ATZEKOZ AURRERA. Marketa Kadlecova. Nutrizio aholkularia eta blogaria

«Ez da nahikoa ekologikoa izatea, kalitatezkoa ez bada»

Kozinatu aurretik plan bat izatea funtsezkotzat du Kadlecovak, sukaldean denbora aurrezteko. Uste du ez dagoela denentzako balio duen dietarik, baina oinarrian begetalak dituena lehenetsi du.

ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
2017ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Osasuntsu jan eta sukaldean denbora gutxi igaro. Hori lortzeko gakoak eman zituen Marketa Kadlecova nutrizio aholkulari eta blogariak (Ricany, Txekia, 1982), atzo, Ondarroako (Bizkaia) Kofradia Zaharrean. 2011tik Ekologikoak proiektua gidatzen du, Ian Badiola bikotekidearekin batera.

Janari lasterra koipearekin eta kolesterolarekin lotzen da. Azkar egindako guztia ez da ona?

Izan daiteke, noski. Hitzaldi hau ematea erabaki nuen, hain zuzen, ikusten nuelako jende askok pentsatzen duela osasuntsu jateko sukaldean ordu ugari pasatu behar dituzula.

Nahi izanez gero ahal dela diozu. Eta zu zeu zara horren adibide.

Bai. Bi haurren ama naiz, lana dut, baina osasuntsu jan nahi dut. Eta ikusten dut posible dela hamabost-hogei minutuan plater bat prestatzea, oso osasuntsua eta oso azkar.

Zeintzuk dira horretarako trikimailuak?

Lehenik, jakin behar duzu zer den kozinatu nahi duzuna: plan bat eduki behar da. Onena da idatziz egitea; bi egun, hiru, edo astebete. Eta horren arabera erosketa egitea. Ondo funtzionatzen du astean egun bat edo ordu batzuk hartzea eta aldez aurretik gauzak prestatuta uztea. Adibidez, igande arratsalde bat. Hori aprobetxatu dezakegu kinoa edo lekaleak egosteko, letxuga garbitzeko; edo barazki erregosiak egin nahi baditugu, barazkiak mozteko. Horiek beirazko edo plastikozko tuper batean gorde, eta prest dauzkagu hozkailuan: 20:00etan etxeratuta ere, hamar-hamabost minutuan plater eder bat atera dezakegu.

Food coach edo nutrizio aholkularia izanda, zein da zure aholkurik osasuntsuena?

Ez dago denentzako balio duen elikatzeko modu bakar bat: bakoitza ezberdina da. Batzuk, adibidez, makrobiotikoarekin hasten dira, baina agian beste batentzako horrek ez du balio. Badago jendea modu jakin batean jan nahi duena, baina familia osoarentzako bazkaria prestatu behar du, edo lanera eraman behar du janaria... Bakoitzaren inguruabarrak ikusi behar dira.

Eta oro har?

Oro har, dieta osasuntsuena elikagai begetaletan oinarritzen da; kontua ez da horiek jatea bakarrik, baina oinarria dira. Eta oso garrantzitsua da prozesatu gabeak izatea. Hortaz, oinarrizko osagaiak dira: lekaleak, zerealak, barazkiak, fruitu lehorrak... Gero, animalia jatorriko elikagaiak hartzea gehiago da erabaki etiko edo pertsonal bat. Baina horiek jatea erabakiz gero, onena da ikustea produktu horiek nondik datozen, aske egon ote diren, pentsu eraldatua jan ote duten...

Hiru otordu edo bost?

Hori ere bakoitzaren metabolismoaren arabera, baina gehiengoarentzat onena oinarrizko hiru otordu egitea dela uste dut, eta ordu tarteetan mokadu bat jateko zerbait osasuntsua eskura izatea. Ezer jan gabe ordu asko egonez gero, jendeak antsietatea du, eta denetik jaten du. Otorduetatik kanpo jateko, esaterako, fruitu lehorrak izan daitezke, edo bost minutuan presta ditzakegun barra energetikoak. Barrak hozkailuan edo izozkailuan bizpahiru astez izan ditzakegu; goizean, presaka baldin bagabiltza, atera, eta bizpahiru orduan jateko prest ditugu.

Ekologikoak.com ataria eta denda fisikoa sortu zenituzten duela hainbat urte. Zergatik ekologikoa?

Bikotekideak eta biok halako produktuak kontsumitzen genituen. Ni txekiarra naiz, eta bikotekidea hemengoa, eta lehenik Alemanian bizi izan ginen, gero Txekian... Hona etorri ginenean, ezin genituen topatu jan nahi genituen produktuak. Ni lanik gabe nengoen, eta denda fisikoa irekitzea erabaki genuen, hemen ez baitzegoen produktu ekologikoen dendarik; ez, behintzat, mota guztietako gai ekologikoak zituenik: etxerako produktuak, garbitzekoak, kosmetika... Ikusi genuen, ordea, jende askok ez zekiela gauzak nola prestatu, eta sukaldaritzari buruzko hitzaldiak eta ikastaroak ematen hasi ginen, filmak ematen... Dendan produktu ekologikoak ditugu, eta duela pare hilabetetik, errezetak blogean.

Ordutik, aukerak eta jendearen interesa areagotu dira?

Bai, merkatua asko aldatu da. Duela hamar urte, adibidez, hau beste mundu bat zen Alemaniarekin edo beste herrialde batzuekin konparatuta. Orain ohikoagoa da, eta aurki daitezke produktu ekologikoak supermerkatu handietan ere, baina agian ez dira kalitatezkoak. Ez da nahikoa produktua ekologikoa izatea, kalitatezkoa ez bada. Garrantzitsua da ekologikoa ez ezik ahalik eta gutxien prozesatua ere izatea. Adibidez, hanburger begetal bat: ekologikoa izanda ere, denbora jakin bat badarama edo osagai jakin batzuk baditu, agian ez da kalitatezkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.