ATZEKOZ AURRERA

Tradizioaren sustraia etetear

Iritsi da zinema aretoetara 'Amama' filma. Ikusleak oso hunkituta geratu dira, batek baino gehiagok oso gertutik bizi izan baititu baserriko bizimodua eta ondorengo haustura. Neolitotik datorren tradizio luzearen amaiera iradokitzen du filmak.

Ikusmin berezia sortu du Amama filmak; jende heldua bildu da, batez ere, Donostiako Principe zineman. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2015eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Oraindik begiak handituta zeuzkan Jose Ramon Ariztegik Donostiako Principe zinematik atera berritan: «Oilo larrua daukat oraino. Nire gurasoak baserritarrak izan dira betidanik, eta bazirudien haien istorioa kontatzen ari zirela». Dena den, Ariztegik ez du uste baserriko bizimoduarekin izandako urraketa hain bortizki gertatu denik errealitatean. «Esango nuke aldaketa askoz naturalagoa izan dela, eta oraindik aurreko bizimoduaren kontzientzia daukagula askok». Baserri bat, bi bizimodu. Talka ugari eragin dituen tradizio bat. Haustear den kate bat. Hitz gutxitan, hori biltzen du Asier Altunaren Amama filmak. Atzo estreinatu zuten zinema aretoetan. «Oso istorio indartsua da, gogorra batzuetan; akzio handia duena, baina hitz gutxikoa; interesgarria». Halaxe deskribatu zuen zuzendariak, oraindik grabaketetan ari zirela, eta halakoxea izan da azken emaitza ere. Elkarrizketa gutxi, baina begirada eta sentimendu asko.

Kandido Uranga eta Iraia Elias aktoreek aita-alaba harreman gatazkatsu bat irudikatu dute, tradizio oso baten haustura islatuko duena. Ia ez dago komunikaziorik haien artean, eta horrek ekarriko du sustraien apurketa. Aita baserriko bizimoduari lotuta dago, baina alabak ikusmolde berri baterantz egin du jauzi. Liskar ugari dituzte, aitak harremanarekin errotik mozten duen arte. Bitartean, amama guztiaren lekuko izango da. Hitzik esan gabe, bere arbasoek ereindako ibilbidea pixkanaka galtzen ari dela ikusiko du.

Komunikaziorik eza

Julita Irazustak ere bere aurrekoak ikusi ditu pantaila erraldoian. Asier Altuna zuzendariaren senidea da, eta gertutik bizi izan du baserri giroa. «Hor barruan sentitu dut neure burua. Istorio gogorra eta sakona izan arren, oso film ederra iruditu zait. Asier bera ere narrazioaren barruan sentitu dut».

Irazustaren lehengusina, Maite Larre, Bordelen (Frantzia) bizi da, baina, Euskal Herrira etortzean, ez du aukera galdu Amama ikusteko. «Uste dut gu guztion amonaren isla dela Anparo Badiolaren pertsonaia». Inma Irigoienek, aldiz, ez du ezagutu baserriko mundua. «Halere, euskaldunen lehengo komunikaziorik eza ongi islatzen dela iruditu zait. Beti lana, eta hitzik ez. Guztia esana balego bezala. Niretzat, oso erreala izan da belaunaldien arteko ezberdintasun hori».

Lehen urratsa irailean egin zuen Amama-k, Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu zenean. Ikusmin handia sortu zuen baserrian girotutako istorioak, eta kritika on ugari jaso zituen. Loreak izan zen sail horretako euskarazko lehen pelikula, eta aurten Altunak zuzendutako lanak jarraitu dio bide horri.

Zuzendariak «saritzat» jo zuen sail horretan azaltze hutsa, baina benetako sari bat ere jaso zuen pelikulak; euskal zinemaren Irizar Saria, hain zuzen. Jose Mari Goenagaren eskutik jaso zuten: «Irudi berezi, boteretsu eta iradokitzaileen bidez, bizimodu baten amaieraren inguruko hausnarketa bultzatzen du, eta horregatik erabaki du epaimahaiak saria Amama-ri ematea».

Orain arteko ibilbide gehiena etxean egin badute ere, nazioarteko ateak irekitzen ari zaizkio Altunaren obrari. Datorren astean, esaterako, Erromara bidaiatuko du Amama-k, hango zinema jaialdi batean lehiatzeko. Bi aste barru, berriz, Montpellierrerako (Okzitania) bidea hartuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.