ATZEKOZ AURRERA

Herri oso bat kaleari emana

Egunotan, kale antzerkiaren topagune bihurtzen da Leioa. Umore Azokari esker, han elkartzen dira herritar, programatzaile eta sektoreko profesionalak. Ezinbesteko bilgunea da askorentzat.

Organik dantza taldeak Irrintzi musika eta dantza ikuskizuna eskaini zuen, atzo, Leioan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Leioa
2016ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Kaleak Leioa (Bizkaia) hartu du, eta jendeak, kalea. Joan den ostegunetik, kalean bizi da herria, kale antzerkiak bere egin baitu Leioa. Umore Azokak herri osoa mobilizatzen du egun hauetan, kale antzerkiaz gozatzeko dagoen eskaintza ere halakoa baita. Lau egunetan, 54 ikuskizun eta horien 125 emanaldi daude aukeran, eta atzo bertan 47 emanaldi izan ziren. «Zaila izaten da zer ikusi aukeratzea, eta, horregatik, lehen emanaldiekin hasi baino lehen, ikusi nahi dugunaren ibilbide bat antolatzen dugu», esan zuen atzo arratsaldean Maria Etxebarriak. Taberna bateko terrazan zegoen, esku batean azokako programazioa eta bestean arkatza zuela. «Umore Azokak dantza, ikuskizun eta mimoak ikusteko aukera zabala ematen digu, eta ahal den neurrian aprobetxatzen saiatzen gara». Kalea hartzen duen horietako bat da. Mapa hori buruan garbi edukitzea izaten da gakoa, momentu batzuetan herriko gune ezberdinetan hamar ikuskizun eskaintzen egon baitaitezke aldi berean. Antzezlan bat dagoen leku bakoitzean jendea erruz inguratzen da. «Harrera eta interakzio handia sumatzen da hemen; oso beroa da», zioen Laurentx Etxemendik, Organik dantza konpainiako kideak. Irrintziaren inguruko interpretazioa egiten duen Irrintzi musika eta dantza ikuskizuna egin zuten udaletxeko plazan. Saxofoiarekin irrintzi bat interpretatu zuen Etxemendik, eta ikusleen erantzuna beste irrintzi bat izan zen. «Plaza garrantzitsua da Leioakoa, jende anitz etortzen baita azokara, eta gogotsu baitaude».

Baina Leioako kaleetan ez dira ikusleak bakarrik ibiltzen, kale antzerkiko 200 programatzaile eta profesional inguru ibiltzen baitira bertako eskaintza zabala aztertzen, ondoren ikuskizun horietako bat beste leku batean programatzeko. Horregatik, presio bikoitza izaten dute artistek, bai baitakite ikusleez gain programatzaileak ere bertan daudela. Miguel Angel Vieirak badaki programatzaileen presentziak presioa sor dezakeela, «baina kaleko antzerkia etengabeko presioa da, ezustekoak ugariak izaten dira eta». Gaztela eta Leonen (Espainia) aritzen da kaleko antzerkia programatzen, eta, Etxebarriak egin bezala, berak ere aurrez erabakita eraman zuen zer ikusi. «Zirkuko ikuskizunak interesatzen zaizkit gehien, baina denetarik ikusten saiatzen naiz». Begiratzen du ea jendeari ikuskizuna gustatzen zaion, haien arreta bereganatzen duen, eta antzezleek zuzenean nolako jarrera daukaten. «Leioan estreinaldi ugari egoten dira, baita euskal konpainienak ere, eta eszena horretan eguneratuta egoteko etortzen naiz hona». Horregatik guztiagatik sumatzen du presio hori Etxemendik.

Ohorezko saria Kukairi

Emanaldiak bata bestearen atzetik ikusi ahal izan ziren atzo, baina gaur eta bihar ere beste horrenbeste ikusteko aukera izango da. Halaber, kaleko ikuskizunak eskaintzeaz gain, atzo Umore Azokaren ohorezko saria eman zioten Kukai dantza talderi, «dantza tradizionala ikusgarri bihurtzeagatik, beti ikuspegi garaikide batetik». Antzokitik kalerako saltoa Leioan eman zuen konpaini horrek, eta sortu dituzten lau kale ikuskizunak ere han estreinatu zituzten. «Leku berezia da horregatik guretzat Leioa», esan zuen Jon Maia dantzariak, eta horregatik egin zion ilusio berezia sari hori ere jasotzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.