SELFIE BAT MARIJAIAREKIN. Mariano Guz eta Egle Sciarappa. Kale artistak

«Burbuilak gai dira nagusiak ere ametsetan jartzeko»

Umorea, magia eta xaboizko burbuilak nahasita toki batetik bestera ibiltzen da Bubble On Circus bikotea; kalean aritzen dira ametsak zabaltzen.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Peru Azpillaga Diez.
Bilbo
2017ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Bilboko zeruan ez da hodeirik ikusten. Eguzkia nagusi da eguerdiko ordurik beroenetan, eta itzalak babes bila dagoen jendez mukuru daude. Hala ere, adoretsuenek, txanoz, guardasolez, eta eguzkitako betaurrekoz hornituta, Arriagako eskailerak bete dituzte Bubble On Circus konpainiaren emanaldia ikusteko. Bero kiskalgarria gainditu, eta xaboizko ponpekin amesteko irrikan.

Mariano Guz argentinarrak eta Egle Sciarappa italiarrak osatutako bikotea da Bubble On Circus. Bolognan bizi diren arren (Italia), toki batetik bestera ibiltzen dira, hainbat jaialdi eta ekitalditan kale emanaldiak egiten. Batzuetan bakarrik doaz, baina, gehienetan, beren seme-alaben laguntza izaten dute: Nicolas eta Violeta. Oraindik oso gazteak izan arren, hamaika toki ezagutu dituzte jada. Ikasturte osoan, eskolara joaten dira edozein ume bezala; oporrak dituztenean, ordea, gurasoekin ibiltzen dira, hiriz hiri karabana batean bidaiatzen.

Asteleheneko bi emanaldien ostean, Herbehereetara abiatuko dira; beraz, ez dute Bilboko Aste Nagusiaz gozatzeko asti handirik. Hala ere, «oso harrituta» daude, dagoen antolakuntza dela eta. Guzek azaldu duenez, 21 urte daramatza kale emanaldiak ematen: «Hamabost urterekin hasi nintzen nire kabuz ikasten, eta hamazazpirekin kalean aritzen nintzen jada; beti egin dut aurrera neure kabuz».

Sciarappa eta Guz bikote dira, eta baita konpainiakide ere. Sciarappak zirku ikasketak egin zituen Madrilen. Ezagutu, ezkondu eta haien emanaldi propioa sortzea erabaki zuten. Geroztik, horretan dabiltza lanean: «Ordu asko sartzen ditugu, ikerkuntza, magia trukoak, pertsonaien karakterizazioa...».

Aitzitik, «pribilegiatu» sentitzen direla adierazi du Guzek, beren zaletasunik handiena dutelako ogibide. «Egiten dudanarekin maiteminduta nago», erantsi du, «lan asko egiten dugun arren, ez naiz kexu, esfortzu eta izerdiari esker, gustatzen zaiguna egiteari esker bizi gara eta».

Suzko burbuilak

Burbuilak dira ikuskizunaren mamia. Era guztietakoak egiteko gai dira: handiak, txikiak, forma desberdinetakoak, kez betetakoak, lurrunezkoak eta baita suzkoak ere. Burbuilak hautatu zituzten, haien esanetan, «magikoak» direlako. «Ez dago adinik burbuilentzat, nagusiei ere amesteko aukera ematen diete», azaldu du Sciarappak. Gainera, Guzek dioenez, «asko landutako» teknikak erabiltzen dituzte, eta kalean egiten den burbuila emanaldi bakanetakoa da haiena. «Kalean aritzeak hainbat zailtasun dakartza: beroa, hezetasuna, haizea», arbuiatu du. «Alta, kaleak berezitasun bat du: toki askeak dira, mundu guztiari ematen dio aukera kulturaz gozatzeko; ez du inporta diru askorik duzun edota zein erlijiotakoa zaren, denek disfrutatu dezakete kale emanaldi batekin».

Alemania, Herbehereak, Italia eta baita Japonia ere; Bubble On Circus konpainiaren jardunak ez dauka mugarik. Bi seme-alaba izatea ere ez da oztopo haientzat: «Ahal dugunean gurekin etortzen dira, batzuetan luze egiten zaie bidaia, baina hala ere oso ondo pasatzen dute, eta beti daude laguntzeko prest; haientzat ere oso esperientzia polita dela uste dut», azaldu du Sciarappak.Urteak daramatzate kalea ogibide bilakatuta eta ilusioz eta ametsez beterik ibiltzen dira leku batetik bestera, herri bateko eta besteko kulturak ezagutzen eta alaitasuna garraiatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.