Funtzionario euskaldunak ezingo dira gaztelerazko postuetan sartu Nafarroan

Geroa Baik eta EH Bilduk bakarrik bozkatu dute alde. Geroa Baik, UPNk eta PPk hezkuntzako erlijio orduak murriztea galarazi dute

De Simon, erlijioaren inguruko proposamena aurkezten. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iosu Alberdi.
2018ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Nafarroako lauko gobernuko alderdiek aurkeztutako bi lege proposamen atzera bota zituen atzo Nafarroako Parlamentuak, gobernua sostengatzen duten alderdiak ez zirelako ados jartzeko gai izan. Lehenak eskatzen zuen funtzionario euskaldunek euskara derrigorrezko ez den postuetara lekualdatzeko aukera izatea, haiek gainontzeko baldintza guztiak betetzen badituzte. Bigarrenak, berriz, hezkuntzan erlijioa murriztea, legeak adierazten duen gutxieneko ordu kopurura.

EH Bilduk aurkeztu zuen funtzionario euskaldunek beste lanpostu batzuetara lekualdatzeko aukera izatearen aldeko lege proposamena. Koalizioak, ordea, Geroa Bairen babesa bakarrik jaso zuen. Aurka bozkatu zuten UPNk, PPk, PSNk eta Ezkerrak;Ahal Dugu abstenitu egin zen.

EH Bilduk azaldu du egungo legediak funtzionario euskaldunak «zigortu» egiten dituela, eta euskararen inguruko «atzerakoiena» dela. Egungo legea 2003koa da, eta auzitegiek hainbat ebazpen onartu dituzte legearen aurka. Ez, ordea, EH Bilduk aldatzeko eskatu duen puntuaren inguruan.

Koalizioak azaldu du funtzionario euskaldunek ez dutela gainontzeko postuetara lekualdatzeko aukerarik baldintzak beteta ere, eta adierazi du horri buelta eman behar zaiola. Gehitu du gainontzeko baldintzekin ez dela berdin jokatzen; adibidez, gidabaimena edo arma baimena behar den lanpostuetan. Era horretan euskaraz ez dakiten funtzionarioak diskriminatzen direla ukatu du: «Nafarroan diskriminatzen diren gaztelerazko hiztun bakarrak euskaraz dakitenak dira».

Geroa Baik proposamena babestu du, eta adierazi du egungo legea «interes politikoengatik» onartu zela bere garaian: «Askotan nahita ahazten da funtzionario euskaldunek zerbitzu bera eskain dezaketela».

Euren arrazoiak adierazi arren, ez dute lortu bozketan eraginik izatea. UPNko Carlos Garcia Adanerok euskara interes politikorako erabiltzea leporatu die EH Bilduri eta Geroa Bairi, «identitate nazionala sustatzeko». Euskaldunak gaztelania bakarrik behar den postuetara aurkezteko duten gaitasuna ere erabili du euskara ezinbesteko den postuen aurka egiteko: «Guztiok gazteleraz badakigu, zertarako orduan euskarazko lanpostuak?».

PPk ere antzera jo du, eta Nafarroak «abertzalez kolonizatu» nahi izatea leporatu dio EH Bilduri, Nafarroako errealitate soziolinguistikoari ez ikusiarena eginez: «Euskara inposatzeko inkisizio bat da». Horregatik, halako gaietan beti «aurrez aurre» izango dituztela adierazi du. PSNk ere azpimarratu du «alderdi nazionalistek» bultzatutako proposamena dela, eta gehitu du euskara jakiteak jada abantailak ematen dizkiela euskaldunei hainbat lanpostu lortzeko orduan. Horregatik, poza adierazi du, ez dituztelako Ezkerra eta Ahal Dugu «engainatu».

Izan ere, Ezkerrak aurka bozkatu du, eta Ahal Dugu abstenitu egin da. Lehenak gobernuari esan dio langileen eskubideetan hausturaren bat badago auzitara edo funtzio publikoko mahaira jotzeko. Bigarrenak, berriz, gaia «konprometitua» dela adierazi du.

«Eztabaida sakonagoa»

Parlamentuak atzera bota du bigarren lege proposamena: hezkuntzan erlijio orduak murriztearen aldekoa. Kasu horretan, Geroa Baik eman du ezezko botoa, UPN eta PPrekin batera. Bestalde, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak aurkeztutako proposamenak PSNren babesa izan du.

Aldekoek eskola laikoaren aldeko aldarria egin zuten, erlijioa LOMCE legeak onartzen duen gutxiengo ordu kopurura murrizteko eskatuta. EH Bilduk adierazi du «pauso bat» gehiago izango litzatekeela eskola laiko eta publikora bidean, eta Ezkerrak horren ordez eskoletan landu zitezkeen gaiak proposatu ditu: hezkuntza afektibo sexuala, genero berdintasuna... PSNk, berriz, ikasleak «Agur, Maria» otoitzarekin ebaluatzearen aldeko jarrera izatea leporatu dio gobernuari.

Geroa Baik «eztabaida sakonago baten» beharra adierazi du. Halere, alderdiak bi proposamen aurkeztu ditu, «hezkuntza sistema laiko baterako bidean».Biak onartuak izan dira, eta Madrilgo Kongresuan defendatuko dituzte. Espainiako Konstituzioa moldatzeko helburua dute, erlijioa eskolako ikasgai izan ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.