ATZEKOZ AURRERA. David Blanco eta Señor Perez. Magoak

«Etxean bezala sentitzen gara edozein aretotan»

David Blanco eta Señor Perez magiari lotuta bizi dira. Urtea Edinburgon amaitu dute, nazioarteko jaialdi batean. Ohorea dela diote, mundu guztiko magoekin ibili direlako elkarri trukoak erakusten.

BERRIA.
Kerman Garralda Zubimendi.
2018ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
David eta Toni Perez (Gasteiz, 1972 eta 1970) anaiak eta lankideak dira. Taula gainean, baina, izen desberdinak erabiltzen dituzte: David Blanco eta Señor Perez. «Izen artistikoaren kontuak». Guztiek izen artistikoarekin ezagutzen dituztela diote. Eta ezagun asko dituzte, orain arte ibilbide oparoa izan baitute: nazioartean hainbat sari jaso dituzte, tartean 2016ko ikuskizun onenaren saria. Jaso duten azken aitortza Edinburgh International Magic Festival jaialdian parte hartzeko gonbita izan da. Zortzi emankizun egin dituzte Edinburgon.

Ezer berezirik prestatu duzue Edinburgorako?

DAVID BLANCO: Ez. Antolatzaileek aurretik ezagutzen zuten ikuskizun bat egin dugu: ni dagoeneko egonda nengoen Edinburgon, eta Señor Perezek Ingalaterran egindako ikuskizun batera joan ziren antolatzaileak.

Zer da Edinburgh International Magic Festival?

D. B.: Duela zazpi urte sortu zen magia jaialdi bat da, hirian magia gehiago jartzeko. Abuztuan ere antolatzen dute beste magia jaialdi bat, eta elkarren osagarriak dira. Gabonetakoa txikiagoa da, baina mundu guztiko magoak elkartzen gara, eta oso emankizun ederrak ikus daitezke.

Berezia da han parte hartzea?

D. B.: Ohorea da. Gure magia beste mago batzuekin konpartitu dezakegu. Gainera, areto guztiak bete egiten dira, eta oso berezia da lepo dagoen areto batean jardutea.

Eskoziarrak magiazaleak dira?

D. B.: Magia baino gehiago, esango nuke zuzeneko emankizunak gustatzen zaizkiela: magia, dantza, antzerkia... Ohitura handia dute zuzeneko ikuskizunak kontsumitzeko, eta oso publiko eskertua da.

Taula gainean zaudetenean, zer da zuentzat bereziena?

D. B.: Publikoarekin duzun hartuemana. Etxean bezala sentitzen gara munduko edozein aretotan: ikusleak aurrean ditugunean, piztu egiten gara.

Nolakoa da etxetik kanpo jardutea?

D. B.: Lan gehienak Euskadin egiten ditugu, baina gustuko dugu kanpora joatea, ikusteko eta ikasteko besteek zer egiten duten. Gainera jende gehiago ezagutzeko aukera ematen dizu, eta beste xarma bat du.

Nolatan hasi zineten magiaren munduan?

D. B.: Gure aitaren lagun bat oso magiazalea zen, eta, hura ikusten genuenean, esku jolas bat egiten zigun. Harri eta zur uzten gintuen. Gerora, magia liburu bat erosi genuen guk ere egiten ikasteko, eta horrela hasi ginen.

Nolakoa da mago baten entrenamendua?

D. B.: Lehendabizi, alor teknikoa landu behar da: trikimailuaren xehetasun guztiak ongi ezagutu behar dira. Psikologia apur bat ere behar da, publikoarekin jolastu behar baituzu, azken finean. Eta trikimailuari zure ukitua eman behar diozu, besteengandik bereizteko.

Dena asmatuta dago magiaren munduan?

D. B.: Beti berritu daiteke. Atzo bertan egin genuen emankizunean ideia bat izan genuen, eta dagoeneko lanean gabiltza ideia hori txertatzeko. Agian goizegi da oraindik, baina gehituko diogu pieza hori emankizun osoari.

Zenbat denbora behar duzue trikimailu bat perfekzionatzeko?

SEÑOR PEREZ: Askotariko trikimailuak daude, eta batzuk besteak baino sinpleagoak dira: Davidek kartekin egiten dituen trikimailuak azkar ikasten dira, baina burbuilekin egiten dudan ikuskizuna perfekzionatzeko bost edo sei urte behar izan nituen. Pertsonaren araberakoa ere bada: magiarako sena berezkoa baduzu, azkarrago ikasten dituzu gauzak.

Ikuskizuna beti berdina da, ala ikuslearen arabera egokitzen duzue?

S. P.: Nire ikuskizuna musikala da; beraz, edozein tokitan errepikatu dezaket. Aretoa egokitu behar da, baina ez dut errepikatzeko arazorik. Daviden ikuskizuna, berriz, ahozkoa da. Hizkuntza aldatu behar da, eta, umorea ere tokiaren arabera aldatzen denez, jakin behar duzu tokira moldatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.