ATZEKOZ AURRERA. Xabier Arratibel. Askekintza Animalistako kidea

«Tortilla beganoak ez du amarrurik»

Askekintza Animalistak laugarren urtez jarri du txosna beganoa Donostiako Aste Nagusian. Gaur patata tortilla beganoen lehiaketa egingo dute. Iaz antolatu zuten aurrenekoz txapelketa, jaietan.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2015eko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Jaiak «animalien esplotazioa areagotu eta betikotu gabe» ospa daitezkeela erakutsi nahi dute Askekintza Animalistako kideek. Haietako bat da Xabier Arratibel (Zarautz, Gipuzkoa, 1991). Gaur, Donostiako Aste Nagusian bigarren urtez, patata tortilla beganoa egiten lehiatuko dira. Saguesen izango da txapelketa, 12:00etan. «Iaz bezala», harrera ona espero dute.

Ospatu al daitezke jaiak animalia jatorriko janaririk gabe?

Gure ustez, jaiak animaliak inolako zentzutan erabili gabe ospa daitezke. Aste Nagusian jarriko dugun txosna beganoa horren adibide da. Bestalde, aurten, Errenterian, nahikoa sartu dugu muturra jaietan, eta beganismoaren aldeko pauso garrantzitsuak eman ditugu herri bazkarian, pintxo potean, gure txosnarekin... Ekintzetan ere, idi dema baztertu, eta gizon eta emakume probarekin ordezkatu dugu, eta sokamuturra ordezkatzeko lanean ari gara. Bola erraldoiaren entzierroa antolatu genuen, adibidez; oso dibertigarria da, eta bideoa Interneten ikus daiteke.

Zein helbururekin antolatu duzue tortilla beganoen lehiaketa?

Bigarren aldia da Donostian lehiaketa antolatzen duguna. Iaz, erantzun polita izan zuen. Beldurrez geunden, ez genekielako inor etorriko zen. Sorpresa hartu genuen, ordea: hasi baino bi ordu lehenago jende mordoa hasi zen etortzen; amona batzuk ere azaldu ziren tortilla beganoa eginda. Aukera izan genuen publiko nahiko heterogeneoaren aurrean beganismoari buruz hitz egiteko, baita animalien eskubideen inguruan aritzeko ere. Txosna dugunez, udalak ekintza kulturalak antolatzeko eskatzen digu; hau da horietako bat.

Aurtengoak ere arrakasta izango du, beraz?

Noski, baina, iazkoa ikusita, apur bat mugatu behar izan dugu. 30 lehiakide soilik aritu ahal izango dira. Bi epaimahai egongo dira: batetik, sukaldaritza beganoan adituak direnena, eta bestetik, herri epaimahaia. Horrela, bertatik pasatzen den jendeak tortillak dastatzeko aukera izango du, baita bozkatzekoa ere.

Zeintzuk izango dira sariak?

Hiru izango dira, iaz bezala. Lehen saria adituen epaimahaiak emango du: Landare jatetxe beganoan afari edo bazkari bat izango da. Bigarren saria afari bat da, gure txosnan; hori ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Hirugarrena saski bat izango da, belar dendako produktuekin.

Iaz edonor gertura zitekeen lehiaketara, tortilla beganoa egiten jakin gabe ere.

Erabat irekia da alde horretatik. Beganismoak abantaila hori du: barneratzailea da. Bazkari begano batean, edonork jan dezake. Baina, alderantzizko eran, ezin du mundu guztiak jan.

Patata tortilla zuk nola egiten duzu?

Osagaiak sinpleak dira: patataz gain, irinarekin jokatu beharra dago, arroz irinarekin, soja irinarekin, garbantzu irinarekin edo arto irinarekin. Nik normalean erabiltzen ditudanak arto irina eta garbantzu irina dira, erdia eta erdia. Hori urarekin nahastean, arrautza irabiatutakoan lortzen denaren tankerako nahasketa lortzen da. Likido hori patatari gehitu, eta hori da tortilla. Tortilla beganoak ez du amarrurik. Gero, bakoitzak nahi duen erara egiten du. Ni nahiko alferra naiz sukaldean, praktikora jo ohi dut.

Txosnako eskaintzatik zer gomendatuko zenuke?

Aukera polita dugu menu bat hartzeko. Adibidez, duruma, seitan kebab baten modukoa. Patata frijitu batzuekin eska daiteke, eta freskagarri batekin, adibidez. Menu hori oso sinplea da, eta mundu guztiari gustatzen zaio.

Elikaduraz gain, zer eskatuko zenukete aldatzeko jaietan, oro har?

Animaliak erabiltzen diren ekintzak festetatik kentzea da borroka, gizarte gisa garatzea pixkanaka. Donostian ekintza asko egiten dira animaliekin. Animalien eskubideekiko kontzientzia duten pertsonek borrokatu behar dute herri bakoitzean animaliak errespeta daitezen.

Zezenketak Aste Nagusira itzuli dira. Atzerapausoa izan al da?

Atzerapauso galanta izan da. Lotsagarria da hauteskundeen aurretik EAJ, PSE-EE eta PPk zezenak bueltan ekartzea adostu izana Chopera familiarekin. Eneko Goia alkatearen arabera, aukera bat zen herritarrei Illumberekin zer egin galdetzea; eskuak garbitzeko esan zuen soilik. Atzeko atetik, zezenak ekarri dituzte, eta ate handitik aterako dira: probintzia guztietatik etorriko da jendea, eta gure errege ohi jauna ere badator. Zalaparta handiz iragarri dute, zezenketek oraindik arrakasta dutela saldu nahian.

Nola ikusten duzue Euskal Herriko jaien etorkizuna?

Oso ondo. Lan handia dago egiteko, baina gero eta kontzientzia handiagoa dago. Oso argi dugu: abolizionista gisa, animalien esplotazioaren amaiera nahi dugu; ez dugu baldintzak hobetzerik nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.