Albistea entzun

Ainara Otaño. Gipuzkoako sagardogileen elkarteko lehendakariordea

«Sor-markak mehatxuetatik ere babestuko gintuzke»

Euskal Sagardoa jatorri izena lortzeko eskaria egin dute asteon, produktuari dagokion balioa emateko. Zenbait urteren buruan, beharrezko sagar dena Euskal Herrian sortzea espero dute.
JON TORRE / EZEZAGUNA Tamaina handiagoan ikusi

Oihan Vitoria -

2016ko irailak 8

Indarrak metatu, eta sor-marka propioa martxan jartzeko urratsa egin dute asteon Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sagardogileek: Euskal Sagardoa jatorri izena lortzeko eskaria aurkeztu dute Jaurlaritzan. «Merezi duen duintasuna» eman nahi diotela azaldu du Ainara Otañok (Astigarraga, Gipuzkoa, 1977). Petritegi sagardotegiko arduraduna eta Gipuzkoako elkarteko lehendakariordea da.

Muturreraino eraman duzue sagardogileen urteetako eskaria. Zergatik da hain garrantzitsua sor-marka propioa lortzea?

Urteetako lanaren fruitua da. Jatorri izenak, azken finean, sektorea bateratzea eta harremanak estutzea ekarriko luke. Elkarte eta administrazioen artean lan marko bateratu bat ezartzea ahalbidetuko liguke, guztiok konpromisoak har ditzagun tokiko sagarraren eta sagardoaren alde. Kalitatea da egitasmoaren ardatza.

Sektoreko elkarte guztien sostengua jaso du proiektuak. Zaila egin zaizue ados jartzea?

Zaila? Ez. Kontua da denbora behar dela mahai gainean jarritako oinarri eta lan ildo guztiak adosteko. Urteak daramatzagu elkarlanean, eta ez da batere samurra. Halere, uste dugu garai aproposa dela sektorearen ikuspegi guztiak mahai gainean ipintzeko. Toki askotako eragile ugari batu gara, eta aste honetan aurkeztu dugun eskaria da bide luze horren emaitza.

Sor-markak sagardoari «merezi duen duintasuna» emango diola diozue. Zer esan nahi duzue?

Iruditzen zaigu sektoreari balioa emateko eta produktuari lehentasuna emateko oso garrantzitsua izango dela; besteak beste, markak ordenatzeko eta bide bateratu bat zehazteko ere balioko digu, nora goazen erabakitzeko. Aberasgarria da sektore guztia helburu beraren atzetik ikustea arraunean. Batuta indartsuagoak gara.

Gaur-gaurkoz, Asturiasko sagardoak baino ez du sor-marka hori; EAEn, Eusko Label bereizgarria dute modu naturalean eta bertako sagarrekin ekoitzitako sagardoek. Nahikoa da?

2011. urtean, Eusko Label sagardoa merkaturatu zenean, bazegoen jada hemengo sagarren alde lan egiteko nahia. Egia da urteak daramatzagula lanketa horretan buru-belarri; bide honetara iristeko hasiera izan zen hori. Oraingoa, alabaina, erronka handiagoa da euskal sagardogileentzat: jauzi bat da, eta lan handia dugu aurretik.

Harago jotzeko asmoa ere baduzue. Motz geratu zaizue Eusko Label bereizgarria?

Ez, erabat uztargarriak dira biak. Euskal Sagardoa aurrerapauso inportantea izango da, ezinbestekoa, bene-benetan sinesten duguna. Eusko Label sagardoak ere txertatuko luke sor-marka berria.

Atzerrian gehiago saltzeko erakusleiho ere izan daiteke, ezta?

Sor-markak mesede egingo lioke produktuaren ikusgarritasunari. Geure merkatu handiena, ordea, hemen dago, Euskal Herrian, eta barrura begira ondu dugu proiektua. Egia da kanpoan saltzen lagunduko digula, baina egitasmo honetan bereziki etxera begira jarri gara. Urtean hamabi milioi litro ekoizten ditugu, eta %90 saltzen dugu hemen. Euskal kulturan erro sakonak dauzkan edaria da sagardoa, familiatik datorkigu ogibidea, eta jatorri izenak ere hori babesteko balioko luke.

