ATZEKOZ AURRERA. Asier Gozategi eta Iñigo Goikoetxea. Musikariak

«Gozategik beste heldutasun bat du»

Gozategi taldeak 25. urteurrena bete du, eta, hasierako urteetan bezala, ilusio berarekin jarraitzen du plazaz plaza kontzertuak ematen. Ez dute indarrik falta beste urte askoan jarraitzeko.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Mikel O. Iribar.
Donostia
2017ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Gozategi taldea sortu zela 25 urte bete dira. Sorrerako urte hartatik, Asier Gozategik (Orio, Gipuzkoa, 1972) eta Iñigo Goikoetxeak (Urdiain, Nafarroa, 1972) jarraitzen dute taldean, eta ordutik hona bizi izan dutenaren laburpena egin dute. 25. urteurren honetan, gainera, kontzertu bereziak eskaintzen ari dira. Donostiako Sagueseko agertokian eskaini zuten kontzertua, atzo, eta hurrengo geltokia Bilboko Aste Nagusian izango dute, hilaren 23an.

Donostiako Aste Nagusian, Gozategi da Saguesen joko duen euskal talde bakarra. Zer iritzi duzue horretaz?

ASIER GOZATEGI: Alde batetik, poza eman digu, pertsonalki, Saguesen jotzeak. Baina, beste aldetik, pena eman dit; izan ere, Saguesen Euskal Herriko musika talde gehiago entzutea gustatuko litzaidake.

IÑIGO GOIKOETXEA: Denok nahiko genuke euskal talde gehiago egotea. Nire iritziz, euskal musikaren egoera ez da batere txarra. Dena den, aurten ez bada izan, beste urte batzuetan egongo den itxaropena daukat. Nik uste dut Euskal Herriko taldeak poliki-poliki esparrua hartuz joango garela. Aurten, euskal talde bakarrarekin gutxi izan bada, datorren urtean talde gehiago egon beharko lirateke.

Zuentzat, Donostiako Aste Nagusia aldatu egin da 25 urte hauetan?

A.G.: Nire iritziz, aipatzekoa da Donostiako Piratek urte hauetan egin duten lana. Mugimendu horri esker, festak parte hartzaileagoak, herrikoiagoak eta jendearengandik hurbilagoak dira.

Mende laurdena eginda, atsedenik hartu gabe, herriz herri zabiltzate kontzertuak egiten. Zer moduz doakizue?

I.G.: Oso ondo. Guri musika egitea gustatzen zaigu, eta urtero-urtero herri askotan kontzertuak emateko aukera izan dugu. Horrek esan nahi du jendeari gustatu egiten zaiola. Musikari batek musika egiten duenean, hori baino gauza handiagorik ezin du eskatu. Egia esan, uste dut baditugula nahiko arrazoi harro eta pozik egoteko.

A.G.: Herriko plazetara joaten garenean, publikoak indar berezia ematen digu. Nik uste dut guk gehiago jasotzen dugula eskaini baino. Herritarrak jarrera onean daudela ikustean, asko eskertzen dugu.

Orain dela 25 urte hasi zineten jotzen. Ordutik hona, aldatu egin da zuen jotzeko modua?

I.G.: Jotzeko modua baino gehiago, pertsona gisa aldatu garela uste dut. 25 urte hauetan taldeak heldutasun bat hartu du, bakoitzaren erritmo pertsonala taldeko martxara egokitzen ikasi dugulako. Gaur egun, Gozategi errespetuaren inguruan osatzen den talde bat dela uste dut. Musikari talde bat baino gehiago, pertsona talde bat gara.

A.G.: Musikari dagokionez, orain dela zazpi urte bi tronpeta gehitu ziren taldera. Halere, gure musika eremua ez dute harago eramaten, baizik eta indartu egiten dute. Oraingoz, emaitza ona izaten ari dela uste dugu.

Nola bizi izan zenituzten hasierako urteak?

I.G.: Mutil gazte batzuk ginen orduan, eta dena oso azkar bizi genuelako sentsazioa daukagu. Oso intentsoa eta azkarra izan zen; diskoak, kontzertuak, elkarrizketak... dena bat-batekotasun batekin zihoan. Gaur egun, berriz, beste heldutasun batekin bizi dugu, eta, askotan, lehen baino askoz ere gehiago gozatzen dugu. Egia esan, urte haiei esker, bide asko ireki zaizkigu, eta, gaur egun ere, urte haiengatik, jendeak abestiak ezagutzen ditu.

A.G.: Denbora gutxian gauza asko egin ditugu. 25 urte hauetan bizi izan dugunari buruzko laburpena egiten hasten garenean ohartzen gara zenbat lekutan jo dugun. Harrituta geratzen gara. Orain, ordea, etxetik irtetetik sartzerako momentu bakoitza askoz ere gehiago bizitzen dugu, eta lehen egiten genituen gauza txiki horiek, orain, handi bilakatu dira.

Urte hauetan guztietan, aukera ere izan duzue kanpora joateko—Argentinara, Uruguaira, Finlandiara, Kataluniara...—. Nolako esperientzia izan da zuentzat?

I.G.: Beste agertokietan jotzea gauza ederra izan zen guretzat. Folk jaialdietan askotan ibili gara; Frantzian, Belgikan, Finlandian... pertsonalki eta musikalki oso aberasgarria izan dela uste dut. Esperientzia aldetik, oso aberasgarria izan zen guretzat. Horri esker, gauza asko ikasten dituzu, eta heldutasun puntu hori ere ematen dizu.

Espero zenuten 25 urte egin eta taldea oraindik bizirik dagoela ikustea?

I.G.: Hasierako urteetako elkarrizketetan esaten nuen gustatuko litzaidakeela handik hamabost urtera ere jarraitzea. Eta hamabost urte bakarrik ez dira pasatu, 25 baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.