ATZEKOZ AURRERA. Guillaume Irigoien. Kazetaria

«Giroaz mozkortzen naiz, ez alkoholaz»

ETBko ikusleentzat aurkezpenik behar ez duen kazetari eta aurkezlea da Irigoien, bai eta Karrikaldiren antolatzaile nekaezina ere; bestak euskal kulturaren alde lanean ematen dituzten horietakoa.

garbine ubeda goikoetxea
Baiona
2017ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Animazioa eta lana uztartzen ongi daki Guillaume Irigoienek (Ainhize, Nafarroa Beherea, 1959), urteak baitaramatza horretan. Euskal kultura herrikoia eta hiria ere uztagarri zaizkio.

Zer behar da Baionako bestetan kazetari gisa lanean aritzeko?

Pazientzia. Eta, gero, behar da indarra, bururik ez galtzeko, beti topatzen baituzu ezagunen bat. Adinaren pribilegioa da hori.

Adinagatik bakarrik al da?

25 urte dira hemen bizi naizela, eta horrek ere laguntzen du.

Mikrofonoa eskuetan duzula, jendeak errespetatzen zaitu?

Nirekin ongi pasatzen da, baina egia da kamera, mikrofonoak eta bestak ez direla beti ongi lotzen, bereziki elkarrizketak grabatzean. Gure lankide Nereak jasan behar izan zuen duela bi urte nerabe batengandiko portaera okerra. Baina momentu dibertigarriak ere gertatzen zaizkigu, bereziki gauean. Lekuek eta orduek zerikusia dute horretan.

Zer bilatzen duzu lanera ateratzen zarenean?

Iparraldearen Orena-rako ari naizenean, besten aurpegi guztiak erakustea. Iaztik, ordea, ez da programarik udan. Albistegietarako lanak denbora gutxiago hartzen du.

Bestarako gehiago, beraz. Maite duzu besta?

Bai, baina bestak ere lana eragiten du. Gauza asko konpondu behar da besta baino lehen. Nire kasuan, Karrialdiaren prestaketari jarri behar diot arreta. Gauza askoren korapiloa da momentu hori, baina, behin ahal izan, eta gustura ibiltzen gara.

Baionako bestetan nor da arrotzago, euskalduna ala turista?

Ez dut nire burua arrotz sentitzen. Egia da gaindituta gaudela, baina hala da bestez kanpo ere. Baionara bizitzera etorri nintzelarik, duela 25 urte, 25.000 biztanle ziren Baionan, eta orain bagara 50.000, eta etorritakoak ez dira Iparralde barnealdetik etorri lehen bezala. Beraz, egunerokoa da egoera. Bestak sentipen hori indartzen ahal du, baina gu ibiltzen garen tokian, etxean sentitzeko modurik ere bada. Karrikaldi, adibidez, herriko plaza bat da. Turistarik ere biltzen da, baina turistek deskubrimentua egiten dute.

Anekdotarik?

Egun batez, Dantzazpi hasi zelarik, entzun genion turista bikote bati esaten: 'A, baina dantzatzen dute!'. Hori bukatu eta Baionan Kantuz hasi zelarik, 'a, baina kantatzen dute!', erran zuten harrituta. Beraz, turistei ere gertatzen zaie kanpotar sentitzea.

Zer maite duzu bestetan?

Batik bat, jendearekin elkartzea. Ezagun asko ikusten duzu. Bada irri erraz egiteko giroa, giro lasaia. Hori biziki maite dut, eta ekarpenik ere bada azken urteetan. Azken ekarpen handienak bi direla esango nuke: bata gaztetxeak abiatu zuena, duela bospasei urte. Bestea laborarien txokoa da, eta horrek denak asetzen ditu, bai kanpotarrak, bai bertakoak. Barnealdekoa naizenez, jende asko ezagutzen dut hor, leku miragarria da.

Zer ez duzu maite?

Zahar marmarti batentzat pasa naiteke, baina iruditzen zait jende batzuk bestara datozela eta ez dakitela nola egin besta, kontsumitzaileen gisa datozela.

Zer egiten da ongi Baionako bestetan?

Euskal kultura herrikoiaren ildotik, tresna batzuk egokitu dira hiriko bestari. Dantzazpi Ibaialdek eta Leinuak asmatu zuten, duela 27 urte. Duela hogei urte, Baionan Kantuz asmatu zuten, eta formula horiek beste hirietara eraman dira. Egia erran, euskal kultura herrikoia oso egokia da hirirako, jendea elkartzeko eta bestarako tresna politak eskaintzen ditu. Hori dena baloratzea falta da, hainbeste gauzen artean ez baita ikusten.

Egin liteke bestarik mozkortu gabe?

Bai. Nik alkoholik gutxi edaten dut. Giroaz mozkortzen naiz.

Zer berri eman nahiko zenuke noizbait albistegian?

Bestak ongi pasatu direla, istripu, ezbehar eta eraso sexistarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.