Norengandik?

Mehatxu asko ditugu inguruan, gurera oraindik ailegatu ez badira ere. Asturiasen, adibidez, enpresa handiak hasi dira sagardoa ekoizten, eta nabarmen handitzen ari dira ekoizpena. Sor-markak, nolabait, mehatxu horietatik babestuko gintuzke. Betikoa dugu sagardoa, Euskal Herriko kulturaren parte da, eta gure ohituretan sustraitua dago.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari dagokio orain eskaeraren tramiteak egitea. Asko jota, sei hilabete barru ezagutaraziko du sor-marka eratzea onartzen duen ala ez. Nolako giroa sumatzen duzue?

Oso itxaropentsu dago sektorea. Administrazioek, orain arte, sostengu osoa eman digute, eta bide honetan lagundu gaituzte. Elkarteen artean ere positiboa da giroa.

Ebazpena aldekoa balitz, bi hilean EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu, eta Nekazaritza Ministeriora joko luke Jaurlaritzak. Espainiako Aldizkari Ofizialean publikatzean sartuko litzateke indarrean sor-marka. Noiz espero duzue merkaturatzea?

Goiz da jakiteko. Sor-marka hurrengo urterako prest egon daiteke, baina zehatz-mehatz ez dakigu noiz aterako ditugun lehen botilak merkatura. Dena dela, argi dago aurtengo uztarekin egingo dugula Euskal Sagardoa sor-markako lehen sagardoa.

Sagastiak aldatu, sagarrak ezagutu eta heldutasun puntu egokiak bilatzeko ikerketak egin dituzue. Zer ondorioztatu duzue?

Ikerketan indarrak jarri ditu sektoreak. Saiatzen gabiltza ekoizpena areagotzen, sagastiek urtero eman dezaten kalitatezko sagarra. Zenbait urteren buruan, beharrezkoa den sagar guztia hemen sortzea dugu helburu, bezeroari berme bat eman nahian. Guztira, bertako ehun sagar aldaera sartu ditugu sor-markan, eta gehiago landatzeko asmoa dugu.

Sagardogileak eta baserritarrak ere sagasti ugari jartzen ari dira.

Alferrik galtzen ari diren lursailak daude, sagastietarako aproposak direnak. Sagar dezente landatzen ari gara, baina ezta hainbeste ere, lursail egokiak aurkitzea ez baita erraza: 25 urteko errentagarritasuna izan behar dute gutxienez.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

CCOO, LAB eta UGT sindikatuen protesta bat, pasa den abenduan ©Oskar Matxin Edesa (Foku)

Bizkaiko metaleko lan itunean sindikatuetako afiliatuek izango dute azken hitza

Jokin Sagarzazu

CCOOk, LABek eta UGTk begi onez hartu dute Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzaren proposamena. 2022-2025eko eperako %15eko soldata igoera metatua jasotzen du. ELA aurka azaldu da.

Onkologikoko garbitzaileak, lehen greba egunean. ©ELA Sindikatua

Gipuzkoako Onkologikoko garbitzaileek hogei eguneko grebari ekin diote

Iñaut Matauko Rada

Onkologikoaren ondoko errepidea ordu erdiz moztu dute protesta batean. Kaleko garbitzaileek baino %25 gutxiago irabazten dutela salatu dute.

Gasteizko Eroski supermerkatuko irudi bat. ©Jaizki Fontaneda / FOKU

Inflazioak %5,8ra egin du gora urtarrilean

Iñaut Matauko Rada

Erregaiak garestitu izanak handitu du batez ere inflazioa, nahiz eta oinarrizko elikagaien prezioek behera egin duten, BEZaren jaitsieragatik.

Nissan eta Renaulten logoak, Bruselan, autoen erakuketa batean ©STEPHANIE  LECOCQ

Nissanek eta Renaultek euren arteko aliantza berritu dute

Maddi Iztueta Olano

Akordioan jasotakoaren arabera, aurrerantzean Nissanen kapitalaren %15 izango du Renaultek. Orain arte, horren %43 zuen.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...