ATZEKOZ AURRERA. Alex Schultz. Gitarra jotzailea

«Zoritxarrez, zuzeneko musikarentzat beste garai batzuk dira»

Gitarrak «urrutira» eraman du Schultz. Bluesaren eta jazzaren eskutik, AEBetako estatu eta munduko herrialde ugari bisitatu ditu. Tolosan egiten ari diren Tolosandblues jaialdiko «izarra» izango da.

BERRIA.
Maite Alustiza.
2017ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Alex Schultz gitarrista (New York, AEB, 1954) bigarrenez izango da Euskal Herrian: iaz, Hondarribian (Gipuzkoa) jo zuen, eta, gaur, Tolosan (Gipuzkoa) ariko da, 22:30ean, Euskal Herria plazan, Tolosandblues jaialdian. «Euskal Herria ezin hobea da, ederra. Eta jatekoa...»

Zer musika girotan hazi zinen?

Musikarako oso garai onean hazi nintzen. Irratiko pop musika ezin hobea zen; irratia libreagoa zen, eta denetarik geneukan. Gauza ezberdin eta eder asko entzuten hasi nintzen. Imajinatu, adibidez, 1964. urtea: Motown, James Brown, The Four Seasons, Beach Boys, Everly Brothers...

Hamar urterekin hasi zinen gitarra ikasten. Zure aitaordeak jazzarekiko zuen zaletasunak izan zuen eraginik horretan?

Gitarra klaseak hasi nituen urtean, The Beatles taldea ikusi genuen zuzenean AEBetako telebistan; The Rolling Stones bazetorren, eta Bob Dylan zirrara eragiten ari zen. Pop irratian, musika beltza hasi zen, eta bluesarekin interesatzen hasi nintzen. Aitaordea jazz zale amorratua zen, bai; hark ikusi zuen ni gitarrarekin aurrera nindoala, eta onenak erakusten zizkidan: Charlie Christian, Django Reinhardt, Wes Montgomery, Gabor Szabo, Bola Sete... Ezin izan nuen zorte gehiago eduki.

B. B. King, James Cotton eta Paul Butterfield. Zer dira zuretzat?

Bluesaren erraldoiak. Eskolan, ni baino helduagoak ziren lagun batzuk nituen, eta haiek erakutsi zizkidaten. Seko harrapatuta geratu nintzen. Harrigarriena da gerora ezagutu egin ditudala: Paul Butterfieldekin eta James Cottonekin jo dut, eta B.B. Kingen hasierako talde gisa aritu nintzen behin.

Eta Jimi Hendrix?

Ia dena da! Haren poster erraldoiak nituen logelako paretetan. Uste dut haren musika eta gitarra jotzeko modua aitzindariak izan zirela, eta oraindik saiatzen gara harengandik ikasten. Gure belaunaldiko Charlie Christian zen. Zorionez, New Yorken bost aldiz ikusi ahal izan nuen; beste mundu batekoa zen. Hil zenean, negar egin nuen.

Bostongo eskolan ikasten ari zinela, konturatu zinen munduan milioika gitarra jotzaile zeudela, eta baxua hartu zenuen.

Baxuarena oso interesgarria izan zen. Konturatu nintzen ona nintzela, eta ondo pasatzen nuela. Baxua jotzetik asko ikasi nuen, eta horrek gitarra jotzeko nire modua %100 hobetu zuen. 1980ko hamarkadaren erdian, nire ingurukoek esan zidaten: «Txo, gitarra jotzen aritu behar zenuke». Eta hala hasi nintzen. Beti izan naiz gitarrista, baina baxua maite dut, eta baxu jotzaile handi bat izan ninteke.

40 urte daramatzazu Kalifornian bizitzen. Horrek eraginik izan al du zure musikan?

Kalifornian bizitzeak eman zidan aukera musika munduan nire lekua aurkitzeko. Uste dut hori ezingo nukeela New Yorken egin. Kaliforniak espazioa eman zidan, garatzeko denbora, eta nire kasa hazten utzi zidan jendea ezagutzea.

Diozunez, zuria izanda ez zenuen inoiz imajinatuko blues gitarrista modura bidea egin ahalko zenukeenik. Trabarik izan duzu?

Hori esan nuenean, adierazi nahi nuen abesten ez zuen gitarra jotzaile zuri bat nintzela. Pentsatzen nuen konbinazio hori ez zela errezeta on bat blues musikari batentzat. Nire aurretik baziren batzuk, Michael Bloomfield edo Jimmie Vaughan, lehen urteetan abesten ez zutenak. Baina nik ez nuen ikusten neure burua hor egokituko zenik. Geroago, ordea, ikasi nuen horretan ez pentsatzen. Orain sentitzen dut garrantzitsua dela norberarekin eta norbere musikarekin zintzoa izatea. Horregatik saiatzen naiz blues tradizional asko ez jotzen.

1988an, Rod Piazza & the Mighty Flyers taldearekin, nazioartean ibili zinen denbora luzez. Nola gogoratzen duzu garai hura?

Bizitzako une bateko ametsa izan zen: mundu osoan bidaiatzea, maite nuena egitea, ordaindua izatea, eta nik bezalako musika maite zuen jendea ezagutzea. Nire gitarrak urrutira eraman ninduen. Era berean, zortea izan dut AEBetan asko jo ahal izan dudalako; amerikar asko ez da bere estatutik ateratzen. Uste dut 48 estatutan jo nuela. 1990eko hamarkada zen, eta hori posible zen. Zoritxarrez, zuzeneko musikarentzat beste garai batzuk dira oraingoak.

Taldeak utzi eta bakarka ibili arren, kolaborazio ugari egin dituzu. Zer ikasi duzu?

Garaiz iristen! Ez, serio jarrita. Musikari gisa neure buruaz asko ikasi dut, baita benetan zer egin nahi nuen ere. Ikasi dut oso ondo funtzionatzen dudala pieza baten parte bezala; ez dut zertan izan lehen lerroan dagoen mutila. Hainbat musika esploratu behar izan ditut, eta horrekin hazi besterik ezin zaitezke egin. Oraindik lan asko dut...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.