ATZEKOZ AURRERA. Migel Gutierrez-Garitano. Bidaiaria eta idazlea

«Bidaia liburu bat da, baina kazetaritza eta historia ukitu batekin»

Liburuetan irakurritako istorioak bizitzeko asmoz, mundu guztian zehar ibili da idazle gasteiztarra. Oraingoan, Perura egindako bost bidaia jaso ditu 'Vilcabamba. El Reino Escondido' liburuan.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2017ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Araba du sorleku Migel Gutierrez-Garitanok (Gasteiz, 1977), baina mugak txiki gelditu zitzaizkion aspaldi. Mundu guztian zehar ibili da, hara eta hona, tokian tokiko jendea, historia eta misterioak ezagutuz. Etxera itzultzean, bizipenak liburuetan jasotzea du gustuko.

Oraingoan zein bidaiari buruz idatzi duzu?

Perura egindako bost bidaia jasotzen ditut Vilcabamba. El Reino Escondido liburuan. Vilcabamba inken azken hiria izan zen Espainiako armadak erabat garaitu arte. Jendeak, baina, ez du horren berri, hiria basoan galdu egin zen eta. Esploratzaile asko saiatu dira hura topatzen, eta hiriaren inguruko teoria asko daude, baina ez dago ezer argirik. Istorio horiek guztiak jaso ditut lehen eskutik.

Lan erraza izan al da?

Espainiarrei asko kosta zitzaienVilcabamban sartzea, eta hori ez da kasualitatea. Iristeko leku zaila da, garaiera handiko mendiz eta baso itxiz inguraturik dagoelako. Gainera, eremu arriskutsua da, droga trafikatzailez josirik dagoelako eta Sendero Luminoso talde armatuko gerrillariak bertan babesten direlako. Guri ere kosta zaigu aurrera egitea.

Pozik azken emaitzarekin?

Bai, pozik nago. Bizitako guztiagatik, eta ziklo bat itxi dudalako. 2011. urtean hasi nintzen proiektu honekin, eta esperientzia gogorra izan da. Obsesio puntu bat ere izan dut, burutik kendu ezinik ibili naiz eta. Baina liburua esku artean izatea oso pozgarria da.

Nola definituko zenuke liburua?

Bidaia liburu bat da, baina kazetaritza eta historia ukitu batekin. Hori da nire marka. Nire liburuetankontatzen ditudan bidaiek zailtasunen bat izan behar dute. Gainera, saiakera historikoak pisu handia izaten du. Eta, azkenik, kazetaritza zertzeladak ere badituzte, erreportaje eta elkarrizketen bidez bertako egoerak islatzen ditudalako; gaineratu nahiko nuke proiektu humanista bat ere badela, lortutako irabazi guztiak Manuel Iradier Elkarte Afrikanistarentzako direlako.

Eta zeure burua?

Liburuan jartzen duen bezala, heterodoxoa naiz, saltsa guztietako perrexila. Jakin-nahi handiko pertsona naiz, eta asko gustatzen zait jakin-min hori jendearekin partekatzea. Hortik dator nire idazle sena. Kazetari izandakoa naiz, baina egun, nahiz eta liburuan kazetaritza lana dagoen, ez dut horretan lan egiten. Esploratzaile ere deitu izan didate, baina handinahiegia iruditzen zait nire partetik. Zerbaitek erakarri egiten banau, hara noa, eta asko gustatzen zait horrek eragiten dituen esperientziak bizitzea.

Hurrengo proiektua begiz jota daukazu?

Liburu asko dauzkat idazteke. Hau nire zaletasun bat besterik ez da, denbora librea dudanean idazten dut, eta, ondorioz, poliki egiten dut aurrera. Printzipioz, ez dut beste bidaiarik egingo. Idatzi gabeko bidaia asko ditut, eta horiek gorpuztearekin konformatzen naiz.

Bidaia bat egitean, asko murgiltzen zara tokiko historian, jendearekin, egoerarekin...?

Bidaia guztiak oso desberdinak dira. Bakarrik joan naiz batzuetan, taldean besteetan; inguruak ere asko aldatzen du esperientzia. Afrika beltzak ez du arrasto arkeologorik, baina bertako jendea izugarria da. Andeetan, berriz, asko dago bilatu eta ikertzeko, baina jendea itxiagoa da. Eta ezin ahaztu tokiko errealitatea. Iraken egon nintzenean gerraren gordintasuna ikusi nuen, imajina ezin den egoeretan bizi diren jendea ezagutu...

Tokiko jendearekin enpatia asko garatzen da?

Animikoki ere eragiten dit. Gazte garaian edozeri aurre egiteko gai nintzen, baina bidaia bakoitzetik zaharragoa itzultzen naiz, eta geroz eta gehiago kostatzen zait.

Horrenbeste bizipenek eta istorioek nola janzten dute norbait?

Nire erregaia bezalakoa da. Irrikatzen nauten gaiak dira, eta egiten dudana izugarri gustatzen zait. Nolabaiteko indar ikusezin bat dago, gaiak bertatik bertara ezagutzera eramaten nauena, eta nire kazetari senak-edo jasotakoa idaztera bultzatzen nau. Idaztean ez dut irakurle kopuruan pentsatzen, baizik irakurlea hara garraiatzen saiatzen naiz aulkitik altxatu gabe.

Noiz jabetu zinen bidaiatzea eta idaztea zirela gehien gogobetetzen zaituzten ekintzak?

Txikitatik izan naiz horrelakoa. Etxean beti izan dugu irakurtzeko ohitura handia, eta betidanik harrapatu naute. Hasieran, bidaia imajinarioak ziren, baina 23 urterekin lehen bidaia handia egin nuen, eta, orduz geroztik, hara eta hona nabil. On Kixote bezala: horrenbeste liburu irakurrita, bera atera zen kalera istorioen bila. Ni, berdin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.