ATZEKOZ AURRERA

Indarrak erakarri ditu

'Star Wars' film sortari buruzko 1.500 pieza baino gehiago ikus daitezke Iruñeko Baluarte jauregian, igandera arte. Salvador Vazquezek osatu du bilduma, 1977. urteaz geroztik.

Star Wars pelikula sortako Yoda jedi maisuaren pieza, Iruñeko Baluarte aretoko erakusketan. J. MANTEROLA/ ARP.
Iñaki Berastegi.
Iruñea
2017ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Galaxia berri batera jauzi egin du Iruñeko Baluarte jauregiak. Nafarroako hiriburura iritsi baita Luke Skywalker, Darth Vader, Leia printzesa eta Star Wars pelikula sortako gainerako pertsonaiak biltzen dituen erakusketa, Salvador Vazquez Star Wars-eko mireslearen eskutik. Pelikuletako soinu bandarendoinupean, 1977. urtetik aurrera bildutako mota guztietako 1.500pieza baino gehiago ikusteko aukera dago: mahai jolasak, argazkiak, margolanak, pertsonaiak, pelikuletako eszenen birsortzeak eta abar, eta abar.

Mota guztietako jendea erakarri du erakusketak: haurrak, helduak eta adinekoak. Dena den, guztien gainetik gailentzen da mutiko bat; youtuberra da, eta bere Youtubeko kanalerako bideo bat grabatzen ari da, erakusketan ikus daitezken pieza guztiak erakutsiz eta haien inguruko azalpenak emanez.

Haurrak gehien erakartzen dituen piezetako bat erakusketa gelaren erdi erdian dago: Star Wars-eko bideo joko zahar batekin jokatzeko makina.

Darth Maul pertsonaia Star Wars-eko The phantom menace (Mamu mehatxua) pelikulan agertu zen, eta Ray Park aktoreak interpretatu zuen rola. Vazquezen pertsonaiarik «kutunena» da, eta erakusketaren erdian jarri du pertsonaiaren erreplika: «Aktorea ezagutzeko aukera izan nuen, eta interpretatu zuen pertsonaiaren laser ezpata sinatu zidan». Vazquezen miresmena harago doa, ordea, eta ogibidez tatuatzailea denez, Darth Maul pertsonaiaren tatuaje berbera egin zuen aurpegian. Hori horrela, Vazquezek berak egindako pieza batzuk ikusgai daude: «Margolan pare bat eta nik egindako tatuaje batzuen irudiak ere sartu ditut erakusketan».

Baluarteko aretoan jarri duen erakusketa kronologikoki antolatzen saiatu da Vazquez: espaziontziak alde batean jarri ditu, eta mahai jolasak, liburuak eta bestelakoak beste aldean. Erdian kokatu ditu pertsonaiekinzerikusia duten piezak, pelikuletako eszenak eta tamainaerrealeko Yoda, Darth Maul, Jawa eta inperioko soldaduen erreplikak.

Yoda jedi maisuaren erreplika gustatu zaio bereziki Antonio Celorriori. Hala ere, aitortu du pelikuletako bere pertsonaiarik gustukoena Darth Vader gaiztoa dela: «Star Wars ikusten nuenean, alde ilunak irabaztea nahi nuen». Laura Huerta bikotekidearekin batera etorri da Celorrio Logroñotik (Espainia). Biak dira Star Wars-en miresleak. «Erakusketa ikusteko jai hartu dugu lanean. Tamaina errealeko erreplikek harritu naute bereziki».

Manex Zabalak 8 urte ditu, eta Baluarte jauregian Star Wars-en miresle gazteenetako bat da. Zaletasuna aitarengandik datorkiola onartu du, gurasoek barre egin duten bitartean: «Star Wars-eko zazpigarren pelikula zineman ikusi aurretik, aitarekin beste pelikula guztiak ikusi nituen». Donostiatik etorri da Zabala, eta erakusketa guztia ikusi ondoren esan du R2D2 pertsonaiaren figura gustatu zaiola gehien.

Darth Vader kaskorik gabe agertzen den figurak harritu du Hugo Del Canto. Baluarten egiten ari den Iruñea Beltza literatura beltzaren jardunaldietara etorri da Del Canto, Arantxa Perez bikotekidearekin batera. Perezek, ordea, Del Cantori Star Wars-en erakusketarekin ezustekoa eman nahi zion, eta literaturaren jardunaldiaren aitzakia baliatu du horretarako. Del Cantori «ilusio handia» egin dio ezustekoak, eta etengabe ari da argazkiak ateratzen. Beste hainbati bezala, lehenengo pelikulekin sortu zitzaion Del Cantori Star Wars-ekiko zaletasuna: «Lehen hiru pelikula haiekin hezi zen belaunaldiko parte naiz. Hiru pelikula horiek dira niretzat berezienak, beste askorentzat bezala». Star Wars unibertsoko zortzi pelikula atera dira dagoeneko, baina azkena oraindik ikusteko aukerarik izan ez duela aitortu du Del Cantok. Perezek Star Wars gustuko du, baina ez da bere bikotekidea bezain zalea.

Rafa Melero idazlea ere Iruñea Beltza jardunaldian parte hartzera etorri da, eta Iruñean egingo duen egonaldia aprobetxatu du erakusketa ikusteko. Erakusketako piezei begira txundituta geratu da, eta aitortu du haurtzaroa ekarri diotela gogora: «Pelikula haiek ikusten hezi nintzen, eta, piezak ikustean, nire haurtzaroarekin topo egin dut. Erakusketa oso ongi dago, baina bereziki lehendabiziko hiru pelikuletako piezei begira nabil».

Erakusketa osatzeko 40 urte behar izan ditu Vazquezek: «Lehendabiziko pelikula zinemara eraman zutenean hasi nintzen piezak erosten. Erakusketa hau nire bizitza da». Duela bi urte erabaki zuen erakusketa antolatzea, eta Iruñea da hartu duen bigarren hiria.

Star Wars-eko galaxiak, ordea, argiaren abiaduran alde egingo du Baluartetik. Izan ere, atzo zabaldu zuten erakusketa, eta bihar izango da ikusteko azken eguna, Nafarroako hiriburuan bederen. Sarrerak hiru euro balio du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.