Belloubetek txalotu egin du G7an Justiziak egindako «lan bikaina»

Baionako auzitegian izan da Nicole Belloubet Frantziako Justizia ministroa, G7koen goi bileraren garaian lan egin dutenak eskertzeko

Nicole Belloubet Frantziako Justizia ministroa, atzo. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko irailaren 6a
00:00
Entzun
«Lan bikaina», «irudi zoragarria», «kohesio handia», «edozein egoeratan ihardesteko gaitasuna»... Loreak ez ziren falta izan atzo arratsaldean Nicole Belloubet Frantziako Justizia ministroak Baionako auzitegira egin zuen bisitan. G7koen goi bileran Justizia arloan lanean aritu diren langileei eskerrak ematera eta zoriontzera etorri zen ministroa, eta gustura hartu zuten guziek. Azpimarratu zuten goi bileraren harira prestatutako dispositiboak «funtzionatu» duela, eta zerbitzu ezberdinen arteko elkarlana «eraginkorra» izan dela. «Gure herrian, justizia manera baikorrean emana da». G7az harago, Baionako auzitegiak egunerokoan egiten duen lana ere txalotu nahi izan zuen.

Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak egin zion harrera Belloubet ministroari, eta haren laguntzarekin ibili zen bulegoz bulego, langileen bizipenak entzun eta bakoitzak izan duen funtzioa ezagutzeko. Bisitan parte hartu zuten Florence Lasserre Pirinio Atlantikoetako Errepublika Martxan-eko diputatuak ere, eta Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak.

Etxegaraik gogotsu eskertu zuen ministroaren etorrera, 1968an abokatu gisa zin egin zuenetik —bere oroitzapenez— Baionako auzitegira etortzen den lehen Justizia ministroa dela azpimarratuta. G7koen goi bilera «arrakasta diplomatikoa» izan dela nabarmendu zuen, eta estatuko zerbitzuek lurraldearen eskura eman dituzten baliabideak eskertu: «Beharrezko baliabideak ziren, eskatu genituen baliabideak; besteak beste polizia eta jendarme kopuruan, 2000. urteko Europako goi bileran ezagutu genuena berriz gerta ez zedin». Euskal Herrian abian den «bake prozesua» eta G7koen goi bileraren kontrako plataformek kontragailurraren antolaketan izan duten jarrera ere nabarmendu zituen «lorpen» hori esplikatzeko.

«Harro» agertu zen Vuelta Simon prokuradorea ere. Langile eta zerbitzuen arteko elkarlanak dispositibo «sendotu» bat plantan ezartzea ahalbidetu diela adierazi zuen. Bilan orokorra ere goraipatu zuen: 119 atxiloaldi, 50 bat auziperatze, bi berehalako epaiketa... «Guretzat bilan satisfagarria da. Manifestazio baketsuak egin ahal izan dira, eta gainerakoak deuseztuak izan dira». Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak egindako «koordinazio lana» ere goraipatu zuen. Heldu den astelehenetik aitzina hasiko dira goi bilera garaian atxilotutakoen epaiketak, Akizen (Landak) eta Baionan.

Eskumen osoko auzitegia

Teddy Vermotte Baionako abokatuen elkarteko burua ere Belloubeten bisitan egon zen. Goi bileraren garaian, 70 abokatuko taldea prestatu zuten atxilotuen asistentzia juridikoa bermatzeko. Halaber, hitz gogorrak izan zituen defentsa kolektiboa antolatu duen Legal Team taldearen inguruko abokatuen kontra, mugimendu militanteak bildutako diruarekin bizi diren «usurpatzaileak» direla erranez. Bakoitzak bere rola atxikiz, prokuradore eta epaileekin izandako elkarlana goraipatu zuen. Kritika bakarrera ausartu zen: abokatuak beldur dira Baionako auzitegiak eskumenak galduko ote dituen justizia erreformarekin. «G7a kudeatzeko gai izan bagara, eskumen osoko auzitegia garelako da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.