Nafarroan COVID-19aren aurkako neurrik gabe hasiko dute ikasturtea

Ipar Euskal Herrian, eskolak aurrez aurrekoak izango dira maila guztietan, eta ez dute aparteko neurririk errespetatu beharko

Haur batzuk eskolan, Gabirian, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Iazko ikasturtea ere COVID-19ak baldintzatutakoa izan zen; 2022-2023ko ikasturteak, ordea, bestelako traza du oraingoz bederen. Nafarroako Gobernuak, esaterako, atzo iragarri zuen «erabateko normaltasunarekin» hasiko dutela ikasturtea, ikastetxeetan ez dutela edukiko COVID-19agatik aparteko prebentzio, garbitasun eta segurtasun neurririk. Hala zehaztu zuen Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak: «Ikastetxeek ez dute kontingentzia protokolorik izan beharko, baina bai aurrez aurrekoa ez den arreta emateko plan bat, zer gerta ere. Ikasturtea erabateko normaltasunarekin hasiko da, pandemiaren aurretik ezagutzen genuen hezkuntza testuinguruan».

Ez da aparteko aldaketarik egongo, iazko ikasturtearen erdialdetik aurrera pixkanaka-pixkanaka indargabetu baitzituzten ia neurri guztiak; esaterako, maskara nahitaez erabili beharra. Ordea, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako burbuila taldeei eustea, eta ikasgela bateko eta besteetako ikasleak ezin ziren nahastu jolastokian. Gainera, eskolak goizez soilik eman dituzte bi ikasturtetan, eta ikasleei eskatzen zieten eskolara ez joateko COVID-19aren sintomak zituztenean edo positibo eman zuen norbaiten kontaktu estua izateagatik berrogeialdia egin behar zutenean.

Kontseilariak jakinarazi du balitekeela beste neurri bat ere bertan behera uztea. Egun, Nafarroako 3-6 urteko ikasleek maskara jantzi behar izaten dute eskola garraioan. Gimenok esan du hori indargabetzea ez dela beren eskumenekoa, baina uste duela Osasun Departamentua atzo baliogabetzekoa zela. Horrenbestez, 6 urtetik gorako haurrek eta gazteek baino ez dute erabili beharko maskara garraioan.

Nafarroan bezala, Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan ere ez dute COVID-19aren aurkako neurririk izango irailaren 1etik aurrera. Frantziako Gobernuak lau egoera diseinatu ditu, eta lehenengoan abiatuko dira Iparraldean. Hortaz, eskolak aurrez aurre izango dira maila guztietan; ez dute maskararik jantzi beharko; kiroletan eta aisialdian ez dute mugarik edukiko; eta ez dute protokolo zehatzik bete beharko, baina gomendioak bai —ez dute zehaztu zein izango diren—. Eusko Jaurlaritzak, berriz, oraingoz ez du jarraibideen berri eman, baina ikasleak Aste Santuko oporretatik itzuli zirenetik maskara erabiltzea ez da derrigorrezkoa, eta talde batzuetako eta besteetako ikasleek nahasteko aukera dute.

Soldata igoera

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak hartutako beste erabaki baten berri ere eman du Gimenok: %12 igoko diete soldata haur eskoletako hezitzaileei, %19 haur eskoletako garbitzaileei eta %2 zuzendariei. Haur eskoletako langileen grebaren ostean dator igoera. Nafarroako 0-3 plataformak deituta, 60 egun egin zituzten greban joan den ikasturtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.