'De Miguel auzian' dirua «bidegabeki» erabili zela uste du Eusko Jaurlaritzak

Bat egin du fiskalaren tesiekin, eta akusatuei dirua bueltatzeko eskatu die. Gurutz Larrañaga sailburuorde ohia akusaziotik kanpo utzi du

Josu Izagirre fiskala, epaitegirako bidean, atzo, Gasteizen. DAVID AGUILAR / EFE.
gotzon hermosilla
2018ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Behin betiko ondorio eta zigor eskaerak aurkeztu dituzte egunotan De Miguel auzian akusazioa osatzen dutenek. Fiskalaren txanda amaituta, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren abokatuek ere aurkeztu dituzte euren txostenak, eta, ñabardurak ñabardura, denek ikusi dituzte delitu zantzuak. Jaurlaritzaren abokatuak, esaterako, uste du «frogatuta» dagoela dirua «bidegabeki» erabili zela, hori esan beharra «tristuraz» hartu duela aitortu badu ere.

Jaurlaritzaren abokatu Javier Otaolak esan du lehenengo aldiz akusatu behar izan duela Jaurlaritzaren beraren zuzendari bat—Xabier Sanchez Robles Gazteria arloko zuzendaria izan zen— eta horrek «triste» jartzen zuela, baina frogatutzat jo du akusatuek «adiskidetasun sare bat» osatu zutela, «arlo politikoan zuten elkarren ezagutzan oinarritua», eta harreman horiek daudela delitua gauzatzeko dinamikaren atzean».

Otaolak bat egin du fiskalak adierazitakoarekin, baina Jaurlaritza eragile zibil gisa dagoenez epaiketa honetan, ez dagokio espetxe zigorrak eskatzea, eta, hortaz, akusatuek euren jarduerekin ustez eragindako kaltearen kopurua ordaintzeko baino ez du eskatu.

Orotara, 146.230 euro ordaintzeko eskatu die Sanchez Roblesi, Alfredo de Migueli, Koldo Otxandianori, Iñaki San Juani, Josu Montesi eta Aitor Telleriari. Kalte-ordainaren kopurua jaitsi du Otaolak behin betiko eskaeran, lehen 80.000 euro gehiago eskatzen baitzuen.

Gainera, Jaurlaritzako Kultura sailburuorde izandako Gurutz Larrañaga akusazio horretatik kanpo utzi du Otaolak behin betiko ondorioetan. Hasieran hura ere akusatu zuen arren, orain Otaolak pentsatzen du Larrañaga «uste onaren iruzurraren biktima» izan zela.

Horretan ez dator bat fiskalaren tesiarekin. Izan ere, fiskalak errudun jotzen du Larrañaga, «prebarikazio jarraitua» egin izana leporatzen dio, eta hamar urteko inhabilitazioa eskatzen du harentzat.

Bizkaiko Foru Aldundia ere akusazio partikularretako bat da, eta haren abokatu Guillermo Onaindiak ere aurkeztu ditu behin betiko ondorioak: urtebeteko kartzela zigorra Josu Arruti Letemendia enpresaburuarentzat, eta hiru hilabetekoa haren aita Josu Arruti Odriozolarentzat.

Behin betiko ondorioetan, Onaindiak jaitsi egin du bi akusatuentzat eskatzen zuen zigorra, Arruti Odriozolarentzat lau urteko zigorra eskatzen baitzuen, eta bi urtekoa Arruti Letemendiarentzat.

Bi-biek aitortu dute Zanbranan (Araba) eraiki nahi zuten industrialdearen aferan legez kanpoko komisioak ordaintzen zirela, errua onartu dute eta dirua itzuli dute. Bi akusatu horiek eta beste zazpik fiskaltzarekin negoziatu dute, delituak aitortzearen truke fiskaltzak zigor eskaerak jaisteko.

«Aitabitxia»

Aurreko egunetan fiskalak aurkeztu zituen behin betiko ondorioak, eta oso gogor jokatu zuen zenbait akusaturen kontra. Arabako fiskal nagusi Josu Izagirrek esan zuen akusatuek «ustelkeriarekin zerikusia zuen sare bat» osatu zutela, eta sare horretanAfredo de Miguel «aitabitxia» zela, eta Otxandiano, berriz, «buru ekonomikoa».

Arabako Foru Aldundiarentzat ere hitz gogorrak izan zituen Izagirrek; haren ustez, auzian nahasitako enpresen jarduera «susmagarria» zen, eta aldundiak erraz asko erabaki zezakeen horiek ikertzea, horrelakorik egin ez zuen arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.