Maider Unda. Borrokalari ohia

«Borrokak aukeratu ninduen ni»

Tatamiko borroketatik baserriko borroketara igaro da arabarra. Hogei urteko ibilbide oparoa osatu du, Londresko jokoetako brontzezko domina tartean. Lehia alboratuta, gaztagintzaren munduan murgildu da.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Aramaio
2016ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Etxeko zakurra zehar-begiratuarekin, bi katu urduri begira, eta hotza, izozteko moduko hotza. Behe laino itxiarekin esnatu da Oleta, baina eguzki printzak ageri dira Maider Undaren «egun on» indartsuan (Oleta, Aramaio, Araba, 1977). Iraide 2 urteko alaba ikastolara eraman, eta handik bueltan hasi da aletzen borrokako hogei urte luzeko ibilbidea. 2012ko Londresko brontzezko dominak goratu zuen arabarra, baina «garaipen txiki asko» daude Undaren ibilbide oparoan. Bizipen haiek gazteenei islatzeko borroka eskola sortzeko bidean da, baserriko lana, 200 ardiak eta gaztagintza alboratu gabe, noski.

Maider Unda, borrokalari ohia. Ari al zara ohitzen?

Aurretik ere onartuta neukan hori; aspaldian lehiatu gabe nago. Argi neukan borroka jada ez zela lehentasuna. Asko eman dit, baina azkenaldian eman baino gehiago kentzen zidan.

Beste borroka batzuetan murgildu zara orain...

Bai. Lehendik ere sartuta nengoen hainbat borrokatan, eta egoera gainezka egiten ari zitzaidan. Gauzak kontrolatu ezin dituzunean, zer edo zer albo batera utzi behar duzun seinale izaten da. Betidanik gure baserria da hau, gurasoak gero eta nagusiagoak dira, ezin didate hainbeste lagundu, lehiaketa zegoen tartean, entrenamenduak...

Zuk utzi duzu borroka edo borrokak utzi zaitu zu?

Nik utzi dudala uste dut.

Kirolari guztiak maila berean jartzeko joera izaten da askotan, baina inoiz bizi izan zara borrokatik bakarrik?

Bizi izan naiz, bai, baina, nire ustez, bizitza guztia ezin diozu eskaini kirolari bakarrik. Burua beste lekuren batera eramateko aukera eduki behar da. Gauzak ondo doazenean, dena da zoragarria; baina okertzen direnean... Kiroletik bakarrik biziz gero, orduan sortzen dira frustrazioak.

Maider Unda aipatu, eta Londresko jokoetako brontzea ekarriko dute gehienek gogora. Amorrua ematen du lorpenak horretara soilik mugatzeak?

Badakit, komunikabideei dagokienez, domina horri esker naizela egun naizena. Hori onartzen dut. Baina Olinpiar Jokoetako bosgarren postu bat ere badaukat, Pekingoa, eta alderatu ere ezin dira egin Pekin eta Londres. Borroka baten aldea dago, baina bosgarren postua porrot mingarrienaren gisa saldu zuten komunikabideek, eta brontzearekin jainkoaren pare jarri ninduten. Arriskutsua da hori. Komunikabideek botere handia daukate min egiteko, eta buruz indartsua izan beharra dauka kirolariak.

Apustua egin, Madrilgo goi errendimenduko zentrora joan, eta 2004ko Atenasko jokoetatik kanpo gelditu zinen gero. Ordura arteko kolperik gogorrena izan zen hura?

Oso momentu gogorra izan zen. Apustuak behar bezalako emaitzarik izaten ez duenean, norberak bere gain hartzen ditu ondorioak. Niretzat erabaki erraza zen etxera itzultzea, ez nintzelako zoriontsu bizi, eta errendimendua ere ez zelako ona izaten ari. Baina nire errendimendua etxean hobea izango zela beste batzuek onartzea, hori izan zen zailena.

Espainiako Federazioa eta hautatzaileak daude «batzuek» horren atzean?

Bai. Izen asko daude atzean.

27 urte zeneuzkan orduan, eta fisikoki bete-betean zeunden. Zerk huts egin zuen Madrilen?

Gauza askok. Lesio asko izan nuen, eta horren atzean beste hainbat gauza dauden seinale izaten da hori. Burua behar bezala ez dagoenean, oso zaila izaten da aurrera egitea.

