LABek protesta ikusgarria egin du Donostian, prekaritatearen aurka

Sindikatuak Askatasunaren hiribidea trabatu du, salatzeko «onartezina» dela krisia «emakumeen baldintzen eta lanpostuen kontura gainditzea»

Bi ekintzaile autobus batera igota, Donostiako Askatasunaren hiribidean. LAB.
xabier martin
2021eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
«Sektore feminizatuetako langileek bizi duten prekaritatea eta enplegu galeraren aurka borrokatzeko» LABek abiatu duen ekintza sortaren barruan, beste protesta bat egin zuen atzo, Donostiako erdigunean. Ekintza ikusgarria izan zen, zenbait pertsona autobus baten gainera igo baitziren sindikatuaren erreibindikazioak erakusteko.

«Sektore feminizatuetako langileen lana aitortzeko, duintzeko eta babesteko» eskatu zuen sindikatuak astelehenean Bilbon, Deustuko zubian. Bada, atzo, Donostiako Askatasunaren hiribidea blokeatu zuten, autobus artikulatu batera igota. «Inor ez dagoela soberan aldarrikatu dugu, sektore feminizatuetako langileek bizi duten prekaritatea eta enplegu galera salatzeaz gain. Emakume langileok kalera atera gara, eta egunerokoa eten nahi izan dugu gaurko ekintzarekin».

Sindikatuak dio «emakumeen lan baldintza prekarioen arduradun nagusiak seinalatzeko» egin duela ekintza, eta instituzioei eta patronalei mezu bat helarazi diotela: «Langabezia izugarria da, eta, hemendik aurrerako joeran, kopurua biderkatzeko arrisku handia dago. Krisia ezin da gure lan baldintzen eta lanpostuen kontura gainditu. Eta ezin du isilpean gelditu».

Emakumeak «isilarazi eta ikusezin» bilakatu nahi dituzten erabakiekin «nazkatuta» dagoenez, LABek kanpaina bat jarri du abian sektore feminizatuetan gertatzen ari diren kaleratzeak salatu eta langileen prekaritatea azaleratzeko. Bilbon eta Donostian egindako lehen bi protestek segida izango dute, luze gabe, beste hiri batzuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.