ATZEKOZ AURRERA

Zulo okerretik sortu da traba

Komunetik behera botatako zapi hezeen pilaketa batek trabatu egin du Donostia inguruko saneamendu hodi bat. Aditu talde bat ari da garbiketan, Loiolako araztegian. (Bideoa albistearen amaieran).

Hiru langile ari dira zapi hezeen pilaketa desegiteko lanetan. A. CANELLADA / ARP.
Maite Alustiza.
Donostia
2017ko irailaren 30a
00:00
Entzun

Bistan da «munstroa ez elikatzeko» deiak ez duela behar bezain beste eragin. Zapi hezeak komuneko zulotik ez botatzeko kanpaina egina dute erakundeek, baina ez da nahikoa. Eta arazoak gainezka egin du. Donostiako Loiolako araztegian darabilten martxa ikustea besterik ez dago: hondakin urak iristen zaizkien eraikinean, hiru langile ari dira lanean. Bi orduko txandatan, 1,60 metroko diametroa duen hodi batera sartzen dira, banaka, makurtuta, ilunean, maskara eta segurtasun tresnak jantzita. «Ikusi hemen zer usain dagoen; ba, imajinatu hor behean...», esan du Joxean Erzilla Añarbeko Urak erakundeko kudeatzaileak. Zehazki, zapi hezeek trabatu duten hodi bat garbitzen ari dira duela bi astetik.

«Hemendik nahiko gertu dago». Ez da ikusten, baina «pareta horretatik bost metrora hasten da pilaketa». Eraikinaren kanpoko edukiontzietan, ordea, ikus daitezke hodi barruetako arrastoak, masa ilunak. «Horiek denak zapi hezeak dira, pilaketa honen arrazoi nagusia».

Ez da nolanahiko pilaketa: «Horrelako tamaina zuenik ez da egon orain arte». Lan nekeza dute Trasubeco enpresa espezializatuko langileek, eta, nahiko luketenaren aldean, «nahiko mantso doaz». Izan ere, hodiaren ezaugarriengatik, eskuz egin behar dira lanak. 15-20 metro aurreratu dute, 20-25 tona atera dituzte dagoeneko, baina ez dakite atzealdetik zenbat geratzen den. «Aurreratuz goazen heinean ikusiko dugu». Gutxienez beste hamar egun beharko dituztela aurreikusi dute.

Kostu bikoitza

Irailaren 10aren inguruko euriteekin ohartu ziren arazoaz. «Saneamendu sisteman, euri urak eta fekalak elkarrekin etortzen dira; hortaz, euria egiten duenean, ur biltzaileek gehiago ekartzen dute». Zehazki, Loiolan hiru biltzaileren bidez jasotzen dituzte urak, eta konturatu ziren horietako batek, Oiartzualdekoak, ur gutxiago zeramala besteen aldean —guztira hamar herritako urak iristen dira Loiolara—.

Garesti ateratzen da behar ez diren gaiak komunetik botatzea. Kalkulatu dute urtean 2.400 tona zapi heze botatzen direla —Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak, 2015ekoak—. Garbitze eta mantentze kostua milioi bat eurokoa da urteko, baina, horrez gain, «baloratzeko oso zaila den» beste kostu bat dago: ingurumenarena. Erzillak azaldu duenez, trabatuta dagoen hodia garbitu ahal izateko, desbideratu egin behar izan dituzte Oiartzualdetik iristen diren urak, eta, orain, araztu gabe doaz itsasora. «Azken 25 urteetan izugarrizko inbertsioa egin da saneamendu instalazioetan, eta egoera hauek eragiten dute orain dela 25 urtera bueltatu behar izatea. Konturatu behar dugu ohiturak aldatu behar ditugula».

Bideoa: Tapoia (Andoni Canellada, Argazki Press)

[youtube]https://youtu.be/Fb74Cqc3rMI[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.