ATZEKOZ AURRERA. Joseba Larratxe, 'Josevisky'. Marrazkilaria

«Leku gutxitan bizi daiteke komikietatik»

Bere marrazkiak dituen komiki bat AEBetan argitaratzear da Larratxe, sektorean berezitutako DC argitaletxearekin: ekainaren 5ean izango da, argitaletxeak berak webgunean aurreratu duenez.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue Irureta.
Usurbil
2015eko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Nabari zaio hizkeran familia Berakoa (Nafarroa) duela Joseba Larratxe Josevisky marrazkilariari (Irun, Gipuzkoa, 1985). Hainbat euskal argitalpenetan argitaratu dituzte Larratxeren lanak, baita egun ere. «Ate gehien ireki» ziona Kklrd izan zen, lagunekin sarean eta doan jarritako webkomikia: hori dela eta, Josebalarratxe.tumblr.com helbidean ditu ikusgai zenbait lan. Ekainaren 5ean, haren irudiak daramatzan komiki bat argitaratuko du AEBetako DC argitaletxeak, antologia baten barruan.

Zer egiten du irundar batek AEBetan argitaratzen?

Benetan bilatutako zerbait izan da, eta ez kasualitate edo zortearen ondorio. Duela urtebete jarri ginen harremanetan argitaletxearekin Iurre Ugarte eta biok, Bartzelonako komiki azokara joan ginenean. Proiektu bat garatzen ari ginen, eta, hura saldu nahian, argitaletxe guztietan gure propaganda uzten joan ginen: ez genuen inondik inora espero, baina Vertigokoek [DCren adar bat] hitzordua eskatu ziguten han bertan elkartzeko.

Baina gerora eskatu zizuten egin berri duzun lana, ezta?

Kontua da guk 150 orrialdeko komiki luze bat, nobela grafiko bat saldu nahi geniela. Eta, noski, haien erantzuna izan zen: «Neska-mutilak, ezin dizuegu hori erosi, ez baitzarete ezagunak. Baina gustatzen zaigu egiten duzuena, eta harremanetan jarraitu nahi genuke». Aurrerago, nire lana bidaltzeko eskatu zidaten, haiek artxiboan edukitzeko, digitalki. Ez nuen ilusiorik egin nahi, baina azkenean aukera eman didate gidoi bat marrazteko.

Nolakoa izan da prozesua?

Gidoia pasatu zidaten, jada itxia, esan dezagun. Gidoilaria ez, baina haren obra ezagutzen nuen: Genevieve Valentine da, Catwoman-en komiki berrien egilea, nahikoa arrakasta izan duen serie bat. Ez naute hasiberri batekin elkartu, nik uste bezala. Antologiako beste egileak ere oso ezagunak eta oso onak dira.

Ohorea, beraz?

Eta neurria ez ematearen beldurra!

Gidoilaria oso zorrotza izan da?

Askatasun handia eman didate bai berak bai argitaletxeak ere. Zirriborroa eskatu zidaten, eta esan zidaten horixe bera asko gustatu zitzaiela, ez zuela zirriborroa ematen. Egia esan, ohi baino gehiago landu nuen, ez bainuen amaierarako gauza gehiegirik utzi nahi lotu gabe. Niretzat gozamena izan da.

Haiekin gehiagotan argitaratzeko itxaropenik baduzu?

Espero baino gehiago, hori da nire nahia. Ahal izan dudan ondoen egin dut lana; gaupasa batzuk ere egin ditut, ez nuelako maila jaitsi nahi. Nirea zein egilerekin batera aterako duten ikusita, pentsatzen dut badutela konfiantza nirekin!

Zaila da sudurra sartzea?

Marrazkilariok badaukagu gure alde gauza bat: gure marrazkiak dira gure curriculuma. Izan zaitezke narratzaile ona, edo txiste onak egin ditzakezu... Konturatu naiz marrazki onak egiten ditudala, eta zortea izan dut, marrazkiak erakustearekin soilik jendearen arreta lortu izan baitut.

H28-n parte hartzen duzu. Zer moduzko giroa dago zuen artean?

Makina bat barre egiten dugu! Komikilari gutxi gara, eta nahiko erraz sortzen da giro ona. Ni neu bakarrik sentitu izan naiz alde horretatik; badaukat lagun marrazkigileren bat, baina ez askoz gehiago. Euskal Herriko beste marrazkigileak ezagutzea akuilua izan da niretzat.

Marrazkigile izatea etxekoen errua omen da zure kasuan.

Etxekoena baino gehiago, geneena. Aita oso marrazkilari ona da, anaia ere bai... Haurrak ginela, ipuinak irakurri beharrean, komikiak irakurtzen zizkigun aitak. Gaztaroan, astebukaeratan, Baionara eramaten gintuen, hango denda batera, frantsesa praktikatzeko aitzakian. Ezin da alderatu Frantziako eta Espainiako komikien merkatua. Euskal Herrian badaukagu tradizio hori, Iparraldean; kolonializazioak izan behar zuen alde ona! [barreak].

Marrazketatik bizi daiteke?

Euskal Herrirako soilik lan eginda ez. Badago jendea hemen bizi dena, baina Frantziako merkaturako edo Estatu Batuetako merkaturako lan egiten duena. Tradizio kontua da: munduan oso leku gutxitan bizi daiteke komikiak egitetik, Japonian, Frantzian edo Belgikan...AEBetan, adibidez, badago merkatua eta badago industria; are, badaude komikiaren langileak.

Komikiak edo bozetoetarako koadernoak, zer daukazu gehiago?

Komikiak. Marrazkilari bezainbeste naiz bildumagilea. Haurra nintzela hasi nintzen. Usurbilen horren %10 izango dut [han bizi da], eta badauzkat bi apal handi beteta. Gurasoenean biblioteka oso bat daukagu.

Zein da zure ametsa?

16 urte nituenetik, badut ideia bat buruan: epopeia intergalaktiko bat, zientzia fikziozkoa. Hiru tomo lodi izango ditu [barreak]. Gainera, euskaraz izango da, eta munduko hizkuntza guztietara itzuliko da. Ez da batere amets umila [barreak].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.