ETAren «porrota» irudikatu dute Madrilen, 1.377 arma zapalduta

Espainiako Gobernuko, Jaurlaritzako eta Espainiako zein Hego Euskal Herriko polizietako ordezkariek hartu dute parte ekitaldi «sinbolikoan»

ETAren armak suntsitzeko ekitaldia, atzo, Valdemoron. CHEMA MOYA / EFE.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Dozenaka kameraren aitzinean armak hedatu eta zapaldu, ETAren «porrota» irudikatzeko. Horixe egin zuten atzo Valdemoroko (Madril) guardia zibil gazteen eskolan antolaturiko ekitaldian. Espainiako Gobernuko, Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako zein Hego Euskal Herriko Polizien ordezkaritza baten aitzinean suntsitu zituzten ETAren eta GRAPOren 1.377 arma, «sinbolikoki». Zapalgailu batekin xehatuta eta fundizio batera eramanda irudikatu zuten armen deuseztapena, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren hitzez lagunduta: «Armak entregatzen dituenak porrota onartzen du, eta ekitaldi honek horixe erakusten du».

Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Gasteizko Zentroak antolatuta egin zuten ekitaldia, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan ETAri eta GRAPOri kenduriko armak erabilita. Zehaztu zutenez, ETArenak ziren %90: bertzeak bertze, 697 pistola, 172 errebolber, 274 subfusil, eta hainbat fusil, errifle eta eskopeta. Ekitaldia hasterako lurrean hedatuta zeuden armak, oihal zuri batez estalita, eta Espainiako hainbat poliziak, guardia zibilek, foruzainek, ertzainek eta mossok kendu zieten estalkia, eta ondotik zapalgailua gainetik pasatu. Sanchezek nabarmendu zuen armak publikoki suntsitzeak «indartu» egiten duela ETAren «porrota», eta «duintasuna» ematen diela haren biktimei.

Espainiako Gobernuko ministro ugarik parte hartu zuten atzoko ekitaldian: han izan ziren, bertzeak bertze, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa eta Margarita Robles Defentsakoa. Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde Idoia Mendiak ere parte hartu zuen, baita Espainiako fiskal nagusi Dolores Delgadok; Espainiako Auzitegi Nazionaleko presidenteak eta fiskalburuak; eta hainbat Poliziatako ordezkariek ere, hala nola Josep Lluis Trapero mossoen buruak.

Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Gasteizko Zentroko zuzendari Florencio Dominguezek ere hartu zuen hitza ekitaldian. Haren ustez ere, «erakunde terroristen porrota» erakusten du armak suntsitzeak, baina harago jo zuen atzo: «Terrorismoari sozialki zilegitasuna kentzeko obligazio morala dugu orain».

PP eta Covite, aurka

Euskal Herriko eskuineko eragile espaiñolistek ez zuten ongi hartu ekitaldia. Carlos Iturgaiz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko buruak, erraterako, salatu zuen «plantak egiteko» zela, eta gobernuak ekitaldiarekin «biktimak umiliatzen» dituela adierazi zuen: «Sanchezen gobernu sozial-komunistak ETAren burdinazko munizioak suntsitzen ditu, eta, aldi berean, munizio politikoa ematen dio ETAren inguruneari, ETAren aldeko Bildukoekin espetxe politika hitzartuta eta haien siglak zurituta».

Covite eta Dignidad y Justicia biktimen elkarteek ere gaitzetsi egin zuten ekitaldia, «propaganda» ekintzatzat hartu baitute. Covite elkarteak salatu du oraindik argitu gabe daudela «ETAk egindako krimenen erdiak baino gehiago», eta, beraz, gobernuak ETAren biktimei «huts egin» diela «egiarako eta justiziarako eskubidea» lortzeko bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.