ATZEKOZ AURRERA

Egindako lana, jendaurrera

Udaberriko abere eta artisau azoka egin dute Elizondon. Gazta izan da produkturik arrakastatsuena, eta Julen Arburua artzainak sasoiko lehenbiziko gazta moztu du.

Sasoiko lehenbiziko gazta dastatu ondoren, pintxoak eskaini dituzte. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Eslava.
Elizondo
2018ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Urtero bezala, udaberriaren etorrerarekin batera ospatu dute abere eta artisau azoka Elizondon (Nafarroa). Aharien lehiaketa izan da azokaren oinarria; aurtengoa hogeigarrena izan da. Horrez gain, sasoiko lehenbiziko gazta dastatu dute, eta artisau asko euren produktuak saltzen aritu dira. Elizondoko azoka nagusia udazkenekoa izan arren, udaberrikoak ere garrantzi handia du herrian. Oraingoan ere, jende anitz bildu da goizean goizetik Merkatuko zelaian.

«Geroz eta jende gehiago dator, eta geroz eta azienda gehiago», adierazi du Jose Mari Zelaieta Baztango Udaleko mantentze lanen arduradunak. Gehienak ingurukoak izan dira: «Baztangoak, Malerrekakoak [Nafarroa] eta Ipar Euskal Herrikoak». Azken aldietan egin duten bezala, aurten ere Merkatuko zelaian jarri dituzte animaliak eta eskulangileen postuak. «Lehen, artisauen azoka Foruen plazan jartzen genuen, baina jendea banatuta zegoenez, jende gutxi zegoela zirudien. Horregatik, dena hemen elkartzea erabaki genuen», azaldu du Zelaietak.

Han, oso giro ona egon da. Nekazariak euren ganaduen bururik onenak erakusten aritu dira:ahariak, behiak, zaldiak... Bitartean, familia anitzek animaliak ikusteko eta argazkiak egiteko parada baliatu dute, eta txistuen doinua eta zintzarri hotsak jendearen ahotsekin nahastu dira. Aurten, antolatzaileek bi eragile izan dituzte euren alde, Marian Zestau Cederna Garalurreko eskualdeko teknikariak azaldu duenez: «Eguraldi oso ona egin du eta haurrek Aste Santuko oporrak dituzte». Cederna Garalur eta Baztango Udala dira egitasmoaren antolatzaileak.

Azokan elkartu diren abeltzainen artean, jendeari bi egin zaizkio deigarri, bereziki: Arizkureneko (Nafarroa) Julene eta Laurentx Larralde anai-arrebak. Haurrak dira, baina haien pottoka eraman dute azokara, eta haurrei ibilaldiak eskaini dizkiete, pottokaren gainean, euro baten truke. Haur asko animatu dira paseoa ematera. Julene Larraldek esan duenez, «txiki-txikitatik» datoz azokara.

Artisauek abereen azokaren parean jarri dituzte euren salmahaiak. Aurten, 25 eskulangile bildu dira, horietako hamarrek tokiko elikagaiak saldu dituzte, eta gainontzekoek bestelako produktuak: apaingarriak, egurra landuz eginiko objektuak... Eguerdian, taloak izan dira produkturik arrakastatsuenak. Hamaiketakoa erostera gerturatu direnek bi motatakoak izan dituzte aukeran: gari irinaz edo arto irinaz eginikoak. Bi postuetan oso ilara luzeak egon dira.

Hala ere, azokan gailendu den jakia gazta izan da. Gaztagileak behi, ardi eta ahuntz gaztak saltzen aritu dira. Saltzaileen artean Maria Jesus Larretxea egon da, iazko azokan sasoiko lehenbiziko gazta ebaki zuen gaztagilea. Urtero etortzen dela esan du, bere produktuak saltzeko bide nagusia azokak direlako. Azaldu duenez, Elizondon azoka txiki asko egiten dituzte; eta, horrez gain, haiek zuzeneko salmenta ere egiten dute, etxean. «Jendeak gurekin harreman zuzena izatea gustuko du; galdetzen digute ea nola egiten dugun gazta, zein den gure bizimodua...», adierazi du. Aurtengo lehenbiziko gazta moztu duena, berriz, Julen Arburua artzain gaztea izan da. Kortadiko eta infernuko gaztandegiko gazta eraman du. Jende askoren begiradapean, labana hartu, gazta bitan banatu eta puska bat dastatu du: «Hau da aurtengo gasna. Freskoa dago, baina denborarekin hartuko du zaporea».

Arburua haurra zenetik aritu da artzain lanetan, etxean, baina lau urte daramatza gaztak egiten. Adierazi duenez, egiten dituen gaztak hasieran suabeak dira, baina ondoren, erabiltzen duen gatzagiaren zaporea hartzen dute. «Hori da gasna honen berezitasuna». Mozketa egiteko aukera izateagatik «pozik» azaldu da, baina unean asko urduritu dela aitortu du.

Sasoiko lehenbiziko gazta mozteko ohitura orain dela bost urte hasi zen, eta azokari bultzada emateko helburuarekin sortu zuten. «Urtero gaztagile bat aukeratzen dugu, tokikoa bertakoa, eta jarduera horretatik bizi dena edo horrekin lotura handia duena», azaldu du Cederna Garalurreko teknikariak.

Bertako produktuen dasta

Zatiketaren ostean, pintxo dasta egin dute. Kortariko eta Etxetxipiako ardi gazta, Erratzuko ahuntz gazta eta Anizko jauregiko behi gazta eman dituzte, tokiko hainbat produkturekin lagunduta: odolkia, marmelada, sagardoa, ardoa... «Elikagai guztiak Baztango Zaporeak elkartekoak dira», azaldu du Zelaietak.

Dastatzea amaitu denean, ahari muturgorri eta muturbeltzen lehiaketako txapeldunen izenak esateko unea heldu da. Aurten,bederatzi abeltzain eta 22 buru lehiatu dira. Epaileak goizean aritu dira animaliak ikusten, eta eguerdian jakinarazi dute zeintzuk izan diren irabazleak: muturgorrien sailean, Ramon Urrutia; eta muturbeltzen sailean, berriz, Miguel Angel Martorena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.