ATZEKOZ AURRERA. Raquel Padilla. Yaqui herriaren ikerlaria

«1824tik, yaquiak borrokan ari dira etengabe»

Yaqui herriari lotutako dokumentuen bila zeharkatu du ozeanoa Padillak, hango gobernu tradizionalaren agindua eskuan. Bidenabar, zenbait hitzaldi eman ditu Euskal Herrian.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2018ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Mexikoko ipar mendebaldean dago Yaqui herri indigena, eta urteak daramatza hura aztertzen Raquel Padillak (Hermosilla, Mexiko, 1967). Are, ia komunitateko kidetzat dutela aitortu du. Antropologia eta Historia Institutu Nazionaleko irakasle eta ikerlaria da, eta Mexikoko Ikerlarien Sistema Nazionaleko kidea. Yaquien eta Iruñearen arteko loturak ekarri du Euskal Herrira.

Arga eta Yaqui ibaien ertzeko hiriak Tomas Lizasoainek batzen ditu. Horrek ekarri zaitu, ezta?

Yaquiek debozio oso handia diote Bideko Amari. Han egiten zaizkion gorespenak Iruñean egiten zaizkion berak direla ikusi zuen apaiz yaqui batek bideo batean. Berriki egindako aurkikuntza da. Tomas Ignazio Lizasoain misiolari ibili zen han, eta, dirudienez, berak eraman zuen. Haren bataio agiria aurkitzeko etorri naiz, besteak beste, baina ez dugu Iruñean aurkitu. Agian inguruko herri batean jaio zen.

Baduzu denborarik zerbait aurkitzeko?

Ate asko irekita utzi ditut ezagutu ditudan historialariei esker. 1767an jesuitak bota zituztenean, euskaldun gehienak bezala, Lizasoainek Bolognan bukatu zuen, eta han hil zen. Agian bere iraganari buruzko aipamenik eginen zuten Bolognan.

Ez duzu ozeanoa zeharkatu soilik horretarako. Zer eskatu dizu Yaquien gobernuak?

Loma de Bacum herriko gobernu tradizionalaren aginduarekin heldu naiz: artxiboetan Yaqui lurraldea aitortzen duten XVII-XVIII. mendeko dokumentuak aurkitzeko eskatu didate. Horretarako, Sevillara noa. Badago beste motibo bat: Mexikoko Gobernuak Yaqui talde bat deportatu zuen, haietaz libratzeko, eta Espainiari eskaini zizkion soldadu mertzenario gisa Rifeko gudan aritu zitezen. Marka litzateke, Yaqui herriaren kontrako deportazio andanaren azkena. Lurraldea defendatzeagatik haien kontra hartutako neurri dramatikoenetako bat izan zen deportazioa.

Ez zituzten nahi haien herrian?

Mexikoko Gobernuak kolonoei lurrak eskaintzen zizkien hutsik baleude bezala. Baina han zortzi herri historikotan kokatutako herri bat zegoen, eta ez zeuden prest lurrak galtzeko. Orain, 400.000 hektarea eskasekin geratu dira, hori baita 1940an gobernuak aitortu ziena. Haiek uste dute oraindik zati handiagoa berreskura dezaketela.

Oraindik ere lurra defendatzea, beste aukerarik ez dute?

Egun, megaproiektuen kontrako borroketan murgildurik daude. Ubide bat eraiki nahi dute, eta ibaia gatibu dago Yaqui eremutik kanpo dauden lau urtegitan. Haiek gobernuari eskatzen diote gutxieneko ur emari ekologiko bat, bertako landare eta animalien egoera lehengoratzeko. Berriena lurraldea urratzen duen gasbidearen kontrako borroka da. Esan liteke 1824tik yaquiak borrokan ari direla etengabe. Egun ez dira armekin altxatzen, baina erresistentzia estrategiak dituzte.

Nola jokatzen du Mexikoko Gobernuak kultura indigenekin?

Herri indigenen garapenerako institutuak dituzte, baina, era berean, herrioi lurraldeak suntsitzen dizkieten enpresa transnazionalak babesten dituzte. Gainera, beste aldera begiratzen dute mafiek eta droga trafikatzaileek droga sintetikoak sartzen dituztenean; beraz, hein handi batean, horren konplize dira. Kristalak lortzen du orain Porfirio Diaz diktadoreak lortu ez zuena.

Beren kulturaren defendatzaile sutsuak dira yaquiak. Nola dago haien hizkuntza?

Mexikoko ipar-mendebaldean dauden hizkuntza indigenen artean indartsuenetakoa eta erabilera errotuena duena da. Haurrak yaqui hizkuntzan aritzen dira bigarren hezkuntzara arte, eta etxean ez dute besterik mintzatzen. Baina arriskuan dago, gazteleraren mehatxupean bizi da. Gainera, fabrika asko ireki dira Yaqui lurretatik gertu, eta han emakume askok egiten dute lan. Beraz, transmisio hori galtzen ari da, tartean hizkuntzarena. Arrisku berria da transmisioarena.

Zu mintzo zara yaqui hizkuntzan?

Ez, ez. Nahiko nuke. Hitz eta esaldi batzuk esaten badakit, eta zerbait irakurtzeko gai naiz, baina ez da erraza. Agurtu bai, haien hizkuntzan, eta saiatzen naiz ikasten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.