ATZEKOZ AURRERA. Gabrielle Duplantier. Argazkilaria

«Liburu sakona nahi nuen, zorrotza»

Hamabost urte hauetako ibilbidea laburbildurik, 'Volta' liburua argitaratu du Duplantierrek; betiko irudi intimo eta poetikoen haritik, dela emazteen potretetan edo paisaien misterioan murgilduz.

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2014ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Hamar urtez argazkilari gisa bizi ahal izateko zailtasunak jasanik, Volta liburua «opari bat» zaio Gabrielle Duplantierri (Ondres, Okzitania, 1978). Egun batez, Lamaindonne argitaletxeko David Fourre editoreak deitu zion, bere lana gustuko zuelako. Joan den abenduan izan zen hori. Eta, horra, irailean Volta argazki liburua argitaratu zuen. Editorialki «zinezko argitalpen lana» delako pozik dago artista. Argazki on bat ona bada ere, gaizki inprimatu bada txarra gelditzen da, haren ustez, eta hori anitzetan gertatu zaiola damutzen da. Aldi honetan, ez dago horrelakorik. Harro dago emaitzaz, baita argitaletxearen errespetuaz ere. Nahiz eta ez den lehen publikazio lana izan, bere lehen liburua dela dio artistak, zeina Baionan bizi baita.

Zergatik diozu zure lehen liburua dela?

Argitaratu ditudan gainerako liburuak gai berezi batzuei, eskaera batzuei lotuak zirelako. Hau, berriz, argazkilaritza hasi dudanetik egin dudan lanaren bilduma bat da.

Eta horregatik da Volta deitzen, justuki?

Volta hitz portuges bat da. Portugalekin lotura zuzenak ditut, eta itzultze batean erran nahi du hitzak. Ibilbide bat da, eta aldi berean jatorrira egindako itzuli bat. Nire bizia da hor agertzen dena. Gustukoak ditudan gaietan barna doa: emazte potretak, abereak, gurutzeak, paisaiak... Portugalgoak, txikia naizenetik hara noalako, eta Euskal Herrian barna eginak, hemen bizi naizelako. Agertzen diren aurpegiak hor dira, hurbilekoak ditudalako.

Editorea ez zenuen ezagutzen, eta zure lana ikusirik deitu zintuen, zure lana gustukoa zuelako.

Egiten duzun orok iragan bat badu, eta, aldi berean, gero bat ere badakar. Temps Zero kolektiboari esker, zenbait proiekzio musikatu egiteko aukera ukan dut Europako zenbait hiriburutan: Parisen, Berlinen, Atenasen... Kolektiboan biltzen diren argazkilariak nire estilo berekoak dira, nonbait. Gai intimistak lantzen dituzte, eta aldi berean, nonbait, erradikalak dira argazkien tratamenduan. Gaualdi ederrak ziren Temps Zerok antolatutakoak. Pantaila handi batean argazkiak proiektatu, eta musikari batzuk zuzenean aritzen ziren.

Berriki, Atenasko beste erakusketa batean parte hartu duzu. Baionan bizi zara, baina, aldi berean, hiriburuz hiriburu bidaiatuz doaz zure irudiak?

Kolektiboaren lanaren ondorio bat ere bada Atenaskoa , nahiz eta ez pertsona berak izan. Coilmagazine deitzen den web aldizkariari lotua da. Aski hunkigarria da. Ni hemen nago, Baionan, nire etxean. Eta, aldi berean, gauza anitz gertatzen ari da eremu zabalean. Eta halako kolektibo bat osatu da nonbait, adin berekoak garenak, argazki istorio berdinetan gabiltzanak. Intentzio berdinekin. Eta gehienak ez ditut inoiz ikusi, egiazki! Gure loturak Facebook eta horrelakoen bidez ditugu. Batak bestearen egunerokoari segitzen diogu, elkar bultzatzen, elkarren liburuak erosten... Irrigarria da. Biziki kontent naiz horrelakoetan parte hartzeaz. Orain arte miresten nituen batzuen ondoan agertu da nire lana: Anders Petersen, Michael Ackerman, Jacob Aue Sobol... Guztiei egitura berek deitu gaituzte. Horrela du funtzionatzen. Dirurik gabe, helburu artistiko batekin; aldizkarietan gutxitan ikusten den argazkilaritza baten alde, erreportajeetako argazkilaritza ez dena.

Nolakoa da erreportajea ez dena?

Sentsazio bati lotua, intimoa. Espresionismoa da, nonbait. Testuingurutik kanpo, nonbait. Gaia usu poetikoa da.

Horrela zaitu aurkitu editoreak?

Bai, egitura greko horren bidez ezagutu nau. Posta elektroniko bat bidali, eta publikazio horren proiektua azaldu zidan. Aveyrongo editore bat da.

Beraz, Baionatik Greziara eta Greziatik Aveyronera iritsi da zure lana?

Berlinen abiatu da, Berlindik Parisera. Eta hortik gero hasi da kontua. Greziatik landa, Aveyronera.

Lanaren bilduma egitea ez da erraza. Nola egin duzu hautaketa?

Lehen gauza elkar ezagutzea izan zen, eta humanoki funtzionatzen zuen ikusi. Eta funtzionatu du. Hori biziki inportanta zen, lan anitz baita. Hark anitz entzun nau, eta nik ere bai. Begirada berri bat zuen, eta horri kasu egin diot. Nire irudi batzuek saturatzen ninduten. Hark eskatu zidan ehun argazki hautatzea, niretzat ezinbestekoak zirenak. Liburuan sartu lehen argazkia 1998koa da. Ondoan, aurtengoak sartu ditut. Nik absolutuki nahi nuena zen liburu sakon bat izatea, zorrotza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.