Iruñeko taldeko sexu erasoa

Catala: «Gauza jakina da boto partikularraren epaileak arazo bat daukala»

Erredakzioa
Iruñea
2018ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Sanferminetako bortxaketaren auzian bost erasotzaileen absoluzioa eskatu zuen epailea nabarmen utzi du Rafael Catala Espainiako Justizia ministroak: Ricardo Gonzalez epaileak «arazo berezi bat» daukala esan zuen atzo Cope irratiari emandako elkarrizketa batean. «Mundu guztiak jakinda epaile honek arazo bat daukala, harrigarria da Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak neurririk ez hartzea». Erakunde horretako burua «zur eta lur» agertu da ministroaren hitzengatik, eta arazo hori zein den zehazteko eskatu dio; hedabideetan filtratu denez, Gonzalez lau aldiz zigortu dute sententziak gehiegi atzeratzeagatik.

Joan den ostegunean heldu zen 2016ko sanferminetan gertatutako taldeko bortxaketaren epaia: Nafarroako Lurralde Auzitegiak bederatzi urteko espetxe zigorra jarri zion akusatu bakoitzari: abusuagatik, ez bortxaketagatik. Erabakiak protesta jendetsuak eragin ditu azken egunotan, eta, orain, Nafarroako epaile eta magistratuek komunikatu bat argitaratu dute epaileak babesteko. «Ulertzekoa da iritzi publikoak ez ulertzea edo partekatzea auzitegiak ebatzitakoa», adierazi dute agirian: «Baina epai judizialak kritikatzeko eskubideak ez dakar berekin sententzia eman dutenen aurka koakzioa edota indarkeria erabiltzea». Catalari, berriz, Iruñeko auzia «helburu politiko hutsekin» erabiltzea leporatu diote.

«Atzerapauso nabarmena»

Oso bestelakoa da Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofizialak argitaratutako oharraren tonua: argudiatu du sententziak «emakumeen aurkako egiturazko indarkeria» ahazten duela, eta intimidazioaren inguruko eztabaidak, finean, biktimaren bizkar uzten duela bere burua babesteko ardura. «Sententzia hau atzerapauso nabarmena da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko borrokan», adierazi dute psikologoek: «Gizarteak harago joan behar du, eta erasotzaileak jarri auzitan, ez biktimak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.