ATZEKOZ AURRERA

Badoaz, baina itzuliko dira

Mugikortasun programetan Euskal Herrira etorritako atzerriko ikasleak agurtu ditu EHUk. Euskal Herria ezagutu dutela azaldu dute ikasleek, eta hemengo kulturak bete ditu gehien.

Atzerriko ikasleek herri kirolen ikuskizunaz gozatu zuten atzo, agur ekitaldian. GORKA RUBIO / FOKU.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
Donostia
2018ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Agur esateko eguna iritsi da. Badoaz Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi duten atzerriko ikasleak. Ikasturtea amaitzear da, eta agur ekitaldia egin die EHUk. Hitzartzeak, opariak, mokadutxoa... denerako tartea izan dute, baita herri kirolak ikusi eta egitekoa ere. Maleta bete bizipen eramango dute euren herrialdeetara.

«Dagoeneko gure enbaxadore zarete», esan die Nekane Balluerka EHUko errektoreak ikasle bisitariei. Donostiako Carlos Santamaria zentroko auditoriumean elkartu ziren atzo 60 ikasle inguru. Ordea, 1.415 ikasle etorri dira aurten mugikortasun programetan. Europako herrialdeetakoak izan dira gehienak, baina etorri dira beste kontinenteetatik ere.

Erasmus Student Network ESN ikasleen elkarteak ere hartu du parte ekitaldian. Ikasle bisitarientzako aisialdi ekintzak antolatzen ditu, besteak beste. Haren lana eskertu du Balluerkak.

AEBetako Kaliforniako Estatu Unibertsitateko ikaslea da Magdalena Rodriguez. Egonaldiko esperientzia azaldu du ekitaldian: seihileko bakarra egiteko asmoz etorri zen, baina egonaldia luzatu du. Psikologia ikasten du, eta Gipuzkoako Campusean egin du egonaldia. «Euskal kulturarekin maitemindu naiz», aitortu du. Noizbait itzultzeko asmoz doa.

David Ramirezek eta Edson Garciak jarraitu diote Rodriguezi. Mexikarrak dira, arkitekturako ikasleak. Onarpen gutuna jaso zuen eguna gogoratu du Ramirezek: «Ilusioa sentitu nuen, baita beldurra ere». Bigarren aldiz egin du mugikortasun programa Garciak; Kanadan egin zuen lehenengoa: «Gainditze ariketa bat da egonaldi bakoitza, nola arlo akademikoan, hala pertsonalean ere». Unibertsitateari eskerrak emanez bukatu du diskurtsoa.

Auditoriumean hasitako festa kutsuko agurrak eraikinaren kanpoaldean jarraitu du. Zapi koadrodunak banatu dizkiete antolatzaileek ikasleei, oroigarri modura. Zapiak lepoan lotu eta eskaileretan eseri orduko hasi dira herri kirolak. Aitzol Atutxak ekin dio, aizkoran. Inhar Urruzunok hartu dio lekukoa gero, harria jasotzen. Karmele Gisasola izan da hurrengoa, harria jasotzen eta txinga eramaten. Ikasleen animo oihuek eta txaloek girotu dute plaza.

Adi-adi kasu egin die herri kirolei So Yeon Lee korearrak. Gasteizen egon da, ingeles filologia ikasten. «Ikasleak oso atseginak eta hurbilekoak dira», azaldu du. Kaleko askatasunak harritu du gehien: «Korea herrialde itxi samarra da. Hemen jende oso ezberdina ikusi dut kalean. Bakoitza den bezalakoa azaltzen da, eta hori ederra da». Ikasketak bukatutakoan Euskal Herrira itzuli nahi duela adierazi du.

Hizkuntzarekin izandako zailtasunek ez diote Euskal Herrira berriz etortzeko gogorik kendu Verena Nuchter alemaniarrari ere. Leioako eta Sarrikoko fakultateetan egin ditu ikasketak. «Asko gustatu zait Euskal Herria: mendiak, kosta, hondartzak... baita kultura eta gastronomia ere», azaldu du.

Animatzeaz gain, herri kirolak egiteko aukera ere izan dute ikasleek amaieran. Harria jasotzen, trontzan eta sokatiran aritu dira. Mokadua egin dute gero, indarrak hartzeko. Donostian galtzeko gogoz daude, horretarako baitute bazkalostea. Arratsaldean itzuliko dira autobusez, egonaldia egin duten hirira. Egun eta aste gutxi batzuk barru, berriz, euren herrialdera abiatuko dira. Formakuntza akademikoaz gain, hainbat bizipen eramango dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.