ATZEKOZ AURRERA. Maria Puy. EHUko irakaslea eta ikerlaria

«Ondo jatea bizitzeko urteak eta urteetarako bizitza irabaztea da»

'Pertsona helduen elikadurarako gidaliburua' argitaratu du EHUk. Puy da egileetako bat; dioenez, adinak ez du derrigor eskatzen dieta aldatzea, ezpada behar berriak zein diren jakin eta haietara egokitzea.

JUANAN RUIZ / FOKU.
itziar ugarte irizar
2018ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Dieta on bat bizi osorako inbertsiorik onena izan daiteke. Hala diote adituek. Pertsona bakoitzak bere ohiturak eta premiak ditu, baina adinarekin gorabeherak datoz. Pertsona helduen elikadurarako gidaliburu praktikoa argitaratu du EHUk, ikerlari hauekin: Virginia Andia, Carlos Abecia, Enrique Etxebarria, Alfredo Fernandez, Iñaki Milton eta Maria Puy. Puyk egin du koordinazio lana; EHUko irakaslea da, eta Obesitatearen eta Nutrizioaren Fisiopatologiako CIBER taldeko kidea ere bai, Fernandez eta Miltonekin batera.

Sektorea kezkatuta dago helduen elikaduraz?

Zenbait kolektiborentzat gabiltza gida praktikoak egiten. Pertsona helduentzat egitea interesgarria iruditu zaigu, nutrizio gabeziak izateko arriskua dutelako. Gainera, adinekoak ez daude beti baldintza onenetan euren elikaduraz behar bezala arduratzeko; kozinatzeko, erosketak egiteko... Horregatik, gidaliburua haiek zaintzen dituztenentzat ere bada.

Zein da adineko baten dieta on baten oinarria?

Gazteago baten oso antzekoa; dieta orekatua eta askotarikoa: proteinak, karbohidratoak, gantzak... Horiek hartzeko moduan egin behar dira aldaketak askotan, eta ez hainbeste elikagaietan.

Esaterako?

D bitamina, adibidez. Helduek, jakietatik ez ezik, eguzkitik ere lortzen dugu. Baina adineko jendea ez da beti hainbeste ateratzen, eta estaliago ere ateratzen da. Horregatik, D bitamina jakien bitartez indartzeko moldatu behar dute dieta.

Zein beste nutrizio behar nabarmentzen da adinarekin?

Alde handiak dituen kolektibo bat da. Modu orokorrean nabarmentzen diren puntuetako bat hidratazioarena da. Asko hitz egiten dugu jakiez, eta beti ahazten dugu hori. Pertsona helduek deshidrataziorako arrisku handia dute, batik bat ez delako egarria hain erraz sentitzen, gorputzak likido beharra duenean ere. Nik asko azpimarratzen dut ura edatea, egarririk ez dagoenean ere.

Badago adineko jende askok duen ohitura okerrik?

Gozorako joera handia dute askok. Gaztetan zalea izan ez dena ere gozozaletu egiten da sarri adinarekin. Inork ez du esan ezin dutenik gozorik jan, baina hobe litzateke gorputzak eskatu beste gozo ez hartzea.

Bakoitzak etxetik dakarren tradizioak ere izango du pisua.

Bai. Zahar etxeetan nahiko argi ikusten da hori; landa eremutatik datozen askok eltzeko platerkadak jateko ohitura handia izan dezakete, baina orain kaloria gutxiago erretzen dituzte, eta gaztaroan hainbestetan jandako platerak neurtu beharra dago.

Egongo da dioenik behin adin batera iritsita zaintzea baino gehiago gozatzea tokatzen dela.

Hori oso gai interesgarria da. Zahartzaroaz ari gara, baina hor 65 urte inguruko bat egon daiteke, eta egon daiteke 97 urteko bat, ustez ez dituena hainbeste urte aurrean. 97 urtekoarekin ezin da izan 65 urtekoarekin bezain murriztailea.

Zenbat eta zaharrago, orduan eta laxoago, beraz?

Bai, nire ustez bai. 97 urteko bati zergatik jarri mugarik.

Ordutegiak, konpainiak eta halako faktoreek zer garrantzi dute?

Adineko jendearengan, handia. Bakarrik zaudenean, zerbait landua kozinatzeko motibazioa urriagoa da, baita gazteen artean ere. Bakardadean, beti zaintzen da gutxiago elikadura. Helduentzat, konpainian jatea garrantzitsua da; familiarekin, eguneko zentro batean...

Eta egunean bost jatordu?

Honetan lan egiten dugunok beti esaten dugu hori, baina gero ez da hain erraza, badakigu. Halere, pertsona helduen kasuan bereziki interesgarria da hori berreskuratzea.

Kalitatezko dieta batek ere dirua eskatzen du.

Egia da gidaliburuan bereziki gomendatzen ditugun produktuak erosketa zerrendan prezio handiena dutenak direla; barazkiak, frutak eta arraina, adibidez. Oztopo bat eman dezakeen arren, aurki daitezke horri buelta emateko moduak. Sasoiko produktuak jatea, esaterako, osasunerako bezala, ekonomikoki ere beti da aldeko.

Estutasun ekonomikoak eragin zuzena du elikagai ohituretan?

Krisiarekin, desnutrizio kasuak agertu ziren adinekoetan, eta horrek piztu ditu kontzientzia batzuk. Gure gizartean, ordea, arazo handienak obesitatea, diabetesa... dira.

Bizi itxaropena gero eta handiagoa da gizartean. Elikadurak pisu handia izango du.

Oso handia. Bizitzan ondo jatea bizitzeko urteak eta urteetarako bizitza irabaztea da. Zahartzarora hurbildu ahala hartzen dugu kontzientzia, baina organismoak memoria handia du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.