ATZEKOZ AURRERA. Karmele Jaio. Idazlea, kazetaria eta jaietako pregoilaria

«Jaietan bakoitzak bere txokoa aurkitzen du»

Gasteizko festetan euskarak dituen arnasguneak nabarmendu ditu Jaiok: Aihotz plaza eta txosnak. Dei egin du haietatik kanpo ere hiriko edozein kaletara euskararen eremua zabaltzera.

ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2016ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Ardura handia izan du Karmele Jaio (Gasteiz, 1970) idazleak eta kazetariak aurtengo jaietan. Gaur zortzi pregoia egin zuen, jaietarako deia. Bertan aldarrikatutakoak hausnartu ditu, baita festan inguruko bizipenez hitz egin ere.

Pregoian hiru ardatz aipatu zenituen. Lehena eraso matxistak izan ziren. Kultura zinegotziak aipatu zuen pena ematen ziola jaiak gerturatu ahala gai horiek agertzea.

Beldurra izan da beti emakumeak baldintzatzeko tresna bat. Gaia asko aipatzean, beldur hori areagotzeko arriskua dago beti. Hala eta guztiz ere, eraso sexistak denen ahotan egotea bada beharrezko pauso bat; lehen pausoa da adieraztea eraso horien aurkako jarrera. Horretan sentsibilizazioak funtzionatu du, nolabait. Baina hori pauso bat baino ez da, eta ez da nahikoa. Konturatu behar dugu berdintasunik ezak dena bustitzen duela.

Euskara ere aipatu zenuen pregoian. Posible al da Gasteizko jaiak euskaraz bizitzea, hasieratik amaierara?

Badaude euskararen arnasguneak jaietan. Bata Aihotz plaza da; eta txosnak ere badira arnasgune. Ez dut uste oraindik jaiak euskaraz bizi ditzakegunik hiri osoan. Dena den, arnasgune ez diren horietan euskara erabiliz, eremua zabaltzen ari gara. Euskararen erabilera da egun dugun erronka.

Jaia izan al daiteke testuinguru egokia euskaraz jakin bai baina hitz egiten ez dutenek pausoa eman dezaten?

Izan daiteke aukera bat. Azken batean, erabilera aisialdian lortzen da. Ezagutzen ditut parrandaren testuinguruan hitz eginez euskara izugarri hobetu duten pertsonak.

Azkenik, pregoian nabarmendu zenuen Gasteiz hiri irekia eta abegitsua izaten jarraitzeko nahia.

Gasteiz hiri irekia izan da. Duela 50 urte jendetza etorri zen. Nire gurasoak, adibidez, Lekeitiotik [Bizkaia] etorri ziren. Hiriak jende asko hartu du, eta gasteiztar bihurtu ditu. Orain, beste erronka bat dugu. Beste leku batzuetako lagunak datoz, eta erabaki behar dugu hiri plurala edo beste zerbait izan nahi dugun.

Nola pasatu dituzu edo pasatu izan dituzu jaiak?

Garai bakoitzean, modu batean, noski. Egia esan, ditudan jaietako oroitzapen gehienak, indartsuenak, gazte garaikoak dira. Lehen irteera horiek, oso gazte, kuadrillarekin, eta gurasorik gabe egiten genituen irteera horiek. Beranduago, txosnak, kontzertuak...

Oin bat Lekeition eta bestea Gasteizen izanda ere?

Ez nituen galtzen. Uda Lekeition ematen nuen, beti, baina, jaietarako, Gasteizera etortzen nintzen. Ondoren, beste garai batzuk etorri dira: umeekin, beste ardura batzuekin... Hortik aurrera, gutxiago egon naiz, eta, egon naizenean, beste modu batean pasatu izan ditut.

Eta noizbait pasatu al dituzu lanean, kazetari moduan?

Bai, tokatu izan zait; Egin irratian nengoela, uste dut.

Hortaz, jaiak ikuspuntu askotatik jorratu dituzu: eskaintzaz gozatuz, lanean eskaintzaren berri emanez eta, aurten, egitarauaren parte.

Ikuspuntu ezberdinetatik egitea tokatu zait. Areago, txosnetan ere kanpoan eta barruan tokatu zait egotea; Hala Bediko txosnan. Bizitzaren zein garaitan eta zein lekutan bizitzea tokatzen zaizunaren arabera, jaiak oso ezberdinak direla ikusten da. Azkenean, bakoitzak bere txokoa aurkitzen du.

Txosnak aipatu dituzunez, nola ikusi duzu izan duten kokapenaren bilakaera: Florida parkea, Katedral Berria, unibertsitateak...

Garaiaren arabera, eskaintza aldatu da. Gaur egun, txosnetara joaten direnak bertan geratzeko asmoarekin doaz: afaldu, kontzertuak... Garai batean, Floridan zeudenean, alde on bat zuten: edozein unetan Alde Zaharrera joateko aukera zenuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.