ATZEKOZ AURRERA

Haziak, bilduma objektu gisa

Adituen hitzaldiak, kalamuaren inguruko materiala saltzen duten postuak eta kontzertuak egongo dira, asteburu guztian, Irungo Ficoba erakustazokako Expogrow kalamu ferian.

Mundu guztitik etorritako 165 postu egongo dira zabalik asteburuan Expogrow kalamu ferian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Kerman Garralda Zubimendi.
Irun
2017ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Hitzaldiak, kontzertuak, jateko eta edateko guneak eta salerosketarako hamaika postu. Guzti-guztiak kalamuaren inguruan. Horixe da Expogrow, kalamuaren inguruko Europako azokarik handienetako bat. Betiko legez, Irungo (Gipuzkoa) Ficoba erakustazokan dago feria, eta atzo zabaldu zituen ateak. Igandera arte egongo da zabalik.

Publiko orokorrarentzat 14:30ean zabaldu zituen ateak. Goizean, baina, bazen mugimendua Ficoba inguruetan. Izan ere, kalamuaren inguruko enpresakakordioak lotzen ibili ziren. «Eskertzen dira horrelako aukerak. Gu hasiberriak gara, eta hazteko oso onuragarriak zaizkigun akordio batzuk lortu ditugu goizean», aipatu du Joaquin Boccerini The Plants etxeko arduradunak.

Haziak saltzen dituzte bertan. Kalamuaren munduan esperientzia izan arren, haziak saltzen urtebete ere ez daramate. Dinafem Seeds etxeak, aldiz, esperientzia handiagoa du. «Hazien salmentan munduko bost enpresa handienetariko bat gara», nabarmendu du Reggina Martinez komunikazio arduradunak. «Mundu mailan ezagunak gara, eta Donostian dugu gure egoitza. Hortaz, jendeak ezagutzen gaitu, eta zuzenean datoz guregana. Abantaila hori dugu guk», esan du Martinezek.

Oro har, ohiko kontsumitzaileak joaten dira Ficobara. «Frantziatik jende ugari etortzen da, bertan haziak ezin dira eta saldu», argitu du Martinezek. Hego Euskal Herrian legala da haziak saltzea. Ez, ordea, landatzea. Ondorioz, postuek bilduma objektu gisa saltzen dituzte haziak.

The Bulldog marka Amsterdamdik etorri da Euskal Herrira. Haiek ez dituzte haziak saltzen, «erretzeko papera, pizgailuak, hautsontziak eta eskuz egindako txikitzeko gailuak saltzen ditugu, besteak beste», azpimarratu dute Daniela Albert eta Nerea Arranz arduradunek. Herbehereetatik etorri dira Irunera, «oso azoka handia delako. Markak ospea irabazteko etorri beharra dago». Euskal Herriko kontsumitzailea «aditua» dela diote Albertek eta Arranzek. Halere, nabarmendu dute Herbehereetan baino okerrago ikusia dagoela erretzea.

«Nik aldizka erretzen dut, eta zer dagoen ikustera etorri gara», azaldu du Sara Agirre irundarrak. «Erretzaileak izanik, produktuak ikusi eta hitzaldiak entzutera etorri gara», gaineratu du. Izortz Mendiburu, berriz, Hondarribian (Gipuzkoa) duen kalamu elkarteagatik etorri da: «Ez dut ezer asko erosteko asmorik. Urtetik urtera hobea den giroagatik nator gehienbat, eta lagunak ikustera».

Adituen eta aktibisten hitzaldiak izan ziren arratsaldean Cannabis Box Forum tailerrean. Besteak beste, Augusto Vitale Uruguaiko Barne Ministerioko drogen inguruko ataleko langileak hitz egin zuen bertan lortutako aurrerapenei buruz.

Hitzaldien bidez, antolatzaileek kalamuaren inguruko jakintza zabaldu nahi dute. «Jendeak kalamuaren inguruan informazio gutxi du estigmatizatuta dagoelako, eta, ondorioz, baztertuta gelditu da», salatu du Oscar Pares ICEERS elkarteko zuzendariordeak. «Kontsumo arduratsu bat bultzatu nahi dugu, baina nola egingo dugu jendeak ez badu informaziorik arduraz kontsumitzeko?», galdetu die entzuleei Paresek.

Halere, adituek onartu dute kalamua normalizatzeko bidean urratsak egin direla. Eta hori, hein handi batean, Expogrow eta halako feriei esker lortu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.