Iraganeko «espiritua», lurralde osoan barrena

Lasarteko zirkuitua gogoratzeko, San Sebastian Circuit Spirit irteera antolatu dute, ekainaren 24rako. Parte hartzaileek berrehun kilometro egingo dituzte Gipuzkoa osoan, auto klasikoekin eta kirol autoekin.

Maite Alustiza.
2017ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Autoekin lotutako hainbat ekitaldi antolatu dituzte Agustin Garciak eta Jose Luis Velezek azken urteetan, eta, orain, Lasarteko zirkuituaren «espiritua» berreskuratu nahi dute. «Gaur egun, zirkuitua hor dago, biribilgune batzuk gorabehera, baina ezinezkoa litzateke lasterketa bat egitea; segurtasun kontuengatik, errepideak itxi beharko liratekeelako...», esan du Garciak. Kontatu duenez, zirkuituaren lehen urtean, 1923an, lasterketak bukatu ondoren autoek bira bat egin zuten Gipuzkoa osotik, eta horixe da, hain zuzen, ekainaren 24an egingo dutena. San Sebastian Circuit Spirit jardueran, bi kategoriatan ibiliko dira: auto klasikoen eta kirol autoen rallyan, eta kirol autoentzako GT biran.

Guztira, berrogeitik gora parte hartzaile ariko dira: Euskal Herritik, Frantziatik, Bartzelonatik, eta Espainiako hainbat tokitatik etorriko dira. «Pozik egoteko moduko kopurua da», Garciaren arabera. «Auto oso garrantzitsuak ikusi ahal izango dira». Rallyan, 1923tik 1967ra arteko autoek parte hartuko dute; GT biran, berriz, 1968tik gaur egunera artekoek.

Carmen Gimeno Zaragozatik (Espainia) helduko da, Jose Luis Modrego senarrarekin eta Carlota alabarekin. Aragoiko Auto Klasikoen Elkarteko kideak dira, eta bi auto dakartzate: senar-emazteek 1959. urteko Chevrolet Corvette autoa; alabak, berriz, 1969ko Mercedes Pagoda bat. Gimenok azaldu duenez, senarrak gaztetatik izan du afizioa motorrarekin zerikusia duen guztiarekin, eta Gimenori ere piztu zaio interesa. Hainbat auto dituzte, eta txandakatuz ateratzen dituzte, «tartean behin arrankatu egin behar baitira». Pauera (Okzitania) egin berri dute azken irteera, auto klasikoen hiri zirkuitura. Donostiarako ere gogotsu da Gimeno: «Auto izugarriak ikusten dituzu, sekulako giroa egoten da». Egunotako berorik ez egitea espero du: «Ederra litzateke paraje hauetaz kapotik gabe gozatu ahal izatea».

Orotara, berrehun kilometroko bidea egingo dute. Donostiatik irtengo dira, 10:30ean, Alderdi Ederretik, eta Igeldorantz abiatuko dira. Handik, Lasarte-Oriara helduko dira, eta aukera izango dute antzinako zirkuituak zituen errepideetatik joateko. Getaria izango da hurrengo helmuga, bazkaltzeko tokia. Donostiara itzuli aurretik, Zumaia, Azpeitia, Errezil eta beste hainbat herritatik pasatuko dira. 50 kilometrotik beherako abiaduran ibiliko dira kaleetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.