ATZEKOZ AURRERA. Beñat Gaztelumendi. Bertsolaria

«Festa euskaraz natural bizitzea, izan ere, bi aldiz bizitzea da»

Gaztelumendik azaldu du bazutela kezka bat Aste Nagusiko festetan euskarak duen erabileraz, eta euskara lantaldea sortu zuten iaz. Hala, jaietan euskaraz soilik aritzea du xede Piraten 'Hartu Txanpa' egitasmoak.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2016ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Donostiako Aste Nagusia hasi besterik ez da. Jaien eskaintza zabalean, Donostiako Piratek aniztasuna hartu dute oinarri. Eta, festa horietan, badira euskalgintzarekin kezkatuta daudenak. Kezka hori dela eta, euskara lantalde bat sortu zuten hainbat gaztek iaz, Beñat Gaztelumendi (Añorga, Donostia, 1987) bertsolaria tartean zela. Hamar kide inguruk osatzen dute taldea, eta festak euskaraz planteatzea eta euskaraz bizitzea dute helburu.

Euskara lantaldea iaz sortu zenuten. Zein izan zen zuen abiapuntuafestei begira taldearekin hasteko?

Parranda giroan sortu ohi zen gaia zen euskalgintza. Abiapuntua zen euskara fase berri batean sartuta dagoela egun, eta diskurtsoa aldatu behar dela. Asko jarduten ginen, baina ez genuen praktikara eraman. Lorea Agirrek Korrikan emandako mezua entzun ondoren, ekiten hasteko beharra ikusi genuen. Praktikara eramateko, Piratak sekulako oinarria izan dira.

Zer-nolako egitasmoak sortu dituzue taldean?

Hasieran, lantaldea nahiko autonomoa zen. Gaiari bueltak ematen hasi ginen: ea euskalgintzak Piratei zein ekarpen eman ziezaiokeen, eta Piratek euskalgintzari nolakoa. Aurreko urtea hitz egiten pasatu genuen, eta, aurten, gure lehen egitasmoa antolatu dugu.

Hartu txanpa izeneko egitasmoa, hain zuzen.

Bai. Egia eta Añorga auzoetan antzeko egitasmo bat egin zuten, bakarrik euskaraz bizitzeko. Egitasmoaren helburua mintzagaia erdigunean jartzea zen, eta sortzen ziren mugei aurre egitea. Esperientzia ikusita, Piratekin berdin egin genezakeela pentsatu genuen. Helburua da Aste Nagusian euskaraz bizitzea.

Zer-nolako harrera agertu du jendeak euskaraz soilik jardutean?

Añorgaren kasuan, lagun batzuek ez zekiten euskaraz, edo gutxi ulertzen zuten, baina harrera oso ona jaso genuen. Edonola ere, beste batzuen begietan, euskararen gatazka ez da existitzen, eta ez dago ez trabarik ez arazorik ere. Zailagoa izan da arazoa horiei ikusaraztea, baina lortu dugula uste dut.

Aste Nagusiko festak euskaraz bizitzea zer da zuretzat?

Pertsonaren arabera, hizkuntza aldatzen dugu; batarekin erdaraz, bestearekin euskaraz... Zer pentsatuko duten kezkaz ibiltzen gara. Aste batez euskaraz bakarrik eginda, ordea, kezka hori galdu egiten da. Piratetan festa bizitzea ederra da, baina festa euskaraz natural bizitzea, bi aldiz bizitzea da.

Nolako harrera espero duzue egunotan?

Ona. 200 partaide inguru bildu gara, eta partaideok txapak eramango ditugu. Partaideek eragina sortu nahi dute, eta ez besterik gabe txapa bat jantzi. Egitasmoaren parte izateak jendearengan halako konplizitate bat ere sortzen du. Jasotako harrerak gure aurreikuspenak gainditu ditu orain arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.