ATZEKOZ AURRERA. Iñaki Tejerina. Paisaia argazkilaria

«Paisaietako argazkigintza da errazena eta konplikatuena»

«Harriturik» eta «oso kontent» dago Tejerina, Pirinioen 'time-lapse' batekin bosgarren saria jaso baitu Dubaiko HIPA argazki lehiaketan. «Gozatzen jarraituko dut, baina lasaitasunez».

Iker Tubia.
Ezkirotz
2018ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Ingeniaria bada ere, argazkigintzak eraman du haren izena hedabideetara. Paisaia argazkilaria ere bada Iñaki Tejerina (Iruñea, 1970), eta Nafarroako hamaika txokoren irudiak hartu ditu kameraz. Hainbat time-lapse ere egin ditu mendian.

Mendiak eraman zintuen argazkigintzara, edo alderantziz?

Gehiago izan da menditik argazkigintzara, baina etxean beti izan ditugu argazki eta bideo kamerak. Hasieran, mendira joaten ginen, eta postontziari edo hodei polit pare bati argazkia egin. Argazkiak egitera joan ohi naiz mendira orain.

Inoiz joaten zara soilik ibiltzera?

Orain hasi naiz batzuetan. Badira hilabete batzuk ez direla egokienak argazkiak egiteko, baina itzulia egin dezakezu tokien bila.Gero apuntatu eta gordetzen ditut, aurrerago eskapadatxoa egiteko.

Bakarrik joan ohi zara mendira?

Ez beti, baina asko gustatzen zaitneure kasa ibiltzea. Gainera, time-lapse-ak egitera noanean, kameraren enkoadratzean ezin da inor sartu, eta, beste norbait badago, arrisku handiagoa dago. Batik bat gauez, linternarekin fotogramaren bat izorratzen ahal dizutelako.

Zeren bila joaten zara mendian?

Naturarekin harremanetan jartzea asko maite dut. Gune irekiak maite ditut; pertsonen elementurik ez badago, hobeki, borda batzuk izan ezik. Une goxoak bizitzera joaten naiz: egunsentiak, arratsak... Bestalde, etxean ere gozatzen dut argazkiak editatzen.

Zein dira paisaien argazkiak ateratzeko gakoak?

Garrantzitsuena da behar den tokian egotea une egokian. Hortik aurrera, argazki kamera erabiltzeko duzun teknika dago. Tokiak bilatu behar dira, eta argirik egokiena izan. Azkenik, begirada zorrotza izatea garrantzitsua da, eta denborarekin lortzen da hori.

Argazkiak egiteko toki bat?

Pikatuako begiratokia. Zaraitzutik Abodiko eski pistetara igoz, bada toki berezi bat. Alde batera, Irati ikusten da; beste aldera, Erronkaribarra. Han egunsenti eta arrats ederrak daude. Gainera, ingurura begiratuta, ez dago giza arrastorik.

Zer ematen dizu time-lapse-ak, argazki finkoak ematen ez dizuna?

Bakoitzak berea. Une batentzat, argazkia dago. Time-lapse-an gauza dezente gertatzen dira. Azelerazioa, hodeiak agudo pasatzea, asko gustatzen zaidan estetika bat da.

Edozeinek du kamera, eta paisaien argazkiak ateratzen dituzte. AIntzat hartzen da zuen lana?

Paisaietako argazkigintza da errazena eta konplikatuena. Sinpleena, mundu guziak duelako kamera bat: mendira joan daiteke eta argazki bat egin. Baina baldintza asko daude paisaia argazkigintzan: eguraldia, filtroak, enkoadratzea... Beraz, horretan barneratuz zoazen heinean, zailtasuna handitzen da.

Nafarroatik aterako zara?

Batzuetan alde egiten dut. Arazoa da time-lapse bat egiteko askotan joan behar duzula toki hartara, eta urrutiago joatea ez da hain erosoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.