ATZEKOZ AURRERA. Carlos Machado Quintela. Zinemagilea

«Zinema ofizialistatik bananduta, mugimendu berri bat sortu da Kuban»

Kuban eta atzerrian grabatu ditu filmak Machadok; aurten estreinatuko dutena Japonian grabatu du. Euskal Herrian izan da egunotan, ikus-entzunezko proiektu bat prestatzen.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
2017ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Prozesua aldrebes joan zen Carlos Machado Quintelarentzat (La Habana, 1984): bere lehen filma grabatu ondoren ikasi zuen beti ikasi nahi izan zuena: gidoigintza. Dagoeneko hiru film luze sortu ditu, eta aurten estreinatuko duena, The Wolves of the East, Japonian grabatu du. Bilbon izan da egunotan, EHUn hitzaldi bat emateko eta hilabete batzuk barru estreinatuko den ikus-entzunezko proiektu batean parte hartzeko.

La Obra del Siglo (Mende honetako obra, 2015) da zure aurreko filma. Zeri egiten dio erreferentzia izenburuak?

Fidel Castrok hala deitu zion proiektu sobietar-kubatar bati, zeina uhartearen erdiko Cienfuegos hirian egongo zen. Kubako zentral elektronuklearra izateko sortu zuten, herrialde osorako argia emateko, eta Kuba azpigarapenetik aterako zuen. Filmak Ciudad Nuclearren bakarrik bizi diren hiru gizonen istorioa kontatzen du. Proiektu hori gelditu eta hogei urtera hasten da pelikula, proiektu horretatik bizirik irten direnak dira nolabait protagonistak; beren ametsen hilerrian bizi dira. Nire pelikuletan beti azaldu izan da pertsonaiak oso lotuta daudela inguruarekin.

Lau herrialderen arteko ekoizpen bat izan zen: Kuba, Argentina, Alemania eta Suitzaren artekoa.

Kuban, duela bost-hamar urtetik hona, zinema independentearen mugimendu bat sortu da, zinema ofizialistatik bananduta egon den zinema bat, eta filmak egiteko modua Kubatik kanpoko laguntzak eskatzea da. Izan ere, Kuban ez dago politika kulturalik, edo lege bat halako ekinaldiak babesten dituena. Badira funts batzuk, baina ez dira inondik ere nahikoak.

Kanpoko laguntza oso garrantzitsua da, orduan.

Kubak gauza asko jartzen ditu, balio handia dutenak, baina balio hori giza baliabideen ingurukoa da, diru likidoa baino gehiago. Baina hori ere beharrezkoa da filmak egiteko; beraz, koprodukzioak ezartzea oso garrantzitsua da.

Proiektuaren ideia SESBekin batera pentsatu zuten. Pelikula proiektatu al da Ekialdeko Europan, edo orduko errepublika sobietikoetan?

Bai, Moskun ikusi zuten, Minsken, baita Txernobylen ere [Ukraina], Armenian, Eslovenian, Serbian... Erreakzioak askotarikoak izan dira. Minsken, adibidez, pelikula jarri genuen, eta, ondoren, eztabaida hasi zenean, emakume batek esan zidan oso gogaituta zegoela; besteak beste, esaten hasi zitzaidan ez nuela maite nire herrialdea.

Zergatik uste duzu esan zizula hori?

Sobietar askorentzat, edo sobietar ohientzat, Kuba beti izan da paradisua, Karibeko probintzia sobietiko baten modukoa. Horregatik, haien oroitzapenak oroitzapen onak dira; nik ere ezin dut esan Kubako nire oroitzapenak txarrak direnik, leku oso erosoa izan ez arren. Emakume hark ere ziurrenik oroitzapen onak izango zituen, 1980ko hamarkadakoak, baina beste irudi bat zeukan. Pelikula polemikoa izan da, azken finean.

Eta Kuban zer harrera izan zuen?

Zinema jaialdi batean ikusi ahal izan da, La Habanako zinema jaialdian, eta, oro har, ahal izan dudan tokietan jarri dut. Ciudad Nuclearren ere jarri ahal izan nuen, eta beti izan da polemikoa. Pertsona batzuek oso gogoko dute; kritikak urteko pelikula izendatu zuen. Aldi berean, ez da arreta oso handiz kasu egin dioten pelikula bat; ez dute zentsuratu edo kritikatu.

Azken filma, The Wolves of the East, Japonian grabatu duzu. Hango publikoa eta Kubakoa oso desberdinak izango dira, ezta?

Kuban pelikula bat sortzen duzunean badakizu nori hitz egiten diozun; Japonian, pelikulara hurbiltzeko modua edo publikoak duen ikusteko modua oso desberdina da, noski. Ez da ohikoena kubatar batek han film bat egitea, noski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.