ATZEKOZ AURRERA. Gianfranco Tripodo. Argazkilaria

«Egin ez ditudan argazki gehiago ditut egin ditudanak baino»

Lau urte igaro ditu Tripodok Espainiako hegoaldeko mugan argazkiak ateratzen. Etikagatik batzuetan objektiboa jaitsi egin behar izan badu ere, hango egoeraren kontakizun bat osatu du.

Kerman Garralda Zubimendi.
2017ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Gianfranco Tripodo (Filipinak, 1981) Manilan jaio zen, baina Italian hazi zen, argazki kamera bati lotuta. Haren lan tresna bilakatu da, eta Espainiako hegoaldeko mugan bere objektibotik ikusitakoa kontatuko du gaur Donostiako San Telmo museoan, Europaren mugak zikloan.

Gizarte gaiei ateratzen dizkiezu argazkiak. Zer dela eta?

Gustatzen zaizkidan gaiak dira. Ikusi nuen Espainia bi kontinentetan banatutako herrialdea dela, eta errealitate hori ezagutzera joan nintzen. Immigrazioari lotutako arazo asko topatu ditut han, eta horiek erretratatu ditut.

Argazki kamera batek kontzientziak pitz al ditzake ?

Ez dut uste argazkiekin mundua alda daitekeenik, baina bai gogoetak eragin. Adibidez, jendeak zioen itsasoa zeharkatzen duten etorkinen drama amaituko zela Ailanen argazkiarekin, baina ez da izan horrela. Sarri pentsatzen dut argazki batek sor dezakeen eztabaida ere antzua dela, baina bueno...

Zer bilatzen zenuen hegoaldeko muga erretratatzean?

Hango egoeraren kontakizun zintzo bat egin nahi nuen. Eta dokumental gisa ahalik eta zehatzena izan zedila. Horregatik, argazkiak angelu guztietatik egiten saiatu nahiz.

Lortu al duzu?

Bai. Lau urte igaro ditut mugan argazkiak egiten, eta nire esku zegoen guztia egin dut. Gustatuko litzaidake jauzi masibo baten ostean ospitalean argazkiak egin ahal izatea, baina bertan ezin dira egin.

Erretratuak ere egiten dituzu. Ikusleak zerekin egiten du bat gehiago, erretratuekin ala gizarte gaiekin?

Argazkilari moduan, bi aukerak guztiz balekoak iruditzen zaizkit. Halere, komunikabideek erretratuak gehiago eskatzen dituzte. Tarte gutxi eskaintzen zaie munduan gertatzen diren gizarte gaiei.

Zergatik?

Arrazoi asko daude. Azken finean, komunikabideak korporazio handien barnean daude, eta beren interesei begiratzen diete ezer baino lehen. Horrekin lotuta doa publizitatea. Iragarkia jartzen duenak, ez du nahi alboan miseriarik agertzea. Eta hirugarren arrazoia bezeroa da. Irakurleari erraz digeritzeko gaiak eskaintzen badizkiogu, bere eskakizun maila jaitsi egiten da.

Eta zuk nola egiten duzu bat hesia gainditu berri duen etorkin batekin?

Garrantzitsuena errespetua da. Etorkina une horretan ahula da, eta bere tokian jarri behar da. Egin ez ditudan argazki gehiago ditut egin ditudanak baino.

Noraino iritsi behar da argazkilari bat?

Muga norberak jartzen du. Nik oso egoera gordinean dagoen norbaiti ez nioke argazkirik aterako. Baina hori neuk. Ulertzen dut gertatzen den guztia erakutsi nahi izatea argazkilari batek, eta bere buruari mugarik ez jartzea.

Noraino iristen da autozentsura?

Neure burua sekula ez dut mugatu autoritatearekin izan nitzakeen arazoak saihesteko. Egin dudanetan, arrazoi moralengatik izan da.

Gaur egun, denok dugu argazki kamera bat eskura. Lanbideari mesede ala kalte egiten dio horrek?

Ez du zerikusirik. Argazki kamera bat izateagatik, ez zara argazkilaria. Komunikabideek edonoren argazkiak erabiltzen dituzte, azkarren egindakoak horiek direlako. Baina lana, dudarik gabe, profesionalagoa da argazkilari batek egiten dituenean. Sakontasun handiagoa dute.

Nola ikusten duzu argazkigintzaren mundua?

Espainian ez dago komunikabiderik argazkigintzaren alde apustu seriorik egiten duenik, eta kanpora joan behar dugu. Baina normala iruditzen zait kanpora joan behar izatea, argazkilari batek mugitu egin behar du eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.