer erosteko denda da Amazonen bandera, eta oraintsu frogatu du gogor eusten diola bere leloari: Whole Foods erosi berri du 12.000 milioi euroren truke, AEBetako supermerkatu kate handia —elikagai natural eta organikoak saltzen ditu—. Amazonek inoiz egindako erosketa handiena da, eta agerian uzten du Interneten oinarritutako erraldoi teknologikoen negozio eredu basatia. Enpresa gutxi batzuk negozioa etengabe hedatzen ari dira, berezkoak ez zaizkien negozio esparruetara eta sektoreetara ere sartuz. Olagarro formako enpresak dira; jatorrizko negozioak ematen dien buru sendoarekin, baina geroz eta erro gehiago eta handiagoekin: banka tradizionalean sartzen hasiak dira, esaterako, eta farmazia industrian eta autogintzan ere sartzea aztertzen.

AEBetako CNBC telebista kateak maiatzean iragarri zuen Amazon farmazia industriaren sektorean sartzea pentsatzen ari dela, errezeta daukaten sendagaiak saltzeko; eta albistea ematearekin bat, balioa galtzen hasi ziren burtsan AEBetako farmazia industriak. Bestalde, ekain hasieran, Automobilwoche autogintzako sektoreko aldizkari alemaniarrak publikatu zuen Amazon adituak kontratatzen ari dela Erresuma Batuan autoak saltzen hasteko. Berria ezagutzearekin batera, %4 merkatu ziren Auto Trader Group Plc-ren akzioak, zeinak Internet bidez saltzen baititu autoak.

Hedapen politika antzekoa da Interneteko konpainia erraldoietan. 2008ko krisiaz geroztik, sektore ekonomiko tradizionalagoetako konpainia nagusiek nabarmen txikitu dituzte euren negozio eremuak, jatorrizko negozioan zentratzeko —farmazia industriek, esaterako—; aldiz, Interneteko konpainiak arrakastaz ari dira negozioa dibertsifikatzen eta zabaltzen. Nolanahi ere, ekonomikoki, oraindik ez dute lortu osagarri sendorik sortzerik; jatorrizko negozioak ematen die diru gehien: %84 eta %96 artean.

Amazon, Apple, Facebook, Microsoft eta Googleren (Alphabet da enpresa nagusia, 2015etik) negozio ereduak aztertu ditu Ulrich Dolata Stuttgart Unibertsitateko ikerlariak, eta ondorioztatu du gehienetan hedapena erosketan oinarritzen dutela, eta ez kooperazioan. Hori bai, «dibertsifikazio eta hedapen handiak balio die ekosistema sozioteknikoa indartzeko». Eta, bide batez, etorkizuneko negozio berrietarako posizio onean egoteko.

Iritzi berekoa da Aitor Goti, Deustuko Unibertsitateko Industria Teknologien Saileko irakaslea ere. Uste du beste esparru batzuetara jauzi eginda «informazio katearen integrazioa» lortu nahi dutela. «Euren bezeroei buruz (guri buruz) gutxi gorabehera dena badakite (gure baimenarekin), zergatik eman negozioaren zati handi bat produktu eta zerbitzu hornitzaileei eurak izan badaitezke hornitzaileak?».

Eta, zer lortu nahi duten informazio katearen integrazioarekin? «Gugan iritzia sortzea, produktuen eta zerbitzuen premia sortzea, eta premia horri azkar erantzutea, korporazioa bera delako horiek sor ditzakeena».

Markaren garrantzia

Interneten espazioan merkatua deszentralizatzen eta demokratizatzen ari diren ahotsak baliorik gabe geratu direla azaldu du txosten batean Dolatak. «Ez dago deszentralizaziorik, ez demokratizaziorik, ez berrikuntza irekiagorik, merkatu kontzentrazioa, kontrola eta botere borrokak baizik».

Egia da Internetek aukera ezin hobea ematen duela ekoizpen eta proiektu deszentralizatu eta kolaboratiboetarako; baina, sareko negozioaren zatirik handiena, funtsean, teknologia konpainia gutxi batzuen kontrolpean dago, eta konpainia horiek denek dute egoitza AEBetan: lehenago aipatutako bost erraldoiek, adibidez.

2016an, munduko hamar marka baliotsuenetatik zortzi ziren AEBetakoak, eta hamarretik bost teknologia erraldoiak ziren. Zerrendan, 179. postuan zegoen Euskal Herriko lehen marka, eta banku bat zen: BBVA.

Markaren irudiren erabilera, hain zuzen ere, gakoa da beste sektore batzuetan sendotasunez sartzeko: bankan, kasurako.Amazonek dagoeneko ematen ditu kredituak —iaz 880.000 milioi euro eman zituen maileguetan—; urtarrilaz geroztik, Facebookek lizentzia dauka Europan diru elektronikoaren erakunde bezala jarduteko (Facebook Messengerren bidez bidal daiteke dirua); eta Applek badu Apple Pay zerbitzua —kreditu txartel bat sakelakora lotu daiteke—, eta bere kreditu txartel birtual propioa sortu nahi du iPhonerako.

Banka tradizionalak mehatxu moduan ikusten ditu, nahiz eta batzuk esan euren burua berritzeko aukera ere badela; eta, izatez, banku tradizionalak ari dira teknologia berrietara moldatzen eta online banka garatzen. Baina Interneteko erraldoiek asko izan dezakete irabazteko sektorean: bezeroak bankuarekiko baino fideltasun handiagoa dauka sare sozialen erabiltzaileak markarekiko. Markaren bezeroak baino, jarraitzaileak dira. Facebookek, adibidez, banka arloan 2.000 milioi bezero potentzial ditu, bere erabiltzaileak. Edonola ere, ikusteko dago fideltasun hori sinesgarritasun sendo bihurtzen ote den kreditu bat eskatzerakoan, norbere dirua jokoan dagoenean.

Aipaturiko Interneteko bost handiak oligopolioak dira jatorrizko negozioetan? «Dudarik gabe», azpimarratu du Gotik. Eta posizio horretatik abusura tarte oso txikia dago: horren adibide, asteon Bruselak Googleri jarritako isuna, lehiakideak abusuz baztertzeagatik.

Botere hirukoitzaren jabe

Gainera, gurpil zoro bat da: zenbat eta merkatu kuota handiagoa, orduan eta diru gehiago daukate inbertsio ikaragarriak egiteko eta negozioa zabaltzeko. Bost erraldoien arteko lehia oligopolistikoa handia dela azaldu du Dolatak. «Baina merkatua aldakorra da, eta botere posizioak ere bai; beraz, une oro defendatu behar dituzte botere posizioak, berrikuntza dinamika bizi batean oinarrituta».

Jatorrizko negozioan inbertsio ikaragarria egiten dute ikerketan eta garapenean (I+G): %4,6 eta %26,7 artekoak —konparaziorako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan I+Gn egindako inbertsioa ez zen BPGaren %2ra iritsi iaz—. Lehia nagusia, beraz, berrikuntzan dago, baina berrikuntza eredu itxiak eta kontrol handikoak dira.

Hiru botere mota dituzte Interneteko erraldoiek, Dolataren aburuz: botere ekonomikoa, datuen gaineko boterea, eta azpiegituren eta rol ezarpenen gaineko boterea.

Indar horrekin, Gotik prest ikusten ditu epe ertainera osasun sektorera eta defentsakora salto egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.