ATZEKOZ AURRERA. Belen Alvarez. Zikloturista

«Apurtzailea zen bizikletan ibiltzen zen emakumea»

Bizikletak aldaketa handia eragin zuen emakume askoren bizitzan: jada ez zuten gizonezko baten beharrik hara eta hona mugitzeko. Askatasunaren ikurra bilakatu zen.

RAUL BOGAJO / FOKU.
Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2018ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Belen Alvarez (Gasteiz, 1969) zikloturista eta La Hora Violeta irakurle talde feministako kidea da. Bere zaletasunaz irakurtzen, jabetu zen bizikleta tresna garrantzitsua izan zela emakumeen emantzipaziorako, eta horri buruzko hitzaldi bat eman zuen Gasteizko Bizikletaren 17. Astean.

Berdintasuna bizikletan etorriko da?

Ez dakit noiz helduko den, baina emakumeok serio hartu dugun kontua da, eta bagoaz pedalkadak ematen.

Bizikletak XIX. mendearen bigarren erdian gizarteratu ziren. Zer eragin izan zuten?

Bizikleten lehen prototipoak zaharragoak dira, baina 1880ko hamarkadan egin zuten eztanda, bereziki herrialde anglosaxoietan. Garaiko aukeren artean erosoena zenez, azkar bilakatu zen garraiorako ibilgailua. Baina emakumeentzat zerbait gehiago zen: gizonezkoen beharrik gabe mugitzen hasteko aukera eskaini zien bizikletak. Horri esker, gehiagotan irten zitezkeen kalera, elkarren artean bildu...

Aldaketa handia izan al zen?

Emakumeak ohartzen ziren aldaketa bat behar zutela. Beraien bizitza bizi nahi zuten, une oro etxeaz eta gizonaz arduratu beharrik gabe. Eta bizikleta aldaketa horretarako tranpolina izan zen. Garai hartan, emakumeak ia atera ere ez ziren egiten etxetik, baina handik aurrera gehiago ikusten ziren kalean. Aisialdirako ohiturak, esaterako, asko aldatu ziren. Ibilgailu horrek gizartea eraldatu zuen, ordura arteko jokabide zorrotzak hautsi baitzituen. Bizikletan ibiltzen zen emakumea apurtzailea zen.

Aldaketa grinak sufragisten mugimendua ere piztu zuen.

Susan Anthony sufragisten buruak esan zuen bizikletak munduko beste ezer baino gehiago egin zuela andreen emantzipazioaren alde. Sufragistek emakume berri bat aldarrikatzen zuten, ohiko ama eta emazte rolari uko egin eta kanpoan lan egiten zuena. Emakume berri hori bizikletan ibiltzen zen.

Bizikleta gehiago erabiltzeak izan al zuen eraginik jantzietan?

XIX. mendearen amaierara arte, kortseak eta tela askoko soinekoak erabiltzen ziren. Dotoreak bai, baina deserosoak, emakumeek jasaten zuten zapalkuntzaren isla. Arropakjardun berrietara egokituz joan ziren, adibidez bizikletara. Esaterako, hala sortu ziren golf prakak. Orain txikikeria bat iruditzen zaigu, baina oso berritzaileak izan ziren.

Emakumeek hastapen korapilatsua izan al zuten bizikleten munduan?

Mediku batzuek onartzen zuten bizikletak onura asko zekartzala emakumeentzat, baina askok txartzat jotzen zuten. Emakumeari eskatzen zitzaion ederra eta ugalkorra izatea, eta uste zuten bizikletak hori eragozten zuela: esaten zuten bizkarreko eta azaleko arazoak eragiten zituela, aurpegia zorrozten zuela, ugalkortasuna galarazten... Morala ere aurka zegoen, nonbait, bizikletak emakumeen sexu-grina pizten baitzuen, eta hori onartezina zen. Lesbianismoa eragiten zuela ere esaten zuten, gaitz bat balitz bezala.

Traba guzti horiek gainditu dira?

Bai eta ez. Bizikletaren erabilera guztiz normalizatua dago, baina herrialde batzuetan emakumeek oraindik arazoak dituzte bizikletan ibiltzeko. Herrialde horietan erabiltzen diren aitzakiak aurretik aipatu ditugunen oso antzekoak dira.

Baina Gasteizeko emakumeen egunerokotasunean bizikleta txertatuta dago?

Jakina baietz; baina gehiago egin dezakegu. Bi datu interesgarri: mundu osoan bizikletan ibiltzen direnen %30 dira emakumezkoak, eta bizikletan ibiltzen ez dakitenen artean %80 dira emakumeak.

Gasteizen zer arazo dituzue bizikletan ibiltzen zaretenok?

Emakume izateagatik ez dugu arazorik; txirrindulariok ditugun arazoak dira. Adibidez, bidegorrietan segurtasuna benetan bermatzea. Txirrindularien mesedetarako erabakiak hartzean, emakumeei bizikletan ibiltzea errazten zaie. Hiri baten mugikortasuna ona den edo ez jakiteko, neurgailu ona da zenbatzea zenbat emakume dabiltzan bizikletan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.