ATZEKOZ AURRERA. Txumai Iturria. Euskal selekzioaren aldeko mendi martxaren antolatzailea

«Selekzioaren aldeko herri dinamika bat aktibatu behar da»

Euskal selekzioaren aldeko mendi martxa prestatzeko lanetan dabil Iturria, buru-belarri. Ofizialtasunaren aldeko aldarria hauspotuko duen herri dinamika indartsu baten beharra sumatzen du.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Julen Aperribai.
Zarautz
2017ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Eguzkia bezala, ekialdetik mendebaldera joango da, aurten, euskal selekzioaren aldeko mendi martxa. Nafarroa Beherean eta Zuberoan egingo ditu lehen lau egunak, eta Bizkaia mendebaldean, gainerakoak. Uztailaren 29tik abuztuaren 5era bitartean egingo dute. Astebetekoa antolatzeak hilabeteetako lana du atzean, ordea. Lan horretan dabil, beste urte batez, Txumai Iturria (Zarautz, Gipuzkoa, 1960).

Zerbaitek batzen al ditu mendi martxan igaroko dituzuen bi inguruak?

Aurrez izanak gara Zuberoa aldean, baina bagenuen gogoa egonaldi luzeagoa egitekoa. Bestalde, pentsatu genuen Bizkaia mendebaldera, sarritan ahaztuta izaten dugun inguru horretara, joatea.

Etapen arteko geldialdiak edukiz jantzi nahi izan dituzue?

Zuberoan, adibidez, hango egoera soziolaborala, kulturala, linguistikoa eta abar izango ditugu hizpide. Bizkaiko zatian ere, hainbat gai jorratuko ditugu; besteak beste, herri galdeketak, Bilboko Burdin Hesiaren historia eta Meatzaldeko langileen borroka. Lekuan lekuko errealitatea ezagutzen saiatzen gara, bertako herritarren bidez.

Betiere, nazio ikuspegi batetik?

Noski. Gure filosofia oinarritzen da hazia ereitean, gero denborak bere fruituak eman ditzan. Zuberoan, esaterako, selekzioen inguruan bertakoekin jardutea garrantzitsua da guretzat. Bada gai bat Iparraldean batzen gaituena, eta nik uste dut jendeak begi onez hartzen duela; harremanak sendotzeko aprobetxatu behar dugu hori. Bestalde, ikuspegi nazionala ematea funtsezkoa da, selekzioarena denok ukitzen gaituen gai bat baita.

2015ean, ESAIT desegin zenean, mendi martxa egiten jarraitzeko beharra ikusi zenuten?

ESAIT desagertu ondoren,ordezkoren bat sortuko zela uste genuen, erreferente garbi bat galdu baitzen. Aurkeztu zen egitasmo bat [Jauzia], baina ez zen gorpuztu. Guk garbi genuen gure lana ez zela ESAIT ordezkatzea, ordura arte egindakoarekin jarraitzea baizik. Pentsatzen dugu, gainera, gure ekinbidea baikorra dela, eragiten duela jendearengan bizipoza. Bere txikitasunean, baina norabide egokian egindako urratsa da. Guk gurean jarraitu dugu, eta espero dugu laster bateansortuko dela herri mugimendu indartsu bat, zeinaren barruan gure ekinbideak aurrera eramango ditugun.

ESAIT desagertzeak zaildu al du martxa antolatzea?

Antolakuntza bera ez, baina egia da nolabait umezurtz utzi gaituela; aterki baten barruan geunden lehen. Orain, perretxiko batzuk daude, eta koordinatzea zailagoa da. Horren falta sumatzen dugu.

Badago aterki berri bat sortzeko adinako ilusiorik?

Jauziarekin egin zen saiakera beste esparru batzuetako babesak lortzeko, baina ez zuen funtzionatu. Zerbaiten beharra badago. Badago, bestalde, orain dela hiruzpalau urte Eusko Jaurlaritzak egindako txosten bat selekzioen bideragarritasunaz, non esaten den borondate kontua dela eta legeek ez dutela oztopatzen, hasiera batean. Ikusten dugu heldulekuak egon badaudela, baina ez zaiola eman gaiari behar duen garrantzia, ez administraziotik ez beste hainbat esparrutatik.

Asko hitz egin da aurten futbol selekzioaren Gabonetako partidan harmailek zuten itxuraren inguruan. Aipatu duzun erreferentzia faltaren ondorio izan al daiteke?

Gauza askoren ondorio da. Garbi daukagu partida berotzeko ESAITek antolatzen zituen dinamikek emaitza onak ematen zituztela. Gaur egun, ez dakit ESAITek deialdi hori egingo lukeen. Partidaren zikloa amaituta zegoen sentsazioa jada nabari zen elkarte barruan. Ea badagoen nahikoa indar egoera horri buelta emateko? Nik uste dut baietz, baina indar hori aktibatu behar da eta ilusioa zabaldu, gorpuztutako zerbaiten inguruan.

Instituzioek al dute erantzukizun handiena?

Ideala litzateke instituzioek gaiari helduko baliote. Heldulekuak badituzte, baina urteetan erakutsi dute ez diotela heldu eta hamaika aitzakia jarri dituztela; horietako asko gezurretan oinarritutakoak, frogatuta geratu diren moduan. Nahiko nuke Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gorbernuaren aldetik aldaketa bat izango balitz. Duela hiru urte, Gasteiztik Urepelera [Nafarroa Beherea] egin genuen mendi martxan, bien ateak jo genituen, eta aurretik ere talde parlamentarioekin harremanak izan genituen. Gaur da eguna oraindik erantzunik jaso ez duguna. Alde horretatik, mesfidatiak gara. Selekzioaren aldeko herri dinamika bat aktibatu behar da. Proposamen zehatzak eskaintzen zaizkionean jendeari, erantzuten du. Horri heldu behar zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.