ATZEKOZ AURRERA. Hasier Larrea. Ingeniaria

«Teknologiari esker, metro koadro guztiak ez dira berdinak izango»

Ory Sistems enpresak sistema bat aurkeztu du hirietako etxebizitza txikietako metro koadroen erabilgarritasuna handitzeko. Larreak dio espazioaren «esfortzurik gabeko» eraldaketa dela gakoetako bat.

HASIER LARREA.
Iñaki Berastegi.
Iruñea
2017ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Sei urte daramatza Hasier Larrea ingeniariak (Donostia, 1989) robotika eta arkitekturarekin lanean Bostongo (AEB) MIT Media Laben. Metro koadro adimentsua lortzeko lanean diharduen ingeniari talde bateko kide da, eta euren lehendabiziko produktua kaleratu berri dute: botoi bat klikatuta espazioa eraldatzen duen altzaria. Ory Sistems enpresa sortu dute produktua garatzeko, eta prototipoak egiten bost urte pasa ondoren, lehendabiziko produktua merkaturatzea erabaki dute. AEBak eta Kanada dira lehendabiziko merkatuak.

Produktu horrek nola konpon dezake etxebizitza bateko metro koadro eskasia?

Ory Sistemsen garatu dugun lehendabiziko produktua etxebizitza edo mikroetxebizitzetarako pentsatuta dago. Etxebizitza horiek dituzten arazorik handienei erasotzen diegu. Espazioaren banaketa, egongelarik ez izatea, eta gauzak gordetzeko leku falta dira arazo nagusiak. Gure sistemak espazioaren banaketa aldatzen du, eta, aldi berean, gauzak gordetzeko leku asko sortzen du. Ideia da etxebizitza txiki bati handiago baten erabilgarritasuna ematea.

Sistema zenbat metro koadrotako etxebizitzetarako prestatuta dago?

Batik bat, 30 eta 60 metro koadro arteko etxebizitzetarako. Hori da produktuaren aplikaziorik onena. Dena den, guk estrategia handiago bat dugu, eta robotika hori espazio txikiagoetan edo handiagoetan aplika dezakegu: hoteletan, bulegoetan... Hau bakarrik lehenengo aplikazioa da.

Botoi bat ukituta, egongela banatzen duen altzaria mugitu, eta espazioa aldatu egiten da.

Magikoa eta esfortzurik gabeko etxebizitzaren eraldaketa da guretzako gakoa. Espazioa gure beharretara moldatzea esan nahi du horrek, eta ez alderantziz. Gure produktuen atzean ideia hori daukagu. Metro koadroa eta erabilgarritasuna modu lineal batean ulertzen dugu: zenbat eta metro koadro gehiago, orduan eta erabilgarritasun handiagoa. Teknologiari esker, metro koadro guztiak ez dira berdinak izango.

Zein da produktu horrek egin dezakeen ekarpen nagusia?

Frogatu dezakegu 30 metrok 40 metrok baino erabilgarritasun handiagoa dutela. Eta horrek konponbide bat ematen digu: milioika jende hirietara joaten bada eta metro koadro gutxi baldin badaude, metro koadro horiek ondo erabili behar dira. Metro koadro adimentsua eta eraginkorra sortu dugu.

Bada, zenbat metro irabaz daitezke etxebizitza batean?

Azken urteetan etxebizitzak era oso espezifikoan diseinatu ditugu. Lo egiten dugun lekua logela da, eta lan egiten dugun lekua bulegoa. Ekintza horiek guztiak ez dira aldi berean gertatzen. Horrenbestez, espazio asko hutsik daude ordu askotan. Ez dugu metro koadro gehiago lortuko, baina, robotikari esker, hori eman dezake.

Hortaz, hiri handietara bideratutako produktua da?

Metro koadroa oso garestia den hirietarako pentsatuta dago, bai. Egoera horretan, bi aukera baino ez dauka jendeak, eta bereziki gazteek: hiriko erdigunetik oso urrun bizitzea, edo hiriko erdigunean oso etxebizitza txikia erosi edo alokatzea. Guk paradigma hori aldatu nahi dugu. Lehenengo produktua gazteei begira pentsatutakoa bada ere, enpresaren negozio ideia zabalagoa da.

Zenbat balio du sistema hori etxebizitza batean jartzeak?

Jendea ez da konturatzen gauzarik garestiena, alde handiarekin, metro koadroa dela. New Yorken, metro koadro batek 10.000 euro balio dezake. Gure lehenengo sistema hau eraikin berrientzako egin dugu, eta zertxobait garestiagoa da; 10.000 euroko kostua du gutxi gorabehera. Orain, aukera duzu 20 edo 30 metro gehiago ematen dizkizun 10.000 euroko sistema erostea edo metro koadro bakoitza ordaintzea. Teknologiaren kostua metro koadroarenarekin alderatuta, oso baxua da.

Dena den, produktua ez diezue zuzenean bezero txikiei saltzen. Zergatik?

Higiezinen sustatzaileei eskaintzen diegu produktua, eraikin handiak eurek kontrolatzen dituztelako. Enpresa txiki bat gara, eta jendearengana zuzenean iristeko zailagoa da. Hala ere, arrazoi garrantzitsuena da AEBetan eta Kanadan jende gaztea ez dagoela etxebizitzak erosten, alokatzen baizik.

Zenbat energia gastatzen du sistema horrek?

Produktu horrek 100 watt baino gutxiago kontsumitzen du erabiltzen den bakoitzean. Eta, adibidez, etxeko lehortzaile batek 1.000 watt erabiltzen ditu. Hamar sistemek ere gutxiago kontsumituko lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.