Nola landu zenuen burua zulo hartatik ateratzeko?

Argi neukan etxera itzuli beharra neukala, eta kirolak ezin zuela bete nire eguneroko guztia. Oso gaizki pasatu nuen Madrilen, baina, neurri berean, Madrilek eman zidan lekziorik handiena. Ezin nuen jarraitu kiroletik bakarrik bizitzen. Gurasoak erretiroa hartzear zeuden orduan; ahizpak lagunduko zidala esan zidan, eta, pixkanaka, baserrian sartuz joan ginen. Bizimodu berriarekin lesioak ahaztuz joan nintzen, eta ilusioa biziberritu egin zitzaidan. Denborarekin konturatu naiz buruak zenbateko indarra daukan, onerako eta txarrerako.

Oso kirol bakartia dirudi borrokak. Hala al da?

Erabat bakartia ez da, beti norbait behar izaten delako entrenatzeko eta lehiatzeko. Badirudi Maider Unda bakarrik aritzen dela lehian, baina jende asko dago nire atzean. Medikuak, prestatzaile fisikoak, entrenatzailea... Borrokalariak taldea behar du ondoan; babestuta egon behar du.

Munduko Txapelketan brontzezko domina bat, Europako Txapelketan zilarrezko bat eta brontzezko bi, Europako Jokoetan brontzezko bat, eta Espainiako Txapelketako hamalau titulu. Ez zara makala!

[Barrez] Lorpen politak dira, eta oroitzapen eder asko daude garaipenen atzean. Oso luzea izan da bidea. Gogoan daukat 2004an Atenasko jokoetatik kanpo gelditu nintzenean, ordurako nagusia nintzela batzuentzat. 35 urterekin domina lortu nuenean, orduan zer nintzen, amona?

Norbaiti zerbait demostratu beharra sentitu zenuen Londresen?

Ez... Nik gauzak ez ditut hitzekin demostratzen, ekintzekin baizik.

«Borrokalaria izan nahi dut».9 urteko neskato hura nola iritsi zen etxean halakorik esatera?

Ez nuen nik aukeratu borroka, borrokak aukeratu ninduen ni. Umea nintzela, kirol hori agertu zen ikastolan, eta nik kirola egin nahi nuen. Otxandioren gisako herri batean, ez zen izaten aukera asko, eta jolas gisa hasi zen dena. Gerora, urte zailak igaro nituen, emakumezkoen borroka ez zelako olinpiar kirola. Ez zen erraza izan motibazioari eustea, baina, zorionez, garaiz iritsi zen aukera.

Borrokaren barruan, beste borroka bat, emakumezkoena.

Baserrian ere ematen du gizonezkoek bakarrik egiten dutela lan, baina, emakumea izan arren, gizonezkoen pare egin dezaket nik ere lan; orduan, zergatik ezingo dut egin antzeko zerbait borrokan ere? Zama hori ez dut hartu neure gain. Ondoan izan ditudan gizonezkoek, zorionez, ez naute baztertu emakume izateagatik.

Borrokalariek gainean izaten duzue beti kiloen pisua; mugan ibili behar beti, baina bizitasuna eta indarra galdu gabe. Elikadura obsesio bihur daiteke?

Gorputza kontrolatu egin behar da, baina gehigarri bat izan behar du elikadurak. 72 kilotik beherakoetan lehiatzen nuen lehen, eta lau kilo goitik ibiltzen nintzen normalean. Bi kilo jaisten nituen azken asterako, eta txapelketa baino lehenago, entrenamendu gogor batekin, erraz jaisten nituen beste bi kilo. Pisatu, eta hurrengo egunera arte ez da lehiatu behar izaten, eta ura edanda bakarrik berreskuratzen dira bi kilo horiek. Kirol gogorra dela ematen du gureak, astakeriak egiten direla, baina gauza askoren oreka behar da borrokak irabazteko.

Inoiz entzun behar izan duzu hitz itsusirik borrokan aritzeagatik?

Nik neuk ez, baina badakit gauza itsusi asko esan izan dituztela niri buruz. Hala ere, betidanik oso argi izan dut neure bidea egin behar nuela, eta denborak arrazoia eman dit. Nortasun berezia daukat, gogorra momentu askotan, eta zerbait eskaintzen didaten pertsonak bakarrik nahi izaten ditut ondoan. Kalte egiten didan norbait agertuz gero, alboratu egiten dut.

