ATZEKOZ AURRERA. Sonia Camara. Erizaina

«Gogorra da itzultzea, han krisi bat uzten baituzu»

Sonia Camara boluntario aritu da lanean Bangladeshen, Myanmarko rohingyekin. Egoeraren larriak harritu egin du.«Itzultzea espero dute, baina ez da berehala konponduko».

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Zizur
2018ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Azken urteetako krisi humanitario larriena: hala izendatu du NBEk rohingyen egoera. Myanmarko armadak egindako garbiketa etnikotik ihesi, 700.000 erbesteratu inguru bizi dira Bangladeshen abuztutik, edo bizirik irauten saiatzen dira. Han, muino artean, banbuz eta plastikoz eraikitako errefuxiatuen eremuetan izan da Sonia Camara erizaina (Iruñea, 1988), Mugarik Gabeko Medikuak-ekin lanean.

Zer aurkitu duzu Bangladeshen?

Hara ailegatzean, harritu egiten zaitu gatazkaren neurriak. Jadanik jende anitz bizi den toki batean, gehienak nekazaritzan lan egiten duten eremu oso txiro batean, 700.000 erbesteratu daude bat-batean. Harrigarria da nola egon daitekeen hainbeste jende han, nola ailegatu diren, eta nola ari diren irauten duela sei hilabetetik.

Zer lan egin behar izan duzu?

Mugarik Gabeko Medikuek bertako langileak kontratatzen dituzte, eta kliniketan egiten dute lan. Guk formazioa ematen diegu, eta lanaldiak antolatzen. Baina krisietan ez zaude kudeatzeko soilik, eta jendea artatu behar izaten duzu.

Horrelako lan batek pertsona gisa aldatzen zaitu?

Bai, beti aldatzen zaitu. Azkenean, burua ireki behar duzu; bestela, gaizki pasatzen duzu. Hangoa hemengo gisan ulertzen saiatzen bazara, ez duzu zer eginik.

Adibideren bat jar dezakezu?

Beste kultura bat da. Ikusten duzu ume batek ospitalean geratu behar duela ingresaturik, baina ez dute familia banatzerik onartzen. Amak beste haur bat du etxean esperoan, eta etxera joan behar du, baina umearekin. Esaten diozu ospitaleratzen ez badu hil egingo dela, eta hark zera erantzuten dizu: hiltzen bada, hila izango dela, beste haur bat duela. Hori ulertzea, osasun langile gisa… Heriotza beste modu batera bizi dute, eta familia, gaixotasuna... Ez dituzte gure balio eta lehentasun berak. Horrek frustrazio handia dakar, eta badago jendea hori oso gaizki daramana.

Momentu gogorrak biziko zenituzten. Zer zailtasun izan dituzu?

Larrialdia izanda, ez duzu behar adina bitartekorik: botikak, azpiegiturak, ingurumena... Gero, zailtasun kulturalak daude: adibidez, han ez dute ezezkoaren kulturarik. Inork ez dizu esanen ez zaituela ulertu; guztiari baietz. Txorakeria dirudi, baina hori zailtasun handia da. Gainera, itzultzaileekin egin behar duzu lan. Bestalde, horrek neke mental handia dakar, ez bakarrik fisikoa, egun osoa lanean ematen baituzu.

Hori ez da Iruñean erizain izatea bezala. Zer ikasi duzu?

Hemen inoiz aurkituko ez ditudan egoerei aurre egiten ikasi dut: difteria kudeatzen, edo inhalagailuentzako nebulizazio ganberak plastikozko botilekin egiten. Hau da, babak eltzetik ateratzen ikasi dugu.

Egun batzuen buruan, Ginea Bissaura zoaz. Zer eginen duzu han?

Misio ohikoago batera noa; beraz, gainbegiratzen, kudeatzen eta entrenatzen ariko naiz, hiriburuko ospitale batean. Haurren hilkortasuna murriztea dute helburu, handia da-eta. Okerrena da eurite aroan noala; beraz, baliteke malariak gora egitea.

Oso ezberdina izanen da lana?

Bangladeshen dena hasi berri zen, ia egunero zerbait berria genuen, gaixotasun berriak... Egunean egunekoari erantzun behar genion. Ginean ospitale batera noa, eta langileak protokoloetara ohiturik daude.

Bidaiatzea gustuko duzu, baina hauek ez dira ohiko bidaiak.

Hau ez da bidaiatzea, ez, baina bai kulturak ezagutzea, eta hori bada bidaiatzearen zati bat. Hori asko egiten duzu, bete-betean sartu behar duzulako bertako gizartean.

Agian gehiago?

Askoz ere gehiago, bai. Haiekin lan egiten duzu, haiek bezala jan... Haien etxeetara gonbidatzen gintuzten; harremana egiten duzu, haien istorioak ezagutzen dituzu...

Itzultzen zarenean, nola uzten dituzu toki horiek?

Gogorra da, krisi bat uzten baituzu han. Lan handia egin duzu, eta aldaketak egon dira: hiru hilabetean azpiegiturak %300 hazi ziren, eta hori ikaragarria da. Sentsazio ona duzu egindako lanarekin, baina txarra da zu etxera zoazela, eta haiek han geratzen direla, etorkizunik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.