GALDERAK ADINA IKUR

Etorkizunean pentsioak aski izango ez diren arriskua geroz eta zitalagoa da. Erretiratuen egoera higatu dutela esplikatu arren, erreformei segida eman behar zaiela uste du OCDEk: gehien garatutako 34 herrialdeek erretiro aurreratua ezabatzea nahi du. Gizarteratzea sustatzea proposatu du alternatiba gisa.

Oihan Vitoria.
2015eko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Paradoxa dirudi: gizarteazahartzen ari den bitartean, kolokan dago etorkizuneko pentsiodunen ongizatea. Demografiari egozten diote aditu ugarik egungo gazteen ziurtasunik eza. Eta ez zaie arrazoirik falta: bistan da jaiotza tasa ziztu bizian jaisten ari dela, eta bizi itxaropena, berriz, igo eta igo. Langabeziaren aldagaiek ere eragin du, alabaina, pentsioen sistemaren beheraldia, hankaz gora jartzeraino ia. OCDE izan da azkena pentsio sistemaren etorkizun beltzaz gaztigatzen: «2050eko erretiratuek egungoek baino diru gutxiago jasoko dute, eta pobreenak are pobreago izango dira». Txalotu egin ditu urteotan harturiko neurriak —OCDEko herrialdeek BPGaren %9 bideratu dute, batez beste, pentsioetara—. Dena dela, oraindik ere «segida» eman behar zaiela deritzo. Beste bultzada bat nahi du: erretiro aurreratua bertan behera lagatzea.

Pentsioen sistema erreformatzeko 2013ko irailetik aurtengora ezarritako neurriak bildu eta aztertu ditu OCDEk. Eta, noski, errealitate gordinarekin egin du topo Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak: jasandako estualdi ekonomikoaren itzalak hor dirauela frogatu du. «Eragin zitala dauka, presiobide gisa, pentsioen sisteman».

Herrialde gehientsuenak, izan ere, krisialdiko zulotik irten ezinean dabiltzala ohartarazi du OCDEk, bi urtean behin plazaratzen duen ikerketan. «Ontzat» jo ditu larrialdi egoeratik irteteko oraino egindako «ahaleginak», baina ez askitzat. Herrialdeek, esaterako, hein batean lortu dute gastua jaistea, eta 2050. urtera begirako aurreikuspenak zertxobait hobetu dituzte: urte horretako pentsioen gastua batez beste BPGaren %12 izango zela uste arren, %10,1etik ez igarotzea espero dute orain.

Munduko 34 herrialde industrializatuenak biltzen dituen erakundeak dio pentsioen finantza erronkak konpontzea «ekuazioaren parte bat» besterik ez dela. «Beste partea egonkortasun sozialari lotua doa, ea etorkizunean gai izango garen adindunei bizi baldintza aproposak emateko». Alde horretatik, OCDEk ez du diagnostiko baikorregia egin. Urteotako neurriek pentsiodunen egoera higatu dutela gaztigatu du.

Erritmoari eusteko eskaera

Erretiratu gehienak gainontzeko herritarren batez bestekoa bezain «ongi» bizi dira, OCDEren hitzetan. Erakundeak jakin badaki, ordea, aldatzen ari dela egoera, eta egungo merkatuan jada tokirik ez duela «bizitza osoko lanpostu baten» kontzeptuak. Erretiro adina atzeratzeko eta erretiro aurreratuari mugak ezartzeko neurriak txalotu ditu.

Hori dela eta, pentsio sistemek erreforma gehiago behar dituztela nabarmendu du, eta orain arteko erritmoari eusteko eskakizuna egin die herrialdeei, erreformen arrakasta «horren araberakoa» izango delakoan. Zergatik, bada? «Etorkizunean pentsioak nahikoa izango ez diren arrisku geroz eta handiagoa dagoelako hainbat herrialdetan», OCDEren arabera.

Pobrezia arrisku hori saihesteko, erretiro aurreratua bertan behera lagatzeari ezinbesteko deritzo OCDEk. Ez du lehenbiziko aldia. Erretiro «duin bat» lortzeko urte gehiagoz lan egin behar dela azaldua du OCDEk hainbat alditan, eta testuinguru horretan jarri du, hain justu, erretiro aurreratua ezabatzeko asmoa. OCDEren iritzian, «birziklatzeko abagunea» eta gaitasun berriak bereganatzekoa emango lieke horrek pertsona adindunei, beharrean jarraitu ahal izateko ateak irekita. «Lanik gabe geratutako adineko langileak sarri askotan sartzen dira erretiro aurreratua lortzeko planetan, eta bete-betean baztertzen dituzte beharrera itzultzeko aukerak».

Onurarik ez dakartzatela gehitu du Lan Zuzenbideko eta Gizarte Segurantzako katedradun Jose Luis Tortuerok: «Derrigortutako erretiro aurreratuek pentsio mugatuak dakartzate; hortaz, pobrezia arriskua dute, lehen begi kolpean salbamendua izan badaitezke ere langileentzat. Ez dezagun ahaztu maiz giza baliabideak kudeatzeko enpresaburuen zerbitzura jarritako tresna direla».

Adinduen alde, gazteen kalte

Eztabaida hori «gutxietsia» egon den irudipena dauka OCDEk, eta «errotik» hautsi asmo du horrekin, adineko beharginek «puska bat gehiagoz» segi dezaten lanean. Hori erdiesteko, laneko «gizarteratze programak» abiaraztea proposatu du Angel Gurria mexikarra buru duen erakundeak. «Langileak sostengatzea eta merkatuan gehiago iraunaraztea ahalbidetuko duen eredua indartzea da irtenbidea», uste du.

