ATZEKOZ AURRERA. Hassan Kamoga. Zinemagilea

«Garrantzitsua da LGTBQ komunitateaz harago iristea»

Abenduan antolatu zuen Kamogak Queer Kampala LGTBQ zinema jaialdiaren lehen aldia,Ugandan. Bilboko Zinegoak jaialdiaren ohorezko saria jasoko du horregatik, bihar.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2017ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Giza eskubideen aktibista eta zinemagilea da Hassan Kamoga (Kampala, Uganda, 1986). Ugandan debekatuta dago homosexuala izatea, baina LGTBQ zinemaldia antolatu du hiriburuan. Abenduan egin zuten lehen aldia, eta Bilbora etorri da Zinegoak jaialdiaren saria jasotzera.

Nola bururatu zitzaizuen Queer Kampala jaialdia antolatzea?

Ugandan nagusi den ezjakintasunari aurre egin nahi genion, sexualitatean heziketa falta handia baitago. Pertsonak beren sexualitatea dela-eta kriminalizatzen dituzte, eta uste dugu filmak balia ditzakegula pentsamolde hori aldatzeko.

Komunitate horretako pertsonek zailtasun handiak dituzte han. Nolakoak?

LGTBQ komunitatearenganako gorroto handia dago, politikarien babesaren eta Ugandako muturreko lider erlijiosoen erruz. Hori guztia borrokatu nahi dugu filmen bidez. Zinemagile gisa, filmak dira gure armak; ez dugu bestelako armarik borroka egiteko.

Jaialdia antolatzeak zu zeu zinemagilea izatearekin izango du zerikusia, ezta? Outed izeneko filma egin zenuen duela gutxi.

Ugandan badira LGTBQ mugimenduaren inguruko film asko, baina gehienak atzerriko zinemagileek eginak dira. Outed ugandarrek bakarrik egindako filma izan zen. Ugandako presidenteak homosexualen aurkako adierazpena sinatu zuenean egin genuen, 2014an.

Traba handiak izan zenituzten abenduan jaialdia egiteko?

Ez genuen Poliziaren baimena lortu, eta kontu handia eduki behar izan genuen jaialdia non egingo zen ez esateko. Dena sekretupean gorde genuen; halere, Interneten bazegoen informazioa,eta nahi zutenak jakinaren gainean zeuden. Baina gure jaialdia ez zegoen LGTBQ komunitateko jendearentzat bakarrik, noski. Garrantzitsua da bestelako jendearengana ere heltzea.

Baimenik gabe, nola moldatu zineten, orduan?

Etorri nahi zuen jendeak mezuak bidali behar zizkigun, guk jakiteko non izan zuten Queer Kampala jaialdiaren berri. Jakin beharra genuen nor zetorren, eta nondik atera zuen informazioa. Poliziako norbait etor zitekeen beldur ginen, edo talde homofobo bateko norbait. Ez zen batere atsegina izan, baina...

Afrikan, oro har, homosexualitatea ez dago ongi ikusia. Zure ustez, zergatik gertatzen da hori?

Errua muturreko buru erlijiosoei botako nieke, Ugandara AEBetatik eta Kanadatik etorriei. Haientzat, oso erraza da gorrotoaren diskurtsoa zabaltzea; aurretik, homosexualitatea ez da sekula arazo izan. Gure historia aztertuz gero, ez duzu ikusiko homosexuala izateagatik inor atxilotu dutenik.

Kolonizazioa da gakoetako bat?

Bai, erlijioa oso afera koloniala baita. Ugandan diote homosexuala izatea afrikarra ez izatea dela, eta Biblia erabiltzen dute homosexualitatea kriminalizatzeko. Biblia ere ez da Ugandakoa, ordea!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.