Azken hilabeteotan Errusiako hainbat borrokalarik eman dute positibo. Borrokak gertuegi al dauka dopinaren susmoa?

Borrokak bakarrik ez, goi mailako kirol guztiek, eta herrialde batzuetan sistematikoa da dopina. Gauza itsusi asko ikusi dut azken urteotan. Errusiaren kasuan, neurri zorrotzak hartu zituzten hasieran, baina murriztu egin zituzten gero. Bi estrategia daude pisuaren auzian: sanoa eta itsusia. Errekuperazioa funtsezkoa da guretzat, azken egunean lau kilo edo gehiago gal daitezkeelako. Laguntza behar izaten da horrelakoetan, eta mediku asko ikusten ditugu botika ontziekin. Pisatzera joan, bat-batean zorabiatu, medikua agertu, sueroa jarri... Estrategia da hori. Edo borroka amaitu eta berehala komunera sartzea, medikua han dela. Gauza asko daude kontroletik kanpo.

Zenbat dopin kontrol egin zizkizuten zuri 2012tik 2016ra?

Ez dakit ziur, baina egunero non gauden jakinarazi behar izaten dugu, eta 06:00etatik 07:00etara arteko tartea jartzen nuen nik beti. 06:00etan etorri izan dira baserrira kontrola egitera, baina nik ez daukat inolako arazorik.

Londresetik bueltan beste erabaki bat ere hartu zenuen berehala: ama izatea.

Bai. Argi neukan une horretan olinpiar domina zela nire lehentasuna, eta, behin hori lortuta, ama izan nahi nuela. Erabakia atzeratuz joan nintzen, ama izan ondoren zalantza neukalako berriz ere kirol ibilbideari heldu ahal izango nion edo ez.

Urtebete lehiatu gabe igaro ondoren, asko sufritu zenuen gorputza lehengora itzultzeko, ezta?

Izugarri! Momentu zailak igaro nituen, gorputzean ez neukalako ezer. Dena galdu nuen. Baina ez nuen izan tentaziorik etsitzeko. Umea izan eta hilabetera hasi nintzen entrenatzen, eta txikituta geratzen nintzen. Baina, tira, pixkanaka berreskuratu nuen maila.

72 kiloz azpiko mailan aritzen zinen ama izan aurretik, eta, 69 kiloz azpiko mailari uko eginda, 75etik gorakoetan aritu zinen ondoren. Horrek ere aldendu zintuen dominen lehiatik?

Pisu aldaketak baino kalte handiagoa egin zidan borroken dinamikaren aldaketak. Bi minutuko hiru borroka izaten ziren lehen, eta hiru minutuko bi orain. Dinamikotasuna eskatzen du egitura berriak, eta borrokalari diesela naiz ni. Lan egin, eta zain egoten nintzen gero, baina oraingo arautegiak ez du uzten hala jokatzen.

Zer behar du borrokak beste euskal herritar bat jokoetako dominen lehian sar dadin?

Kasualitate asko. Gaur egun, gazteek ez dute egin nahi izaten sakrifiziorik, eta ez borrokan bakarrik. 2020ko Olinpiar Jokoetan ez dakit zer gertatuko den, baina 2024koetan nabarituko da jaitsiera. Izugarria, gainera. Ia kirol bakar batean ere ez dator atzetik gazterik. Gero eta ume gutxiago jaiotzen da, eta lehentasunak aldatu egin dira. Gazteek ez daukate inolako loturarik kirolarekin.

Borrokak arriskurik badauka Olinpiar Jokoetatik kanpo gelditu eta desagertuz joateko?

Ez dut uste. Kosta zitzaien sartzea, baina Nazioarteko Federazioan asko aldatu dira gauzak.

Eta gaztagintzak?

Ezta ere! Gero eta gazte gehiago sartzen ari dira gaztagintzaren munduan. Artzai Gazta kooperatiban sartuta nago, eta jaisten ari da kideen batez besteko adina. Oso pozgarria da hori.

Borroka edo gaztagintza, zein da gogorragoa?

Borroka. Askoz gogorragoa eta esker txarrekoa. Osoagoa da artzantza; gazta egin, saldu, bezeroekin egon, hitz egin... Borrokan gogor entrenatu beharra dago, eta beti ez dira iristen emaitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.