ZELEDONEN ITZALEAN

Hesia txaranga hotsari

Alde zaharreko eta erdialdeko kaleetako zalapartaz aldendu eta jaiak lasai igaro nahi dituenarentzat, leku aparta da Florida parkea. Blusa eta nesken kuadrillak albotik dantzan igarotzen diren arren, parkea haien kontrako bunker bihurtzen da zuhaitzei esker, musikaz lasai gozatzeko.

Udal Musika Banda, atzo, Florida parkeko kioskoan emaniko kontzertuan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Lur Gil.
Gasteiz
2014ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Gasteizko jaiek edonorentzat dute eskaintza. Badira blusa eta nesken kuadrilletan egun osoa saltoka aritzen direnak; badira gautxoriak baino ez direnak ere, aste osoan egunsentiko argia baino ikusten ez dutenak. Tabernaz taberna egunez zein gauez ibiltzen direnak ere ez dira gutxi. Baina badaude zalaparta horretaz aldendu eta jaiak lasai igaro nahi dituztenak ere, bermuta eskuan, eguzki galdatik babesturik, gerizpean. Florida parkeak eskaintzen du lasaitasun horretaz gozatzeko aukera. Mota guztietako zuhaitz garaiek, eguzkitik babesteaz gain, metro eskasera dagoen Andre Maria Zuriaren plazako eta alboko kaleetako zalapartaz babesten ditu bertaratutakoak.

Txaranga hotsak herabeki zeharkatzen du zuhaitzezko hesia; nahikoa, hala ere, parkean dagoen lasaitasuna apurtu eta etengabe dantzan dabiltzan blusa eta nesken kuadrillei erreparatzeko. Batzuek harriduraz begiratzen diete; beste batzuek, auzo lotsaz, eta baten batek, inbidiaz ere bai. Adin aldea, baina, nabaria da alde batean zein bestean. Zeharkatu ezinezko hesia da parkea, zuhurtzia dutelako zantzu gutxi duten gazteentzat; babesleku, ordea, lasaitasun ederrean dauden adinekoentzat, gehiengo nagusia baitira legebiltzarraren ondoan dagoen Florida parkean. Ez dira, baina, hara joatea atsegin duten bakarrak. Haurrak ere pozik dabiltza alde batetik bestera jolasean, puxika eta xaboi ponpa artean, gurasoak zuritoarekin eserita dauden bitartean. Lotarako ere aukera zabala eskaintzen du parkeak, eta asko dira zuhaitzen gerizpea gauaren gehiegikeriaz indarrak berritzeko erabiltzen duten bisitariak, zerbeza botila oraindik alboan dutela.

Musika kioskoan

Parkearen lasaitasunari giro ederrarekin laguntzen dio eguerdiro Udal Musika Bandak, 13:00ean. Kontzertua hasi baino ordu erdi lehenago apurtzen da lasaitasun hori. Gasteiztar beteranoen ibilera mantso baina urduriak kioskora begira dauden aulkiak ditu helmuga. Azkar batean betetzen dira eserleku guztiak, kontzertua hasi baino ordu laurden lehenago, berandu iristen direnen atsekabez.

Minutu bat ere ez da pasatzen 13:00etik kontzertua hasterako, ordurako ikusle guztiak prest baitaude. Kioskoaren gainetik zabaltzen diren doinuek lasaitasuna bueltatzen diote parkeari berriz ere. Oihura bilakatu da Udal Musika Banda entzutera joatea, Arabako mendialdetik etorritako Bitori Saez de Ojerek dioenez: «Urtero jaisten gara ikustera, eta honelako ohiturak mantendu egin behar dira».

Ohitura urtero berritzeko asmoz joaten dira asko Floridara; beste asko, ordea, tarte batez lasai egotera; badira musikaz gozatzen duten bitartean intimitate bila doazenak, baita paseotxoa ematera doazenak ere. Aurpegi txarrik ez da ikusten han. Gehienak alai eta solas patxadatsuan dabiltza, ondoko kalean musikaren zaratarekin hitz egitea ere ezinezkoa dela jakin gabe. Arratsaldean orkestrek hartzen dute kioskoa, eguerdiko eserlekuak dantzaleku bihurtuta. Orduan joaten da lasaitasuna, hurrengo eguzki izpien zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.