Konfinamendua apirilaren 15era arte luzatuko dute Ipar Euskal Herrian

Gehiago luza lezakete, «osasun egoerak behartuko balu». Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak esan du gaitzak ez duela «goia jo»

Baionako kaleak hutsik, konfinamendu egun batean. GUILLAUME FAUVEAU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herrian apirilaren 15era arte luzatu dute konfinamendua. Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak eman du berria, ministroen kontseiluaren ondoren. Haren hitzetan, gehiago luzatu liteke, «osasun egoerak hala behartuko balu». Gainera, ohartarazi du konfinamendua ezarri zuten egun beretik gobernuak esan duela mugimendu murrizketek «beharrezkoa den denbora» iraungo duela.

Philipperen hitzetan, koronabirusak oraindik ez du goia jo, nahiz eta dagoeneko Frantzian 1.696 hildako eta 29.155 kutsatu dauden. Azaldu du konfinamendua luzatuta epidemia gehiago ez hedatzea dela helburua, ospitaleek ahal duten heinean gaixo larrienak hartzen jarraitzeko aukera izan dezaten.

Martxoaren 17an ezarri zuten bi asterako konfinamendua, etaneurriek bere horretan jarraituko dute. Egun, Ipar Euskal Herriko herritarrek baimenduta daukate etxetik ateratzea beharrezkoak diren produktuak erosteko, ariketa fisikoa egiteko betiere etxetik gertu, menpekotasuna duten pertsonei laguntzeko eta lanera joateko telelana egitea posible ez denean. Kasu guztietan, arrazoia zehazten duen dokumentu bat eraman behar izaten dute gainean.

Hori bete ezean, zigorra jaso lezakete. Hain zuzen, 135 euroko isunak jartzen dituzte, baina hamabost egunen buruan berriro arauak hautsiz gero, 1.500 eurora irits daitezke, eta, 30 egunean hiru aldiz eginez gero, 3.750 euruoko isuna eta sei hilabeteko kartzela zigorra jaso ditzakete.

Kutsatuak ugarituz doaz

Ugaritzen jarraitzen dute koronabirusarekin kutsatutakoek eta hildakoek. 6.263 euskal herritarrek eman dute positibo atzo arte egindako probetan —ostegunean baino 889 gehiago—. Bizkaian daude diagnostikatutako gaixo gehienak (2.186), hau da, bezperan baino 336 gehiago. Atzetik daude Nafarroa, 1.641 positiborekin, Araba, 1.610ekin eta Gipuzkoa, 805ekin. Iparraldeari dagokionez, ezin da zehazki jakin zenbat gaixo dauden, Frantziako osasunaren agentziak ez dituelako datuak herrialdeka bereizten. Hala ere, gutxienez 21 kasu daude Baionako ospitalean, Lapurdin. Zuberoko gaixoak, berriz, Paueko (Okzitania) ospitalera eramaten dituzte. Han dago bat, eta beste bat han hil zen, martxoaren 20an. Orotara, 266 dira hildakoak, ostegunean baino 36 gehiago.

Esperantzarako datu bat ere badago, ordea: COVID-19 gaitza izandako 775 pertsona sendatu dira, hau da, ostegunean baino 119 gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.