Zentzuzko deritzo horri EHUko irakasle eta pentsioetan aditu Mikel de la Fuentek. Horretarako, edonola ere, orain arte erabili gabeko baliabide publikoak tokia egin behar zaiela azpimarratu du. «Horrez gain, arrazoi ekonomikoen ondorioz eginiko kaleratzeak, kolektiboak edota indibidualak, eragoztea da inportanteena».

Adineko jendearen egoera da kezka iturri nagusi, hor jartzen da gehienetan mira, baina gazteena ere ez da askoz hobea; lanpostu duinak topatzeko ahaleginean ari dira pentsio ordain «aproposak» jasoko dituzten ziurtasunik gabe. Hain justu ere, adineko beharginen gehiegizko iraupenak gaur egungo nerabeen bidea oztopa dezake, biharko pentsioetarako sarbidea are gehiago trabaturik. Gizarte egitura berriari erantzutea da erronka, OCDEren aburuz.

Gai horri ere heldu dio erakundeak. Gazteen artean dagoen langabeziari «arazo delikatu» deritzo, aldi baterako enpleguaren eta lanpostu prekarioen hazkundeak pentsioetarako egindako ekarpenak murrizten ari baitira. «Lanetik at egondako denbora pentsio sistematik kanpo egondako denbora da; pentsio apalagoak jasotzea dakar horrek», ohar egin du.

Biztanleen erdia, erretiratua

Eta testuinguru horretan, OCDEk kargu hartu dio Espainiari. Izan ere, Japoniaren atzetik bizi itxaropen handiena duen herrialdea bada ere, gazteen langabeziak oso goian segitzen du oraindik (%50); lan egiteko adinean dauden ehun pertsonako, 30 erretiratu gehiago daude, gaur-gaurkoz, Espainian. 2050ean kopuru hori «bikoiztu» daitekeela abisatu du OCDEk, eta presazko esku hartzea galdegin.

Erreforma gehiagoren premia argudiatu guran, datu argigarriak hartu ditu altzoan OCDEk: 1950. urtetik 2015era 15 puntu igo da 64 urte baino gehiagokoen kopurua; 2050erako, gainera, erretiratuak biztanleriaren erdia (%51) izatea espero du OCDEk. Egun, herrialde industrializatuenetako biztanleen %28 dira erretiratuak, baina gora egingo dutela dio. Hamarkadaz hamarkadako igoera iragarri du; 2030ean, %38,6 izango dira.

Eta horren erakusle da gehien garatutako herrialdeek pentsioetarako duten gastu publikoaren bilakaera, goraldi etengabean dagoelako 1990az geroztik. Oraindik, nolanahi ere, OCDEren batez besteko BPGaren %9 besterik ez da bideratzen pentsioetara, eta horrek, nola ez, ondorio lazgarriak ditu pentsiodunen geroan.

Erretiratuen pobrezia tasa da kezkatzeko arrazoi nagusietako bat: pentsiodunen %12,6k soldataren erdia baino kopuru txikiagoa eskuratzen dute. Oro har, 64 urtetik gorakoek batez besteko soldatek baino %13 gutxiago kobratzen dute. Herbehereak daude aitzindaritzan: azken soldataren %90,5 pagatzen diete erretiratuei.

Kontraesantzat jo du OCDEren txostena De la Fuente irakasleak. «Soldatez, aldi baterako kontratuez eta, oro har, prekarizazioaz» kezka agertu du; era berean, tematua dago merkatuaren arintzean eta erreformen sakontzean. Erretiratuen bizi baldintzei eusteko eta haien osasun arreta hobetzeko, diru gehiago exijitu du.

Tortuerok «tranpatzat» jo du pentsio sistemaren egonkortasuna egokitzapenik gabe bilatzea. «Europan hori egin da: pentsioak gutxitu dira teknika anitzekin, familiako ekonomia balitz bezala». Espainiako pentsioen erreformaren adituen taldeko kide izanikoaren esanetan, estrategiarik gabe eta bizkarka jarduteak ondorioak ditu: hankak lokatzetan sartzea. «Hamarkadak daramatzagu aldagai demografikoez hitz egiten, baina ez dugu irtenbiderik aurkitu, ez eta neurririk aplikatu ere. Hamarkadak daramatzagu erretiro aurreratua ezabatzeaz hizketan, baina ez ditugu ezabatu. Arazoak ez dira soilik konpontzen».

De la Fuentek gogoratu du egoera hori ez dela berria, eta Tortuerok ere aurreikus zitekeela esplikatu du: «Baby boom belaunalditik genekien hau gertatuko zela, baina ez ditugu etxeko lan denak garaiz egin: krisialdi ekonomikoak benetan estutu eta baldintzatu gaituenean, ordea, bai; presaz».

Erretiro adina atzeratzen

Erakundeak errotiko aldaketak espero ditu: «Orain ezagutzen dugun pentsioen sistematik ezer gutxi geratuko da». OCDEren irudiko, hartu-eman «koherenteak» behar dira horretarako: «Neurri malgu bezain zorrotzak behar dira unean-uneko aldaketei erantzuteko». Erresuma Batua, Txekiar Errepublika, Irlanda, Danimarka eta Italia dira pausoa eman duten aurrenak: 70 urtera atzeratu nahi dute erretiro adina.

Hain zuzen, adinduen jarduera tasak igotzea izan da urteotako erronka, eta lehen zantzuak igarri dituzte hainbat herrialdetan: Alemanian, %45etik %66ra hazi da 55 urtetik 64 urtera beharrean ari direnen kopurua; Italian, %31tik %46ra; eta OCDEn, %52tik %57ra. Salbuespena, Tortueroren iritziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.