ATZEKOZ AURRERA. Roberto Awa Narik. Kokamera hiztuna

«Neologismoak behar ditugu, baina nora garamatzate?»

Awa Narik kokama da, eta, hortaz, kokameraz mintzo da. Dioenez, mundu ikuskera aldatu egin behar da hizkuntza gal ez dadin. «Kokameraz pentsatu behar da aurrena, eta gero egin».

Kerman Garralda Zubimendi.
Basauri
2018ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Aktorea, ipuin kontalaria eta musikaria izanik, komunikatzaile ona da Roberto Awa Narik (San Pedro Tipishka, Peru, 1997). Esan du inprobisatu egingo duela bihar kokamerari buruz emango duen hitzaldia, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, Hitz Adina Mintzo zikloan.

Ez al duzu ezer berezirik prestatu?

Hitzaldietan, beti galdetzen dut zer lotura duten hizkuntzak eta gizarteak; niretzat, hizkuntza ezinbestekoa da gizarte bat ulertzeko. Euskal Herria zer den jakiteko, euskaraz ikasi eta pentsatu behar izan dut. Hizkuntza batek leku bat ematen dizu bizitzeko; ez geografikoki, soziologikoki baizik.

Zer lotura duzu zuk kokamerarekin?

Etxean ikasi nuen, nire aititak eta amak hitz egiten zutelako. Nire ama hizkuntza zen, baina debekatu egin zuten. Nire hizkuntza ederra da, baina madarikatua egon zen; nire amak erabat galdu zuen, eta ni berreskuratzen nabil, apurka-apurka eta nire kabuz bada ere.

Zergatik debekatu zuten? Estigmatizatutako hizkuntza al da?

Bai, indigenen hizkuntza delako. Guk beste mundu ikuskera bat dugu. Gure mundua interpretatzeko erak talka egiten du Peruko kulturarekin. Peruko kultura inka da, eta inkak inperialistak dira. Haien mundu ikuskera inposatu digute, eta horrek dena aldatzera behartu gaitu, tartean hizkuntza. Esaterako,ez dugu txanponik, trukean eta familien artean moldatzen gara. Nola azaldu gure herriaren ekonomia zer den? Zer den negozioa?

Unescok dio kokamera arrisku bilzian dagoela. Egoera horren gordina da?

Arriskua nabaria da. Esaten dute kokameraz ezin dela gauza batzuez hitz egin. Gezurra da, hitz egin daiteke, baina beste ikuskera batetik. Ez dugu nirea, gurea, zurea... hitzik, duguna denontzat denez, ez dugulako horrelako hitzik behar; behar nuen zerbait ortuan ez nuenean, albokoarenera joaten nintzen, eta hari hartzen nion. Baina, egun batean, hori lapurtzea zela esan ziguten, eta gaizki zegoela. Hitz bat sortu genuen lapurrari deitzeko, baina nora goaz? Hizkuntza bat ez hiltzeko neologismoak behar dira, baina nora eramaten gaituzte? Orain lapurrak sartu ditugu etxean, eta gure mundu ikuskera aldatu dute. Gainera, gurean bizi ez den norbaitek sortzen ditu neologismoak.

Globalizazioak kalte ala mesede egin dizue?

Globalizaziok gure ohiturak jan ditu. Gurean, lanak zehazten du adina. Indigenok uzta bakoitzeko hazi bat gordetzen genuen, eta hala ikusten genuen zenbat bizi ginen; ez genuen zenbakirik, uztak baizik. Gerora sartu zizkiguten, eta haiekin etorri zen dena kontatu beharra, eta jabetza kontzeptua.

Kokamek harro aldarrikatzen duzue zuen nortasuna?

Harrotasun hori piztu egin da, baina oso berria da. Norbaitentzat birao bat izango da kokama, baina guk ez dugu horrela jasotzen. Bai, indioak gara indigenak garelako; eta kokamak gara, eta harro gaude. Baina identitate hori indartsu egin behar dugu, eta hori etxetik kanpora egin behar da.

Kokamak Ucayali departamentuan zaudete, Peruko Amazonian, ezta?

Nire aititari galdetu nion ea noraino heltzen zen gure herria, eta erantzun zidan: «Zuhaitz handi batera igo, eta zure ikusmena heltzen den arte». Guk ez dugu lurralde bategatik borrokatzen, ez dugu mugarik. Norbait zure hizkuntzan entzuten baduzu, zure herrian zaude.

Egoera hobetuko al da?

Ezkorra naiz. Peruko Gobernuak aitortzen du kokamera, baina ez dut sinesten, ez baitu indartzen. Ekintza partikularrak egiten dira. Horregatik, hizkuntz militantea sortu behar da: kokameraz pentsatu, eta gero egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.