ATZEKOZ AURRERA. Juantxo Zeberio. Musikaria

«Bizitza eta izaera poliedrikoak ditut»

'Yau Samayaye' kontzertua gidatuko du bihar Zeberiok, Tolosako Leidorren (20:30). Arizmendi eta Laskorain ikastoletako abesbatzetako umeek eta lau musikarik hartuko dute parte.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2016ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Ez zaio bereziki gustatzen zuzendari makila eramatea. Baina oholtzan zein hortik kanpo «naturaltasunez» hartzen ditu halako egitekoak Juantxo Zeberio musikariak (Tolosa, Gipuzkoa, 1968).

2011n Laskorain abesbatzarekin grabatu zenuen diskoko kantu bati jarri zenion Yau Samayaye izena. Orain berriz hartu duzu izena. Zergatik?

Yau Samayaye Senegalgo wolf hizkuntzatik dator, eta umeak eta amak elkarri deitzeko erabiltzen duten hitza edo adiera da. Oso hitz polita, sinbolikoa eta deigarria iruditzen zait, afektiboki indar handia duena. Hori dela eta, proiektu hau martxan jarri nuenean, berriz hartzea erabaki nuen. Izan ere, haurrekin egindako beste egitasmo bat da. Gainera, badut helduekin egiten dudan antzeko proiektu bat, eta hark ere izen afrikarra du: Umama.

Kontzertuaren izenburua bezain erakargarria al da errepertorioa?

Oso errepertorio bizia, dinamikoa, polita, atsegina eta askotarikoa osatzea lortu dugula esango nuke. Moldatutako kantu sorta bat dut nik, eta horien artean batzuk aukeratzeko esan nien. Bi abesbatzek batera kantatuko dituzten abestiak izango dira. Bestalde, bakarka kantatuko dituzten kantuak aukeratzea gehiago utzi nuen haien esku. Horrenbestez, askotariko estiloak eta doinuak entzungo dira: Zea Mays, Ken Zazpi, Imanol, Leonard Cohen... Kontzertu honek jarraipena izatea nahiko genuke.

Nola kudeatzen dira 120 ume eta nerabe oholtza baten gainean?

Niretzat oholtzakoa baino zailagoa da aurretik egiten den lana: kantuak aukeratzea, eman nahi diozun sonoritatea zehaztea, moldaketak egitea... Behin hori eginda, abesbatzetako zuzendariek txapela kentzeko moduko lana egiten dute oholtzakoa ondo joan dadin. Oso erraza eta gozagarria da, gainera, umeekin lan egitea. Oholtza gainera igo, eta dena ematen dute. Buru- belarri sartzen dira egin behar dutenean; garbi daukate non dauden, eta ardura ikaragarria erakusten dute. Oso bizkorrak dira.

Zuzendari musikala, abestien moldatzailea eta piano jotzailea zara kontzertuan. Non sentitzen zara erosoena?

Niretzat, dena bat da, baina, halakoproiektuetan, prestakuntza aldetikbeti pianoa jotzeari jartzen diot arreta gutxien, beti baititut beste gauza batzuk lotzeko eta lantzeko.

Halako eskarmentua izan arren, zuk ere behar dituzu entseguak?

Noski. Entsegu aldetik nahiko justu iristeak beti eragiten dizkizu deserosotasuna eta segurtasun falta. Agertokian gozatzeko, beharrezkoa da partituraz ahaztea, eta entseatuz eta ikasiz lortzen da hori.

Zuzendari musikala izanda, belarria ez al zaizu pianotik harago joaten?

Bai, bai. Musikaren ikuspegitik, kontzertuaren ardura nirea da. Horretan adi egon behar dut, eta gustatzen zait. Beste arreta eta intentsitate batekin bizi duzu kontzertuan gertatzen dena.

Bizitzan ere zuzendari makila hori eramatea gustatzen zaizu?

Bizitzako une bakoitzean jakin behar duzu non zauden. Batzuetan, gidari lanak egitea tokatuko zaizu, eta hori naturaltasunez hartu behar duzu. Besteek, azken batean, zuk lan hori egitea espero dute. Beste batzuetan, berriz, atzean egotea tokatzen zaizu, eta hori ere pribilegio gisa ikusi behar da. Gakoa da bietan onena ematea.

Anai-arreben artean ba al da makila hori eramatea gustatzen zaionik?

Hor ere oso garbi daude rolak. Orkestraz ari bagara, zuzendaria Miguel da. Denek onartzen dugu lidergoa harena dela. Xabik deitzen badit laukotearekin aritzeko, argi dut liderra bera dela, eta, anaiek Umama-n parte hartu behar badute, ulertzen dute nire ardura.

Zeberiotarrak beti ari zarete gauza berriak sortzen. Erraza al da musika munduan berritzaile izatea?

Zorionez edo zoritxarrez, gure izateko eta bizitzeko modua oso askotarikoa da, poliedrikoa. Berdin ibiltzen gara gaita jotzaileekin, orkestra sinfoniko batekin edo jazz laukote batekin. Baina nik ez nuke bide urratzaile gisa ikusiko geure burua. Gustatzen zaiguna da jende berriarekin lan egitea, eta estetika eta sonoritate desberdinak lantzea. Gauza berriak probatzea, azken batean.

Bada musika tresnarik hartzen ez duzun egunik?

Gutxitan, baina asteburuetan, tarteka, bai. Lau ume ditut, eta haiei ere denbora eskaini nahi izaten diet. Oporretara ere askotan ez dut eramaten. Lehen eraman egiten nuen. Orain, lizentzia gehiago hartzen ditut.

Imajinatzen duzu bizitza musikarik gabe?

Oraintxe bertan, ez dut imajinatzen. Baina niretzat garrantzitsuagoak dira familia, lagunak... Egunen batean bukatuko balitz, beste modu batera bizitzera ohitu beharko nuke, baina horri ez diot beldurrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.