Koronabirusa

Nafarroak ohartarazi du test azkarrekin hazi eginen dela positibo kopurua

Euskal Herrian, 1.110 pertsona hil eta 15.400 kutsatu dira. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak «kautelaz» hartu dute kutsatzeen apaltzea

Donostiako ospitaleko langileak, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
2020ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Pozik, baina tentuz. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak «baikortasun neurritsuaz» hartu dituzte COVID-19 gaitzari buruzko azken datu ofizialak, positibo kopuruaren hazkundea «apaltzen» ari delakoan. Atzo, azken asteetako hazkunderik txikiena antzeman zuten positibo berrietan, baina ohartarazi zuten, langileak beharrera itzulita eta «osasuna bermatzeko neurriei eutsi ezean», egoerak okerrera egin dezakeela. Nafarroako Gobernuak, gainera, positibo kopuruen hazkundea espero du datozen egunetarako, test azkarrak ugaritzearekin batera.

Hego Euskal Herrian, 15.376 kasu diagnostikatu zituzten atzo, astelehenean baino 324 gehiago. Horietatik, 594 ZIUn daude, eta beste 5.923ri sendagiria eman diete ospitalean. Azken egunotako positibo igoerarik apalena da, Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arabera.

Datuak herrialdeka aztertuta, Bizkaian daude gaixo gehienak: 6.085 kutsatu daude lurralde horretan, bezperan baino 152 gehiago. Nafarroan, berriz, 4.150 gaixo daude (+58). 3.055 kutsatu daude Araban (+21). Kopuru txikiagoak ditu Gipuzkoak: 2.086 gaixo (+35). Ipar Euskal Herriko datuak ez daude eguneratuta, baina, gutxienez, 24 kutsatu daude Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Positibo berrietan beherazko joera nabari da larunbatetik: 481 izan ziren orduan, 409 igandean, 369 astelehenean, eta 348, atzo.

Heriotzen grafikoa, berriz, etenik gabe ari da igotzen. Atzo argitaratutako datuen arabera, koronabirusak 1.110 pertsona hil ditu Euskal Herrian. Hazkundea nabarmena da: 40 pertsona gehiago, egun bakarrean. Nafarroakoa da kasurik nabarmenena, 24 orduan hamar pertsona hil baitziren COVID-19ak jota.

Atzoko agerraldian, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak adierazi zuen datuok «hobekuntza bat» erakusten dutela, baina balorazioak tentu handiz egiteko beharra azpimarratu zuen. Izan ere, ezin liteke baztertu kutsatzeen goraldi bat izatea: «Badira itxaropenerako hainbat motibo, euskal gizartearen jokabide eredugarriari esker, baina honako hau ez da arreta malgutzeko garaia. Neurriei eutsi behar diegu, eta Osakidetzak prest egon behar du, etor litezkeen positibo berriei erantzuteko».

Datuen analisi positiboa egin zuen Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurainek ere. Hala ere, Indurainek gaineratu zuen «ezinbestekoa» izanen dela datozen egunetan ere prebentzio neurriei eustea. Azaldu zuenez, 555 test azkar egin dituzte egunotan; batez ere, zahar etxe eta lehen arreta zerbitzuetan. Detekzioa zorrozteak, ordea, positibo berrien gorakada eragin dezake: «Epidemia murrizten ari da, baina talde zaurgarriei proba gehiago egiteak ekarriko du estatistikak ere aldatuko direla».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.