ATZEKOZ AURRERA. Valeria Bello. Ikerlaria

«Mundua jabetza pribatutzat dugu, ez gizakion etxetzat»

Politikariek ez dute lehentasuntzat klima aldaketari aurre egitea, Belloren ustez, eta, AEBek atzera eginda, ez da antzematen horren aurkako Parisko akordioak sortu zuen giroaren arrastorik.

EVA GUILLAMET.
Maialen Unanue Irureta.
2018ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Berezkoa du migrazioen inguruko interesa Valeria Bellok (Benevento, Italia, 1976), migratzaile familia batekoa baita. Horrez gain, natura maite du, eta biak uztartu ditu bere bizitza profesionalean; NBEren Unibertsitateko Globalizazio, Kultura eta Mugikortasunari buruzko institutuko ikerlaria da. Migrazioak, arrazismoa eta aurreiritzien inguruko ikerketak egin ditu, batik bat. Abdoulaye Gueye legelariarekin batera arituko da gaur Donostiako San Telmo museoan, migratzaile klimatikoen inguruan, 19:00etan.

Nazioarteko legeek aitortu ere ez dituzte egiten hondamendi naturalek behartuta etxea utzi behar dutenak...

Ez dago zuzenbide esparrurik haientzat, ezta NBEn ere. Oso gai konplexua da, ez baitago argi nola heldu behar zaion ere. Ez dago adostasunik errefuxiatu klimatikoak zeintzuk diren definitzeko, eta kontzeptu oso anbiguoa da.

Beraz, zenbat diren zehazteko modurik ere ez dago.

Zer diren definitzen ez dugun bitartean, ez. Eta, horregatik, esaterako, zenbaki oso desberdinak argitaratu izan dira prentsan: batzuek 200 milioi pertsona aipatzen dituzte, beste batzuek 25 milioi... Galdera da ea zeintzuk sartzen ditugun kategoria horretan eta zeintzuk ez.

Inork ez badie errefuxiatu estatusa onartzen, zein egoeratan gelditzen dira?

Lekualdatzea gertatu den baldintzen araberakoa izaten da hori. Ohikoenak herrialde barruko lekualdatzeak izaten dira, baita birkokatze planifikatuak ere. Zenbait kasutan, lekualdatuak izan beharko duten komunitateen kasuak aurreikus daitezke, eta badaude horiei aurre egiteko programak. Oso desberdina baita komunitate osoak lekualdatzea edo indibidualki lekualdatzea. Migratze prozesuan, batzuen eta besteen erronkak ez dira berak, baina guztientzat da bortitza.

Nahikoa garrantzi ematen zaio klima aldaketari maila politikoan?

Ez, ez. Garai batean, politikariak erneago zeuden: klima aldaketa agenda politikoan dago, baina eztabaidatu besterik ez dute egiten. Batzuek oraindik ere galdetzen dute ea existitzen ote den klima aldaketa [barreak]. Ez da lehentasunezkoa. Europa da gaiarekin kontzientzia handiena duena, baina desorekak daude herrialdeen artean: batzuek baliabide iraunkorrak sartzen dituzte euren politika energetikoetan, eta beste batzuek duela zenbait hamarkada diseinatutako politikekin jarraitzen dute.

2015ean Parisko Akordioa sinatu zuten: zenbateraino da garrantzitsua, gero inork ez badio inolako lehentasunik ematen?

Inoiz ez da halako negoziaziorik egon hain esfera politiko altuan: ziurrenik, Pariskoa inoiz nazioarteko komunitateak emandako erantzunik indartsuena izan zen. Baina, zoritxarrez, zenbait herrialde garrantzitsuk atzera eginda, prozesua ez aurrera ez atzera gelditu da: Parisen egon zen entusiasmoa eta gaur egun dagoena ez da bera.

AEBek, herrialde kutsatzaileenetan bigarrenek, atzera egin dute...

Herrialde batzuek besteek baino eragin handiagoa dute klima aldaketan, baina ardura guztiena da. Herrialde baten arlo energetikoan gertatzen denari ezin zaio eutsi herrialdearen mugen barruan. Paradoxa bat da: mugak gizakientzat soilik existitzen dira, baina ez dago mugarik klima aldaketarentzat, kutsadurarentzat eta migratzen duten animalientzat. Lehen, gizakiak modu erresilientean bila zitzakeen behar zituen baliabideak, baina, egun, migrazioa behartua bada, arazoak sortzen dira. Ezinbestekoa da erregularki migratu ahal izatea.

Mundu globalizatuan, migratzaileak ez dira besteak bezain munduko hiritar, ezta?

Hori da. Mundua jabetza pribatutzat dugu, eta ez gizaki guztion etxetzat: hori da arazoa. Horrela jarraituz gero, askoz migratzaile gehiago izango dira etorkizunean, eta herrialdeen arteko mugak birplanteatu beharko dira.

Aurreiritziak eta arrazismoa ere ikertu dituzu. Hainbesterako da aurreiritzien indarra?

Klima aldaketarekin batera, aurreiritziak dira gaur egun mehatxu global handienetako bat. Gizaki guztien arteko harremanak modu baketsuan kudeatu ahal izatea eragozten dute. Egiaren jabe direla uste dute batzuek, eta gainontzekoen bizitzeko eskubidea ukatzen dute. Mugak ixteak arazo askoz handiagoak sortzen ditu.

Hazi egin dira aurreiritziak?

Pertzepzioa hori izaten da askotan, aurreiritziak handitzen ari direla, baina ez da leku guztietan gertatzen hori. Kontua da prentsan eta sare sozialetan ikusgarritasun handiagoa ematen zaiela aurreiritzi horiei eta ez migrazioei lotutako esperientzia inklusibo positiboei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.